Joseba Madariaga: "Manufakturak hobera egingo du ala zerbitzuek egingo dute atzera. Hori da gakoa"

Industrian bizitzen ari denari "buelta emateko" gaitasuna azpimarratu du Laboral Kutxako Ikerketa departamentuko arduradunak, egoera ekonomiko "konplikatua" bada ere

Joseba Madariaga | Argazkia: Laboral Kutxa Joseba Madariaga | Argazkia: Laboral Kutxa

Bi aste igaro dira Laboral Kutxak Euskal Ekonomiaren Txostena aurkeztu zuenetik 2022ko emaitzekin eta 2023ko aurreikuspenekin. Bertan, 2023an EAEko BPGa 1,7an kokatzea espero zutela nabarmendu zuten, eta Nafarroakoa 1,5n kokatzea. Enplegu datu onen eta zerbitzu indartsuen testuinguruan, duela urtebete hasitako interes-tasen igoera BPGan nabaritzen has daitekeela nabarmendu zuen Joseba Madariaga Ikerketa departamenduko arduradunak, baita azpiko inflazioarekiko kezka ere. Datuen eta esandako horren atzean dagoena interpretatzeko, Madariagarekin bildu da EnpresaBIDEA, datozen hilabeteetan etor litekeena aletzeko asmoz.

2023ko EAEko BPGa 1,7an kokatzea espero duzue azken berrikuspenean, eta Nafarroakoa 1,5ean. Ekonomia espero baino hobeto doan seinale?

Printzipioz esango nuke espero ez zen tendentzia aldaketa izan dela joan den urte bukaeran. 2022ko amaierarako ekonomia nolabait moteltzea espero genuen. Zer gertatu zen? Nire ustez bi gertakizun esanguratsu izan ziren bultzada horren atzetik, martxoa-apirila bitarte iraun dutenak. Batetik, lehengaien prezioak —energia eta petrolioa— beheraka egin izana. Bestetik, abenduan izandako COVID-19 olatu berriaren harira, Txinak zabaltzea hautatu izana, ordura arteko politika aldatuz. Horrek aurreikuspenak hobetzera eraman gaitu. Orain beste fase batean sartu gara, non nolabaiteko desazelerazioa espero dugun.

Aurreikuspen “zuhurrak” egin dituzuela nabarmendu zenuen aurkezpenean. Testuinguruaren ziurgabetasunagatik izan da hori?

Zuhurrak dira duela urte batzuetatik hona —COVID-19 garaitik bereziki— geure burua nolabait derrigortuta ikusi dugulako arreta ez ipintzera soilik ereduak esaten duen horretan. Ereduak dioenari zure irizpidea sartu behar diozu. Normalean, hazkunde-ereduek zifra tarte bat ematen dizute. Inertzia normal batean murgilduta bagaude, erdibideko balioa eman ohi da esperotako hazkunde tasa gisa. Une honetan, bizi dugun momentuarekiko koherenteak diren zifrak hartzen ditugu. Datu zertxobait altuagoak eman genitzakeela? Bai, segur aski. Erkidego mailan ez daude iritzigile asko, baina Espainian zuhurrenetarikoak gara.

Europan egoera ez da hain baikorra, eta kezka nagusienetako bat Alemaniatik dator. Atzeraldi teknikoan sartu da, %0,2ko beherakadarekin. Esportazioetarako merkatu garrantzitsua da. Egoerak kutsatzeko arriskurik ez dago?

Argi dago nabarituko dugula. Europan BPGaren hazkunde txiki bat espero dugu, baina Alemania okerrago dago beherakadak bereziki nabariak baitira, %0,5 eta %0,3 erori da. Europan %0,1 eta %0,1az ari gara, eta Frantzian %0,1 eta %0,2. Horrek eragina izango du kanpo harremanen bitartez, baita industriaren ahultasunean ere. Izan ere, ikus dezakegu manufaktura sektorea argi eta garbi uzkurtze fasean dagoela. Geuk ulertzen dugu zerbitzu sektorea dela indartsu dagoena, eta bultzada emango digula, gutxienez, uda ostera arte. Hala ere, aipatzekoa da zerbitzu sektorea zabaltze fase baten izanda ere, azkeneko hilabeteetan desazelerazio puntu batean dagoela.

"Martxoan ondasun eta zerbitzuen %1,5 gehiago kontsumitzen ari ginen, baina duela urtebete baino %6,5 gehiago ordaintzen"

Zerbitzuen uzkurtze txiki hori zeren ondorioz gertatu den aztertu duzue?

