Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga neurri sorta bateratua aurkeztu dute, Ekialde Hurbileko gatazkak ekonomian sor ditzakeen ondorioei aurre egiteko asmoz. Helburua da ziurgabetasun geopolitikoak inbertsioan, enpleguan eta jarduera ekonomikoan izan dezakeen eragina arintzea, bereziki enpresa txikien, mikroenpresen eta autonomoen kasuan.
Proposatutako neurrien artean daude zerga zorren geroratzea baldintza malguetan, PFEZaren ordainketa zatikatuak kentzea aldi baterako, eta enpresa berrikuntzarako aktiboen amortizazio azeleratua ezartzea. Horrez gain, enplegua sortzeagatik aplikatzen diren kenkariak handituko dira (+%10), eta gazteen zein emakumeen kontratazioa sustatzeko pizgarriak indartuko dira. Aldi berean, BEZaren itzulketak azkarrago izapidetzeko konpromisoa hartu dute aldundiek, enpresei likidezia handiagoa emateko.
Neurri horiek guztiek epe laburrean 540,5 milioi euroko eragina izango dutela aurreikusi da EAE osoan, lurraldeka banatuta, horrela: 282 milioi Bizkaian, 103,5 Araban eta 155 Gipuzkoan. Horri gehitu behar zaio energia arloko zerga murrizketek foru ogasunen bilketan izango duten 232 milioi euroko eragina, martxotik ekainera bitartean aplikatuko dena.
Foru arduradunek azpimarratu dute neurriok funtsezkoak direla testuinguru ekonomiko konplexuari erantzuteko. Eider Mendozak nabarmendu du “gure ehun ekonomikoa babestu eta indartzeko” balio dutela, eta Ramiro Gonzálezek adierazi du ekimenek enpresen likidezia hobetzea eta jarduera ekonomikoari eustea ahalbidetzen dutela. Elixabete Etxanobek, bere aldetik, hiru aldundien arteko koordinazioa goraipatu du, neurriek “berehalako eragina” dutelako eta enpresa sarearen beharretara egokituta daudelako.