Inguraketa arrantza bueltan da

30 urte baino gehiagoko araudia egokitu eta bateratu asmo du Jaurlaritzak. Arrantza ontziek inguraketa eta orain arte debekatutako bestelako arrantza teknikak erabili ahal izango dituzte dekretua onartuz gero

Bermeoko portua | Argazkia: iStock
Bermeoko portua | Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko irailaren 4a - 05:30

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 1998an, 143 arrantza ontzi ziren Euskal Herriko kostaldeko portuetan, eta 2022an 64 ziren; 25 urte eskasetan 79 ontzi desagertu dira, edo, behintzat, itsasora ateratzeari utzi diote. Itsasoan barna ontzi gutxiago izateak arrantzarako gaitasuna murriztu du, ontzi bakoitzak arrantzatzeko aukera duen gehienezko kopurua ez baitu aldatu legeak. Finean, ontzi gutxiago dira, baina ez dute gehiago arrantzatzeko baimenik.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hori gutxi balitz, arrantza sektoreak langileen %40 baino gehiago galdu du 2006az geroztik. Egoera horren aurrean, Jaurlaritzak euskal kostaldeko uretan diharduten arrantza “modernizatu” eta flotaren “bizirautea” bermatzeko zenbait neurri hartu asmo ditu, tartean, inguraketa-sareen bidezko arrantza baimentzea.

Debekatutako teknikaren itzulera

Inguraketa arrantza arrain-sarda bat sare batekin inguratzean datza, ondoren sarea itxi eta harrapakinak poltsaratzeko. Arraina eremu jakin batean kontzentratzea ahalbidetzen duen teknika da, eta gaur gaurkoz, eta, salbuespenak salbuespen, debekatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoaren menpe dagoen itsaso eremuan. Izan ere, teknika honek arrain kopuru handia bereganatzeko aukera ematen du, eta ez oso modu zehatzean.

 

Arrantza tekniken araudia zaharkitua dela iritzi dio Jaurlaritzak, 90ko hamarkadatik berritu gabe baitago, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 30 urte baino gehiagoko debeku hori ezabatu eta bestelako arrantza modu batzuk onartzeko dekretuaren proiektua plazaratu berri du, zeina orain esposizio publikoaren fasean dagoen.

Inguraketa arrantza arrain-sarda bat sare batekin inguratzean datza, ondoren sarea itxi eta harrapakinak poltsaratzeko

Zehazki, dekretu-proiektuak bajurako ontzi txikien artisau arrantza, tretza eta aipatutako inguraketa teknikak baimendu nahi ditu, euskal kostaldeko lurmutur nagusien artean marraz daitezkeen irudimenezko lerro zuzen baten mugen barruan legez arrantzatzeko, hau da, Higer (Hondarribia), San Anton (Getaria), Matxitxako (Bermeo), Billao lurmuturra (Gorliz) eta Kobarongo punten (Muskiz) artean. Irudimenezko lerro horretatik kanpo arrantzaren arloko eskumena Espainiako Estatuari dagokio.

Hori bai, inguraketa arrantza egin nahiko duten ontziek aurretik baimena eskatu beharko dute, eta Jaurlaritzaren Arrantza Sailaren nahiz Azti zentroaren oniritzia jaso beharko dute.

Zer baimendu nahi da?

Dekretuaren zirriborroan zehazten denez, inguraketa sareak ezingo dira 600 metro baino handiagoak izan, ez dira 130 metro baino altuagoak izango, eta inguraketa aparailuen mailen gutxieneko irekierak 14 milimetroko behar du gutxienez. Halaber, 35 metro baino gehiagoko sakonera duten uretan erabili ahalko da soilik.

Tretza, aldiz, ama izeneko lerro nagusi batek osatzen du, luzera aldakorra duena, eta bertatik beste soka edo adar finago batzuk ateratzen dira, brazolada izenekoak, zeinei amuak lotzen zaizkien. 1.000 amu eraman ahal izango ditu ontzian izena emanda eta presente dagoen tripulatzaile bakarrak, gehienez ere 4.000 metroko luzera dutenak. Bestela, 3.000 amu izan ditzakete ontzian izena emanda eta presente dauden hiru tripulatzaile edo gehiagok, gehienez ere 8.000 metroko luzera izanik. Kasu guztietan, 500 amu eramatea baimentzen da.

Arrantzaleen aspaldiko eskaera

Dekretu berriaren helburua ez da soilik hainbat hamarkadaz debekatuta egon diren arrantza teknikak baimentzea. Orain 30 urte baino gehiagoko araudi guztia bateratu eta sektorearen egungo ezaugarrietara egokitzea ere bilatzen da. Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen zirriborroa, eta zehaztu zuen “hainbat xedapenetan sakabanatuta” dagoen araudia testu bakarrean bildu asmo duela.

Orain 30 urte baino gehiagoko araudi guztia bateratu eta sektorearen egungo ezaugarrietara egokitu nahi du Jaurlaritzak

Euskal kofradiak aspalditik eskatu du lege horiek berritu eta debekatutako arrantza teknikak baimentzea, arrantzatzeko modua eraginkorragoa izan eta arrantza ontzien errentagarritasuna berma dadin, besteak beste. Arrantzaleen ordezkariek positibotzat jo dute Jaurlaritzaren dekretu-proiektua, eta uste dute urte luzez Jaurlaritzarekin izandako harremanaren emaitza izan dela.

Kofradien "eskaera historikoa" izan da inguraketa arrantza barneko uretan egin ahal izatea. Egunotan dekretuaren zirriborroa ondo aztertzea dagokie, ondorengo izapideekin jarraitu ahal izateko, eta, gerora, sarea itsasoan zabaltzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain