
Inflazioa ekonomia fenomenorik esanguratsuenetako bat da, eragin zuzena baitu, bai gure eguneroko bizimoduan, bai enpresa jardueran. Bere ondorioak ez dira soilik datu makroekonomikoetan ikusten, gure mailara jaitsita ere zuzenean eragiten dute familien erosteko ahalmenean eta enpresa txikien iraunkortasunean. Artikulu honetan hainbat ideia landuko ditugu. Helburua da langileei, familiei eta enpresa txikiei tresna praktiko eta egituratuak eskaintzea, inflazioaren ondorioak ulertzeko eta neurri eraginkorrak hartzeko.
Inflazioa eta erosahalmenaren galera
Lehenik eta behin, testuingurua kokatzearren: ekonomia batean prezioen maila orokorra epe jakin batean modu jarraituan igotzean datza inflazioa. Inflazioa neurtzeko ohiko neurriak dira Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) eta azpiko inflazioa. Azken horrek kanpoan uzten ditu osagai aldakorrenak.
Fenomeno honen ondorio nagusia da pertsonen eta enpresen erosteko gaitasunaren pixkanakako galera. Dirua geldi mantentzen badugu, kontu korrontetik mugitu gabe, adibidez, edo askotan esaten den moduan, “koltxoi azpian”, eta inflazioak bere bidea egiten badu, hau da, prezioek gora egiten badute, murriztu egiten da diruaren balio nominal horren balio erreala. Horregatik, beharrezkoa da eragile ekonomikoek neurri egokiak hartzea galera hori arintzeko edota diruaren balioa inflazioaren martxan igotzeko.
Familia eta langileentzako estrategiak
Etxeko aurrekontua berrikusi eta eguneratzea izango da gure lehen erreminta, inflazio garaian ezinbestekoa baita aurrekontu dinamikoa edukitzea. Ez da nahikoa urtean behin zenbaki orokorrak egitea; dinamismoa eskatzen du inflazioak, eta komeni da gastuen eta sarreren jarraipena hilero egitea. Horretarako, aukera ugari daude: kalkulu orri sinpleak (Excel edo Google Sheets), gastuen kudeaketarako aplikazio mugikorrak edo bankuek eskaintzen dituzten txosten automatizatuak (Laboral Kutxaren Argitu). Tresna horiek erabilita, familiak kontura daitezke non dauden gehiegizko gastuak (esaterako, harpidetza digitaletan edo aisialdian) eta non dagoen benetan beharrezko gastua. Helburua ez da kontsumoa guztiz murriztea, baizik eta gastuaren egitura berrantolatzea eta lehentasunen arabera mailakatzea.
Hurrengo pausoa izan daiteke gure soldataren babesa eta negoziazio kolektiboan parte hartzea. Lehen aipatu dugun bezala, inflazioak gure soldataren balio erreala beheratzen du, eta, ondorioz, gure erosteko ahalmena galtzea dakar. Hori saihesteko, komeni da KPIari edo inflazio indizeei lotutako berrikuspen klausulak negoziatzea gure lantokiko hitzarmen kolektiboan. Sindikatuek eta negoziazio kolektiboek paper garrantzitsua dute horretan, baina langile indibidualek ere erreferentzia gisa erabil dezakete. Adibidez, enpresa batek urtean %2ko soldata igoera proposatzen badu, baina inflazioa %4koa bada, langileak datu objektibo horiek erabil ditzake bere erosahalmena ez galtzeko. Halaber, posible da negoziazio malguagoak egitea, esaterako, oinarrizko soldata igoera eta errendimenduari lotutako osagarrien konbinazioa proposatuta.
Komeni da KPIari edo inflazio indizeei lotutako berrikuspen klausulak negoziatzea gure lantokiko hitzarmen kolektiboan
Gure esku dagoen beste faktore bat da aurrezkiaren eta inbertsioaren kudeaketa, azkenaldian izugarrizko garrantzia hartzen ari den tresna. Gaur egun, inflazioaren aurrean babesteko funtsezkoa da inbertsio mailakatua egitea, pertsonaren arrisku profilaren arabera. Hain zuzen ere, hiru arrisku profil ezagutzen dira:
- Arrisku baxua: epe baterako kontuak, kontu errentadunak edo Espainiako edo EAEko administrazio publikoek jaulkitako zorra. Tresna horiek ez dute errentagarritasun handia, baina kapitala bermatzen dute.
- Arrisku ertaina: inbertsio funts mistoak, errenta finko eta aldakorraren konbinazioarekin. Hori egokia da inflazioaren eraginari aurre egiteko, arrisku neurritsu batekin.
- Arrisku altuagoa: akzioak, higiezinen erosketa edo epe luzerako pentsio planetan parte hartzea. Horiek aldakortasun handiagoa dute, baina inflazioaren gainetik errentagarritasuna eskaintzeko aukerak ematen dituzte.
Gaur entitate finantzarioak eta Interneteko erremintak ditugu gure diru-zorroa kudeatzeko. Gure helburua da errentagarritasuna inflazioaren gainetik egotea, eta horretarako garrantzitsua da aurrezki guztiak tresna bakar baten menpe ez uztea, dibertsifikazioa baita babes onena.
Kontsumo arrazionala eta arduratsua gure esku dugun tresna boteretsuenetako bat da. Kontsumitzaile gisa, aukera txiki askok eragin handia dute urteko gastu orokorrean. Inflazioaren testuinguruan, komeni da elikaduran marka alternatiboak edo banatzailearen markak aukeratzea, eta asteko menua planifikatzea, alferrikako janari hondakinak saihesteko. Energiari dagokionez, kontsumo elektrikoa optimizatzea (bonu sozialak baloratzea, ordutegi merkeagoak aprobetxatzea eta etxeko aparatuen eraginkortasuna handitzea) dago gure esku. Garraioan ere badugu non begiratu eta praktika onak bultzatzea da helburua: garraio publikoa lehenestea, ibilgailu partekatuak erabiltzea edo lanerako distantzia txikiak oinez egitea. Azkenik, gure aisialdia ere berrikusi beharko genuke deskontu programak erabiliz, tokiko kultur eskaintza merkeagoa bilatuz edo harpidetza bikoiztuak berrikusiz.
Kontsumo arrazionala eta arduratsua gure esku dugun tresna boteretsuenetako bat da. Kontsumitzaile gisa, aukera txiki askok eragin handia dute urteko gastu orokorrean
Hezkuntza finantzarioa eta etxeko koordinazioa funtsezkoak dira. Inflazioaren aurkako estrategiak ez dira soilik kontabilitate ariketa bat; balio handia dute hezkuntza finantzarioa lantzeko ere. Familian aurrekontua modu irekian partekatzea, seme-alabei diruaren balioa erakustea edo erabakiak partekatzea (adibidez, aurrezteko helburu komunak ezartzea) oso baliagarria izan daiteke. Halako jarrerak ez dira berehala neurtzen, baina epe luzera babes mekanismo sendoa sortzen dute.
Estrategiak enpresa txiki eta autonomoentzat
Inflazioak zuzenean eragiten die enpresa txiki eta autonomoei, marjinak estututa eta bezeroekiko harremanak baldintzatuta. Egoera horretan, ezinbestekoa da estrategia argi edukitzea eta eraginkorrak izatea, bai prezioak egokitzeko, bai kostuak kontrolatzeko, baita finantza egonkortasuna bermatzeko ere.
Prezioen egokitzapenak eta bezeroarekiko komunikazioak oinarrizkoa izan behar du gure estrategian. Inflazio garaian, lehenengo urratsa da prezioak berrikustea da. Kostuen igoera (energia, lehengaiak, hornikuntza...) ezin bada marjinetan xurgatu, prezioetan islatu behar da. Hori bai, komeni da modu gradual eta garden batean egitea. Bezeroari argi azaldu behar zaio zergatik igotzen den prezioa, zer faktorek bultzatu duen prezio igoera. Horren baitan eskaintzen dugun balio erantsia indartu beharko dugu, hau da, kalitate hobea eskaintzea, zerbitzu pertsonalizatuagoa ematea edo salmenta osteko arreta hobetzea. Horiek izan daitezke balio erantsi hori igotzeko tresnak.
Inflazio garaian, lehenengo urratsa prezioak berrikustea da. Kostuen igoera (energia, lehengaiak, hornikuntza...) ezin bada marjinetan xurgatu, prezioetan islatu behar da
Hori guztia nola komunikatzen dugun ere gakoa da, eta beti komunikazio positiboa bultzatuko dugu, “prezio igoera” baino gehiago, “zerbitzuan hobekuntza” edo “beharrezko egokitzapen” gisa aurkeztuta, esaterako.