Ezin daiteke esan uzkurtzea denik, zabaltze fase argi baten baitago. Frantzian, adibidez, uzkurtze une batean daude zerbitzuak, izaten ari diren protesta guztiak direla eta. Hori kenduta, 50 puntuko balioen gainetik daude argi eta garbi PMIan. BPGaren hazkundeari loturiko zifrak dira, argi eta garbi. Desazelerazioa zergatik? Interes-tasen igoeraren testuinguru batean, normala da jarduera geldotzea, hori baita azken batean EBZk bilatzen duena.

Ohitura dugu industriak duen indarrean fokua jartzeko, baina, aldiz, oraingoan badirudi zerbitzuei esker goazela ondo. Diskurtsoa aldatzen ari gara?

Sektore industriala mundu mailako zikloarekiko menpekoagoa da beti. Ez nioke indarrik kenduko. Noski, zerbitzu sektorea da esanguratsuena enpleguei dagokienez, baina industriak garrantzia handia du, ekoizpen handiagoa duelako, eta hori aldi berean bizitza-mailarekin eta soldata-mailarekin lotuta baitago. Orain bizitzen ari garenari buelta emango diogu, baina egoera ekonomikoki konplikatua da.

Txostena aurkeztean industriaren ahultasunaren atzetik dagoena interpretatzeko zailtasunez hitz egin zenuen. Zerikusia du sektore dinamikoagoa izatearekin?

Manufakturaren eta zerbitzuen PMIak hartzen badituzu, sekulako aldea ikusten duzu. Baina zergatik dago hain ahul manufaktura testuinguruko zenbait elementu hobetu egin badira? Esaterako, energiaren prezioa zuzendu da, beraz, lehengaien prezioak merkeagoak dira industriarentzat, eta horrek ona beharko luke. Beste kasu bat: aldagaietako batek entrega denborak neurtzen ditu, eta murrizten ari dira. Horrek erakusten du hornidura-kateei loturiko arazo esanguratsurik ez dagoela edo, behintzat, konpontzen ari direla. Hori nola bateratzen dut ikusten ari garen uzkurdura mailarekin? Ulertzeko zaila da. Zerbitzu sektorea ondo joatea ulerkorragoa da: lan-merkatu indartsua eta enplegua maximoetan, langabezia tasa baxuekin. Zergatik halako aldea bataren eta bestearen artean? Hori da interpretatzeko zailena. Eta argi dago momenturen baten bien arteko tartea murriztu egingo dela: manufakturak hobera egingo du ala zerbitzuek egingo dute atzera. Hori da gakoa niretzat.

"Manufakturaren eta zerbitzuen PMIak hartzen badituzu, sekulako aldea ikusten duzu. Baina zergatik dago hain ahul manufaktura testuinguruko zenbait elementu hobetu egin badira? Ulertzeko zaila da"

Inflazioa behera doa, baina azpiko inflazioa hor mantentzen da, eta kezka dago. Zergatik da zailagoa hura %5etik %2ra jaistea?

Ohiko inflazioan ikusten duzu igoera baten ostean jaitsiera bat izan dela. Zergatik? Energiaren prezioen beherakadagatik. Azpiko inflazioari erreparatuta, igotzen joan da, eta AEBn ia-ia maila berean dago 2022ko urtarriletik. Argi dago uneren baten jaitsiko dela, baina oso tematsua da. Azken baten, lan-merkatu indartsua duzu, baita zerbitzu sektorea ere. Zer egiten ari dira eragile ekonomikoak? Inflazioa elkarri pasa, Cristine Lagardek argi eta garbi esan zuen bezala. Batek prezioak igotzen baditu, negozio horren bezero dena saiatuko da hurrengoari pasatzen. Lan-merkatuak, indartsu dagoen bitartean, eutsi egingo dio. Beste kontu bat da ea EBZ horrekin modu errazean hausteko gai izango den, eta uste dut ez dela hala izango. Denbora eskatzen du, eta pentsatzen duguna baino gehiago kostatuko zaigu.

Interes-tasen bi igoera espero dira.

Denok espero dugu beste bi igoera egitea, uztailan eta irailean, egonkortasuna mantendu eta datorren urte amaieran jaisten hasteko. Horrek esan nahiko luke nolabait argi ikusten ari direla inflazio orokorra %2ko zifra horretara iritsiko dela 2025ean, azpiko inflazioa modu esanguratsuan jaisten ari dela eta hartutako neurriak eraginkorrak izaten ari direla. Baina zuhurra naiz honekin ere. Ez dut hain erraz ikusten.

Inflazio aurreikuspenak gora egin dutelako?

Hori da. Hainbat gauza gertatu dira: 2025era begirako inflazio orokorraren datua %2,1etik %2,2ra igo dute; eta, batez ere, asko igo dute azpiko inflazioaren aurreikuspena, bai 2023rako, bai 2024 eta 2025erako. 2023koa, zehazki, izugarri: %4,6koa izatetik %5,1ekoa izatera igaro da.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, Bilboko agerraldian | Argazkia: Laboral Kutxa
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, Bilboko agerraldian | Argazkia: Laboral Kutxa

Inflazioaren beherakada espero baino geldoagoa izaten ari dela aitortu zuen Lagardek. Hala ere, zure irakurketatik, oro har EBZ pauso suabeak ematen ari da. Aurreko krisialdian gertatutakoa ekidin nahian dabiltzala uste duzu?

