
Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) urte arteko tasa %4,1era igo da apirilean, bi hilabetez beheranzko bidean izan bada ere. Hala, %0,7ko igoera izan du aurreko hilabetetik, martxoan %3,4koa izan baitzen inflazioa.
Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera, beherazko joera hori eten izana argindarraren eta erregaien prezioei dagokie, iazko apirilean baino gutxiago jaitsi delako elektrizitatea, eta erregaien prezioak, iaz ez bezala, gora egin duelako. Kontuan izan behar da, ordea, 2022ko apirilarekin batera sartu zela indarrean erregaien hobaria, eta neurrien eraginak erregaien prezioa jaitsi zuela. Inflazioa %8,3an kokatu zen orduan.
Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, ia puntu bat jaitsi da elikagaien prezioen hazkundearen motelaldiak eraginda, martxoko %7,5etik apirileko %6,6ra. Horrek ez du esan nahi elikagaiak merkeago daudenik, erritmo txikiagoan garestitzen ari direla baizik. Izan ere, martxotik apirilera prezioak sei hamarren garestitu dira.
Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak dira gehien garestitu direnak, baina duela urtebete baino gutxiago. Hala ere, lehorteak datuen hobekuntza hori motel dezake, eta oliba olioaren edo zerealen prezioan nabari liteke gehien. Hala ere, ikusteko dago oraindik lehorteak zer eragin ekarriko dituen elikagaien prezioan, baina horiek merkatzea zaila izango da euririk egiten ez badu.
INEk datu orokorrak jakinarazi ditu gaur, baina maiatzaren erdialdera emango ditu behin betiko datuak.