Prezioen doikuntza horietarako ezinbestekoa da kostuen kontrola eta produktibitatea hobetzea. Inflazioak egitura eraginkorrik gabeko enpresak zigortzen ditu. Horregatik, barne-prozesuen berrikuspena funtsezkoa da. Hainbat pauso eman ditzakegu horretarako:
- Automatizazioa: lan errepikakorrak digitalizatu eta teknologia txiki baina eraginkorrak aplikatu.
- Kudeaketa digitalizatzea: fakturazioa, inbentarioak eta proiektu-kontrola tresna informatikoekin egitea.
- Hornitzaileekin negoziatzea: epe luzeagoko kontratuak, prezio finkoak edo bolumen-deskontuak lortzea.
Helburua argia da, kostu unitarioak murriztea eta marjinak babestea.
Beste bide bat inflazioaren eragina ekiditeko produktu, zerbitzu eta bezeroen dibertsifikazioa izan daiteke. Arrisku handia da gure jardun osoa produktu bakarrean edo bezero kopuru mugatuan oinarritzea. Inflazioak merkatu batzuk gehiago zigortu ditzake eta, ondorioz, dibertsifikazioak babes handiagoa ematen du. Zerbitzu sorta zabaldu dezakegu, produktu osagarriak edo premium bertsioak sortuta. Salmenta kanal berriak aztertzea eraginkorra izan daiteke, online denda, merkataritza gune digitalak edo esportazioa bezalako bideak irekita.
Azkenik, bezero segmentu berriak aztertzea baloratu dezakegu, besteak beste, kolektibo berrietara iristen saiatuta (gazteak, nazioarteko bezeroak, administrazio publikoa...).
Gure finantzetan oinarritutako estrategiak ere aztertu beharko genituzke. Lehenik, gure finantzaketan zentratuko gara. Inflazioaren testuinguruan, zorpetzea interesgarria izan daiteke interes finkoarekin kontratatzen bada. Izan ere, etorkizuneko kuoten balio errealak jaitsi egiten dira prezio orokorrak igotzen diren bitartean.
Aukeratu interes finkoaren aldeko finantzaketa, ustekabeko igoerak saihesteko eta aurreikuspen errealago bat egin ahal izateko. Zorra lotu errentagarritasuna bermatzen duten proiektuetara (adibidez, digitalizazio edo ekoizpen hobekuntzak), betiere gehiegizko zorpetzea zainduz eta ikusmiratik kendu gabe lehentasuna dela gure likidezia eta kutxako fluxuak babestea.
Aukeratu interes finkoaren aldeko finantzaketa, ustekabeko igoerak saihesteko eta aurreikuspen errealago bat egin ahal izateko
Halaber, gure esku dago langileen kudeaketa eta motibazioa. Enpresa txiki eta autonomoentzat langileak funtsezko aktiboak dira. Inflazioak soldata presioak ekar ditzake, baina badira bestelako neurri osagarriak ere, soldaten igoerak saihesteko:
- Lan-baldintzak hobetu: malgutasuna, telelana edo prestakuntza aukera gehiago eskaini
- Motibazioa zaindu: talde txiki batean giro ona da produktibitaterako giltza.
- Prestakuntzan inbertitu: produktibitatea handitzen laguntzen du eta kostuak hobeto kontrolatzen dira.
Horrekin batera, estrategia eraginkorra izan daiteke merkatu berrietara hedatzea, tokikoaren mugak gaindituta. Horretarako elkarlan sareak sor ditzakegu beste enpresa batzuekin, baliabideak partekatzeko eta arriskuak murrizteko.
Hori guztia kontuan izanik, argi dago inflazioak erronka iraunkorra dakarrela familia nahiz enpresentzat, erosahalmena eta marjinen bideragarritasuna zuzenean kaltetzen baititu. Hala ere, haren eragina kudeatu daiteke diziplina finantzarioarekin, babes eta egokitzapen estrategiekin eta ekonomia adierazleen jarraipen aktiboarekin.
Inflazioa ez da fenomeno tekniko huts gisa ulertu behar, eguneroko erabakietako baldintza nagusi gisa baizik. Jarrera proaktiboa eta oinarri sendoetan hartutako erabakiak dira biderik eraginkorrenak, bai inflazioaren ondorioak arintzeko, eta bai egonkortasun pertsonala zein enpresa-iraunkortasuna bermatzeko.