Esango nuke edozein banku zentral derrigortuta dagoela pauso "xuabeak" ematera oro har. Ekonomia zientzia soziala da. Zuk badakizu zer egin behar duzun eta nora iritsi nahi duzun, gutxi gorabehera helburua non dagoen. Baina ez zehazki non den. Ikusi gabe egiten diozu tiro. Mugimendu zuhurrak egin behar dituzu, eta ikusi zein efektu duten mugimendu horiek segida ekonomikoetan. Horregatik ari dira, bai Fed, bai EBZ, oso modu zuhurrean. Beste modu batera egin lezakete, era gordinagoan eta atzeraldi bortitza sortuz. Hori, egun bizi dugun testuinguru politiko sozialean oso txarra litzateke. Horregatik, euren betebeharra da pixkanaka egitea. Esan bezala, egiten dituzten mugimenduen efektuak ezagutzen dituzte, baina ez dute xedea ikusten tiro egiterakoan.

Era berean, ez nuke oraingo egoera aurreko krisialdikoarekin erkatuko. Oso bestelakoa da. Garai hartan, maila makroekonomikoan desoreka handiak zeuden, zeharo zorpetutako sektore pribatu batekin. Zorpetze horrengatik, denak eztanda egin zuenean, benetako arazoa sortu zen. Orain, Espainian, behintzat, Europako gainontzeko estatuekin erkatuta —ez dago erkidegoko daturik—, zorpetzea zentzuzkoa da, nahiz eta, noski, interes-tasen igoerak min egiten duen. Eta aurrezki poltsa ere baduzu: 300.000 milioi euroko aurrezki poltsa sortu da hiru urteko epean. Aurreko bost urteko aurrezkia gehitzen baduzu, 240.000 milioi eurokoaz ari gara gutxi gora behera. Aurrezki hori, beraz, hor dago.

Familien edo enpresen aurrezkiaz ari zara?

Aurrezki orokorraz, kontsumoari eta eskuragarri dagoen errentari loturikoa. Normalean biak eskutik joaten dira: errentak gora egiten duenean jendeak gehiago kontsumitzen du, nahiz eta ez den guztiz horrela, espektatibek ere eragiten baitute. Pandemia garaian, baina, ezin zenez kontsumitu, bien arteko aldea handitu egin zen, errentak behera egin bazuen ere, kontsumoa are gehiago erori zelako. Dagoen aldea apurka murrizten joango da, baina oraindik horrela dago. Euskarri elementua da, lan enplegua bezala. Horregatik ez nuke konparatuko aurreko krisialdiarekin.

Zein puntura arte galdu dute familiek erosahalmena?

Martxoan ondasun eta zerbitzuen %1,5 gehiago kontsumitzen ari ginen, baina duela urtebete baino %6,5 gehiago ordaintzen. Beste adibide bat jartzearren: 2022ko hirugarren hiruhilekoa 2019ko hiruhileko berarekin erkatuz gero ikus dezakegu %2,7 ondasun eta zerbitzu gutxiago erosi genituela. Aldiz, gutxiago erosita ere, %7,2 gehiago gastatu genuen. Bestela esanda, kontsumo-prezioak —ez KPIa— %10,2 hazi ziren. Horrekin batera, badakigu interes-tasen igoera familientzat txarra dela besteak beste etxebizitza-maileguetan duen inpaktuagatik.

"Esango nuke edozein banku zentral derrigortuta dagoela pauso suabeak ematera oro har. [...] Egiten dituzten mugimenduen efektuak ezagutzen dituzte, baina ez dute xedea ikusten tiro egiterakoan"

Eta nola daude familien espektatibak?

Negatiboan, kontsumitzaileen konfiantza indizeari erreparatuta. Egia da azkenekoetan ikus daitekeela negatiboa izaten jarraitzen badu ere, geroz eta positiboagoa dela. Hobekuntza txiki hori dator familiek uste dutelako etxeen etorkizuneko egoerak hobera egingo duela, eta lurraldearen egoeran hobekuntza espero delako. Baina inor ez da pentsatzen ari autoa erostea, eta orain ere etxeko egoera negatiboan dago.

Aldiz, alderdi onak dira lehen aipatutako aurrezki-poltsa eta lan-merkatuaren egoera ona. Euskarri horiek izan bitartean, eutsiko dio.

Inflazioaren itzala luzerako iritsi izanak EBZren "etorkizuneko mugimendu gehigarriak" ekar ditzakeela esan zenuen. Interes-tasen igoera luzatzeaz ari zinen ala bestelako mugimenduez?

Interes-tasak gehiago igotzeaz. Moneta politikaren beste arazo bat honakoa da: atzerapen bat izaten da neurria ezartzen denetik neurriak benetan eragina izan arte. Urtebete inguruko epean ikusten dira eraginok, nahiz eta zenbateko denbora hori aldatu daitekeen zenbaitetan. Ikusiko balute ez dutela lortu azpiko inflazio hori kontrolatzea, irailaz haragoko igoerak izan daitezke. Horrek familietan eragina izango luke, batez ere ondasun iraunkorren kontsumoan, jendeak ez duelako autoa erosiko, adibidez.

Enpresei dagokienez, esan dudan bezala, zorpetzean 2008an baino egoera hobean gaude. Baina interes-tasen igoerak jarraitzen badu, euren jarduerarekin jarraitzeko zorpetzeko beharra duten enpresek gehiago sufrituko dute. Egia da ekonomiako enpresa guztiek ez dutela modu berean sufritzen interes-tasen igoeragatik. Eta hor oso eztabaida interesgarria sortzen da: zerbitzuen sektorea hoztu nahi badugu azpiko inflazioa kontrolatzeko, interes-tasen igoerak benetan zerbitzu sektoreko enpresa guztiei eragingo die? Ez dut erantzunik, baina segur aski ez sektoreko jarduera guztiei. Horregatik, ez da batere erraza ekonomia hoztea.

Beraz, zerbitzu sektorea indartsu egoteak eragiten du azpiko inflazioa ez jaistea.

Hala da. Gainera, kontuan izan behar dugu, modu agregatuan hartuta, ekonomia hozteak esan nahi duela lan-merkatua apur bat 'hondatzea'. Hori hala da, nahiz eta inork ez duen horrela esaten. Eskaera hoztu nahi baduzu, ekoizpenak behera egingo du eta lan-merkatuan eragingo du horrek. Lan-merkatu horrek okerrera egiten badu, langileen negoziatzeko boterea txikiagoa da, eta horrek eramaten du soldata igoerak ez izatea hain garrantzitsuak. Dinamika horretan gaude, baina momentuz ez du zirkulua apurtu.

"Lan-merkatu horrek okerrera egiten badu, langileen negoziatzeko boterea txikiagoa da, eta horrek eramaten du soldata igoerak ez izatea hain garrantzitsuak. Dinamika horretan gaude, baina momentuz ez du zirkulua apurtu"

Interes-tasen igoeraren eragina urtebetera ikusten hasten bada, BPGan eragina ikusiko dugu aurtengo hirugarren hiruhilekotik aurrera, hain zuzen, interes tasen igoerarekin hasi eta urtebetera?

Hori da. Orain arte zer ikusi dugu? Ez gehiegi. Esan nahi dut, Europan bai, non krisi energetikoak sekulako eragina izan duen. Espainiaren kasuan, arazo energetikoa ez da Alemanian dagoena bezalakoa. Edozein kasutan, normalean EBZk neurriak hartzen dituenean, denbora bat hartzen du ikusteko zein eragin duten neurri horiek. Politika monetarioaren atzerapenak, hain zuzen, aipatutako kokteleran beste elementu bat gehitzen du.

Next Generation funtsek honetan guztian duten garrantzia nabarmendu zenuen. Aldiz, enpresak kexatzen ari dira ez direlako iristen. Kudeatzeko gai izaten ari gara?

Ni arlo burokratikoan galdu egiten naiz. Enpresek bai esaten dute arazo burokratikoa dagoela, erraza ez dena. Eta noski ez dela. Azkenean proiektu bat aurkezteak xehetasunak dituen dokumentu bat egitea inplikatzen du. Arlo burokratiko hori konplexua da. Era berean, gure ETE egiturak ere ez du laguntzen. ETEak funtsekin lotu behar ditugu. Ezinbesteko alorra da. Zergatik? Azken baten ETEei egunerokotasunak denbora jaten die. Funtsetara sarbidea izateak proiektu bat aurkezteko denbora bat eskaini behar izatea eskatzen du, epe motzean, gainera.

Arrakastarako gakorik?

Nik uste dut ezinbestekoa dela ETEek funts horietara sarbidea izatea. Enpresa handiek lortuko dutela ez dut zalantzarik, euren egituragatik, baina txikien lehiakortasuna honen menpekoa izango da. Ondo egiten duenak ezinbestekoa den digitalizazio prozesu bat izango du aurrean. Atzean geratzen bazara, lehiatzeko parte horretan ere atzean geratuko zara. Horregatik uste dut dela hain garrantzitsua. Gainera, funts bolumena hain da handia, non proiektuak ere izan behar diren. Hori beste arlo gako bat da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK