
Uztaileko joerari eutsi dio inflazioak abuztuan: hiru hamarren egin du gora, %2,6an kokatzeraino, INEk gaur iragarritako datu aurreratuaren arabera. Hazkundearen arrazoi nagusia, Espainiako estatistika institutuak azaldu duenez, erregaien prezioen igoera izan da, 2022ko abuztuko beherakadaren ostean.
Martxotik ekainera behera egin bazuen ere, uztailean berriro hazi zen inflazioa: ekainean %1,9an kokatzetik, uztailean %2,3an kokatzeraino. Azpiko inflazioari dagokionez, hamarren bat egin du behera hilabete honetan, %6,1eraino. Hala ere, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa izaten jarraitzen du. Behin betiko datuak izateko irailaren 12ra arte itxaron beharko da.
Euroguneko behin-behineko datua oraindik iragarri ez bada ere, inflazioak, batez ere azpikoak, espero baino luzeago eutsi dio altu. Galdera ez da harrezkero, adituek diotenez, banku zentralek zenbat igoko dituzten interes-tasak, baizik eta noiz arte mantenduko diren altu. Irailean bilera du EBZk eta ikusteko dago igoerari arnas eman, edo goranzko joerari helduko dion beste behin. Joan den astean banku zentralen sinposioa izan bazen ere, baina Cristine Lagarde presidenteak ez zuen erabakiaren pistarik eman. Hala ere, pandemia eta gerrak "joko-arauak" aldatu dituela argi azpimarratu zuen, eta horretarako "eskulibururik" ez dagoela nabarmendu ere.
Alabaina, bai Lagardek, bai Jerome Powell Erreserba Federaleko buruak bat egin zuten: helburua da prezioen egonkortasuna lortzea, inflazioa %2an egonkortuta, eta ez %3an, zenbait ahotsek eskatu bezala. Momentuz Espainiako inflazioak zifra horren bueltan jarraitzen badu ere, urrundu egin da azkeneko bi hilabeteetan.