Errenta kanpaina bete-betean hartu du EnpresaBIDEA Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun diputatuak. Berrikuspen fiskalaren osteko lehena da aurtengoa. Momentuz, Ogasunak 65,6 milioi euro itzuli dizkie 50.000 zergaduni eta 134.933 errenta aitorpen egin dira dagoeneko. Hori gutxi balitz, Irango gerrako egoerari erantzuteko neurri fiskalak indarrean sartu berri dira, Arabako eta Gipuzkoako Foru Ogasunekin batera adostutakoak. Hiru lurralde historikoek zergak arautzeko eskumen propioak ahalbidetu die hori egin ahal izatea, orain hainbat mende eskuratutakoak. Bizkaiaren kasuan, aurten urteurren borobila da: 2026an 500 urte betetzen ditu foru berriak, eta horretan jarriko du fokua gaur hasi eta asteazkenean amaituko den XVI. Ituna Kongresuak.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Gaur abiatzen da XVI. Ituna Kongresua, eta izenburu izango du Bizkaiko foru eta ogasunaren 500 urte (1526-2026). Zehazki, zein garrantzia du urteurrenak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat?
Foru berriak 500 urte betetzen ditu. 1452ko foru zaharra du oinarri, Bizkaian zeuden ohiturak idatziz jaso zituena lehen aldiz, arau-marko propioa sortuta. Kultura demokratiko oso aurreratua zuen beste herrialdeekin konparatuta.
Foru berriak zaharra erreformatzen du, eta gure marko juridiko eta politikoa berretsi. Gure eskumen fiskalak ere hortik jaiotzen dira, eta gaur egunera ekarri gaituen markoa izanik, bizkaitarrentzat eta Bizkaiko Foru Aldundiarentzat ospatzeko zerbait da. Gainera, ospakizuna modu bat da gizarteak jakin dezan nondik gatozen, eta zein den gure eskumenaren jatorria.
2028an 150 urte egingo ditu Ekonomia Itunak, gure egutegian beste hito garrantzitsua dena. Hori ere ospatuko dugu, sozializatzeko modua ere badelako.
Orain gutxi atera zituen Jaurlaritzak Ekonomia Itunaren ezagutzari buruzko datuak. Zein da zure irakurketa? Gizarteak ezagutzen du zergatik dugun sistema hau?
Jaurlaritzak egindako prospekzio lanak erakusten duen bezala ezagutza maila ez da oso altua. Gizarteak badaki hobeto bizi garela Estatuak duen erregimen komunarekiko edo beste zenbait herrialdeekiko, baina ez daki oso ondo zergatik. Autogobernuaz hitz egiten da, baina ezezagunagoa da hori Ekonomia Itunaren edo gure eskubide historikoen ondorio dela. Ezagutza hori landu behar dugu, alegia, azaltzea zergak ordaintzeko markoak bertan definitzen direla, aldundietan, eskumena dugulako. Eta horrekin gure aurrekontuak egiten ditugula, erresidentziak, eskolak, Osakidetza... finantzatzeko. Gizarteari edo industriari laguntzen diogunean, laguntzak gure aurrekontutik irteten dira.
Bizkaiko Foru Aldunditik ia 25 urte daramatzagu dibulgazio horretan lanean. Ad Concordiam, Ituna eta Renoko unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena ditugu, eta horien bitartez dibulgazio ekimenak egiten ditugu, gizarteak ezagutu dezan zein den sistema. Hezkuntzarekin ere tributu hezkuntzarako modulua eskaintzeko akordioa sinatuta dugu. Noski, indartzen jarraitu behar dugu, eta halako efemerideak aprobetxatu behar ditugu dibulgazio lanerako.
"Balio katean dauden enpresa guztiek likidezia behar dute krisi energetikoko egoera honetan. Beraz, horretarako neurriak diseinatu ditugu"
Eskumen propioak izateak ahalbidetu duen gauzetako bat izan da Irango gerraren harira aldundiek zenbait neurri hartu ahal izatea, orain astebete sartu zirenak indarrean. Zer da bilatzen duzuena?
Bi gauza: batetik, likidezia injektatzea, eta bestetik enplegua eta inbertsioak ez etetea. 413 milioi euroko eragina izango du hiru hilabeteko epean, batez ere autonomoetan, enpresa txikietan eta erakunde ertainetan.
Likidezia txertatzeko neurriak zergatik?
Balio katean dauden enpresa guztiek likidezia behar dute krisi energetikoko egoera honetan. Hori esan digute jesarrita gauden askotariko mahaietan, egiten ditugun monitorizazioetan, inkestetan... Beraz, horretarako neurriak diseinatu ditugu. Batetik, geroratzea interesik ordaintzeko beharrik gabe. Bestetik, autonomoek aurten egin behar dituzten ordainketa partzialak salbuetsita geratuko dira eta ordainketa geroratuko dugu. Ondorioz, euren poltsikoetan izango da diru hori. Gainera, BEZaren itzulketa batzuk egin behar ditugu,195 milioikoak. Prozesu hori aurreratu egingo dugu, eta itzulketak automatikoagoak egin. Gainera, araudian egokitu dugu BEZa jaistea sektore elektrikoaren eta konbustioaren inguruan, eta zerga bereziak murriztuko ditugu. Azken hori orain bi hilabete eskatu genion Espainiako gobernuari, eta pozik gaude entzun gaituelako, eta gizarte osoari eragingo dioten neurriak direlako.
Eta enplegua eta inbertsioa sustatzeko neurriak zeintzuk dira?
Bi neurri hartu ditugu. Amortizazioa aurreratzeko likidezian eragin finantziario-fiskala lortzen duen neurria sartu dugu, eta gainera, enplegua sustatzeko kenkari fiskala hamar puntutan handitu dugu Sozietateen gaineko Zergan. Cebekek urte hasieran inkesta egin zuen elkarteko enpresen artean, eta esan zuten enplegua eta inbertsioak sustatzen jarraitu nahi dutela. Horri erantzuten diote neurri horiek.

Hiru hilabetera begirako neurriak dira. Gerra luzatuko balitz, neurriok luzatzea planteatu al duzue Foru Ogasunetatik?
Lehen esan dudan moduan, enpresekin hitz egin dugu eta horretan gabiltza etengabe, euren beharrak identifikatzeko. Momentuz hauek dira sektoreak behar dituenak. Hiru hilabete hauetan ikusiko dugu zein den gerraren eboluzioa, eta gainean egongo gara, zerbait beharko balitz, egokitzeko. Hori da garrantzitsuena. Eta espero dezagun uztailak 20rako gauzak konpontzea guztion onerako.
Neurriok hartzeko beharra errenta-kanpainarekin batera iritsi da, erreforma fiskalaren osteko lehena. Egindako egokitzapenei esker, errenta kanpaina ekitatiboena izango dela esan al daiteke?
Gauza hobetzeko beti dago bidea, baina nik argi daukat berrikuspen fiskala egin genuenean helburu batzuk markatu genituen, horiei ezinbestean erantzuteko: etxebizitza, gazteak, erronka demografikoa, berdintasuna, kontziliazioa, trantsizio energetikoa, pentsioak... Eta hori guztia, kontuan izanda kohesioa lortu nahi genuela, eta PFEZa progresiboagoa izan behar zela.
Nire ustez helburu hori lortu dugu. Beraz, galderari erantzunez, bai, ekitatiboagoa da, justuagoa da, berdinzaleagoa da. Sartu ditugun neurriak hortik doaz.
Adibidez?
Ez dago beste lurralderik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaz aparte, non 20.000 eurotik behera irabazten duten pertsonek ez duten egin behar errenta aitorpena. 179.000 bizkaitarrez ari gara, eta urtero 83 milioiko kostua izango du. Bizkaitarren elkartasuna erakusten du, eurak hartzen dutelako gain. Aldiz, pertsona zaurgarrientzat ekitatiboagoa eta justuagoa da.
"Berrikuspen fiskalak, Bizkaian, 157 milioi euroko inpaktua du. Diru hori bizkaitarren poltsikoan izango da, beraz"
Nola aplikatuko da?
Hileroko soldatan ez dute atxikipenik izango. Uztailean argitaratu genuen taulan ikusten da nola izango den progresibitate eredu berria. Errenta baxuenei puntu bat jaitsi diegu eskala, baina altuenak %25 ordaintzetik %28 ordaintzera igaroko dira.
Beste adibide bat jartzearren. Etxebizitza kenkarietan errenta maila mugatu dugu eta autonomoei ere laguntza eman diegu kenkari batzuk igoaz. Emakumeen kasuan ere zenbait kenkari indartu ditugu. Erronka dago oraindik, noski, baina uste dut lan bikaina egin dela, eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiot nire taldeari horri erantzuteko egindako lanagatik.
Aurreikuspenak honakoak dira: 683.000 errenta-aitorpen inguru aurkeztea, 634,9 milioi euroko itzulketekin eta 190 milioi euroko emaitza garbi negatiboarekin. Lasai dago Bizkaiko Foru Aldundia zifra horiekin?
Aurreikusitako zenbakiak ziren. Gure berrikuspen fiskalaren helburua hori zen. 2026ko aurrekontua egin genuenean jakiteko itzulketa zenbatekoa izango zen, 190 milioi inguruko zifra garbia atera zen. Gehiago izatea ere espero dugu. Berrikuspen fiskalak, Bizkaian, 157 milioi euroko inpaktua du. Diru hori bizkaitarren poltsikoan izango da, beraz. Hor gauza batzuk ez ditugu kontrolatuta. Ez dakigu jendeak emisio baxuko auto bat erosi duen. Edo etxeetan haurren, adineko pertsonen edo behar bereziak dituztenen zaintzan lanean ari diren pertsonei kontratua egin zaien. Edo gazte batek etxebizitza erosi ahal izan duen lehen aldiz eta mugarik gabeko kenkaria aplikatuko duen.
Dakiguna da itzuliko dugun zenbatekoa altuagoa izango dela. Hori hala bada gazteei lagundu diegulako euren etxebizitzekin, familiei euren egunerokotasunarekin, emakumeei lanera itzultzearekin edo gizonek hartu dutelako aitatasun baja, edo emisio gabeko kotxeak erostearekin, emaitza ona izango da. Kontziliazioan, berdintasunean, trantsizio energetikoan... lagundu badugu, nik esango dut lortu dugula helburua. Pozteko emaitza izango litzateke. Bidea oraindik egiteko badago ere.

Esan duzu neurrien emaitzak kontrolatzea ez dela erraza. Aukera al duzue gerora neurtzeko zein eragin izan dute?
Bai. Datu pila bat ditugu —errenta kanpainarako zein oro har— eta oso koordinatuta gaude, ez bakarrik Bizkaiko Foru Aldundiko beste sailekin, baizik eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Estatuarekin. Nazioarteko informazioa ere jasotzen dugu. Soilik errenta kanpaina egiteko 1.266 milioi datu erabiltzen ditugu 800.000 bat aitorpenenetzat. Erraz esaten da...
Balantze, ikerketa eta analisiez gain, errenta kanpaina bakoitzean balorazioa egiten dugu, ez soilik zenbatekoei dagokionez, baizik eta kenkariak aintzat hartuta zer igo den. Lehenengo urtean ezin izango dugu ezerekin konparatu, baina bost urtera, zortzi urtera... bai izango ditugu erantzunak, zer funtzionatzen ari den esateko eta zer aldatu behar dugun. Berrikuspen fiskalak ez dira urtero egiten, eta gauzak ezin dira urtez urte aldatzen ibili, denbora eman behar zaielako —merkatuari ere—.
Iaz Berria egunkarian egindako elkarrizketan bi erronkari heltzeko asmoa jarri zenuen mahai gainean: talentua erakartzea eta enpresen kapitalizazioa. Aurrerapausorik eman al duzue gai horiei dagokionez?
Urtero-urtero egiten dugun foru araua oraindik ez dugu landu, errenta kanpainan gaudelako. Baina badugu erronka talentua erakartzeko, enpresak kapitalizatzeko eta tamaina handitzeko neurriak hartzeko. Ez da soilik ogasun arloko zerbait. Talentuaren kasuan, ahaldun nagusiak esan duen moduan, zeharkako erronka da. Ekonomia Sustapeneko departamentutik horretarako lan handia egiten da Bizkaia with the Talenten edo Bizkaia Talenten bitartez.
Arlo fiskalean ere arduratuta gaude erronka horiekin. Une honetan, Sozietateen gaineko Zergak inbertsioak egiteagatik %10eko kenkaria dugu, eta trantsizio energetikoan edo deskarbonizazioko inbertsioen kasuan, %10etik %35era izatera igaro dira berrikuspen fiskalean. Horrek zera eragiten du: inbertsioak ekartzea, eta enpresak errotzea, hemendik haztea eta bertatik nazioartekotzea. Hala enplegua sortzen dute hemen, profesionalak erakartzen dituena. Enplegua sortzeagatiko kenkari fiskalak ere baditugu.
"Elkarlan eta koordinaziorako garai baten gaude, eta ez bakarrik Foru Aldundiekin, baita beste departamentuekin ere"
Atzerritik Araba, Bizkaia edo Gipuzkoara lanera itzultzen direnentzat kenkariak ere badira.
Langile lekualdatuentzako zerga-araubide berezia da hori, bai. Atzerritik bueltan etortzen diren pertsona fisikoek, gutxi gora behera, bost urte baino gehiago daramatzatenak, hurrengo hamaika urteetan gutxi gora behera %50eko zerga ordaintzen dute pertsona fisikoen gaineko errentan. Esandako guztia ikusita, sistema fiskal berezi eta erakargarria dugu horretarako. Horrek ez du esan nahi bide horretan jarraituko ez dugunik. Enpresak handitzea nahi dugu, hemen errotzea eta talentua erakartzea.
Enpresen sorrera nola bultzatzen duzue? Sarri esan ohi da beste toki batzuetan erraztasun handiagoak izaten direla horretarako.
Bizkaiko Foru Ogasunak gauza asko egiten ditu ekintzaile bultzatzeko. Lehen esandakoez gain, arlo teknologikoan oso bereizgarria den kenkari fiskala dugu, 2017an garatutakoa. Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko kenkari fiskala da, Sozietateen gaineko Zergan aplikatzen dena, eta gainera transferitu edo "saldu" daitekeena. Horrek laguntzen dio batez ere lehenengo urteetan enpresa bat sortzeagatik galerak dituenari. Berrikuspenetik deskarbonizaziorako inbertsioak egiteko kenkari fiskala ere transferitu daiteke.

Bizkaiko Foru Aldundien arteko elkarlana aipatu duzu elkarrizketan zehar. Baina nolakoa da harremana Araba eta Gipuzkoako Foru Ogasunekin? Elkarlana edo lehia da nagusi?
Ez gaude lehiarako garai baten. Elkarlan eta koordinaziorako garai baten gaude, eta ez bakarrik Foru Aldundiekin, baita beste departamentuekin ere. Orain aste batzuk izan ginen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputatuak elkarrekin gaiak aztertzen eta koordinatzen, ikusten zer egingo dugun arlo bakoitzean eta zein izango den gure estrategia. Nozibehinka egiten dugu.
Gero bakoitzak bere egoera du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez dira berdinak, ez kohesio aldetik, ez herrien mapari dagokionez, ezta idiosinkrasian ere. Baina elkarlanerako ikuspegi argia dugu. Adibide oso gertukoa eta argia da Irango gerrari loturiko neurriena. Hirurok batera diseinatu dugu gizarteak behar duen orri fiskala, aldi berean jarri ditugu martxan eta luzatu behar baditugu, elkarrekin izango gara. Berrikuspen fiskala ere horren eredu argia da.
Nik beti dut herrialde ikuspegia. Nahiz eta bakoitza bere lurralde historikoan egon, badaude zenbait kontu harago daudenak.
Nafarroako Gobernuarekin ere halako lankidetzarik egiten da edo bakoitzak bere bidea hartzen du?
Bideak gehiago bereizten dira. Guk hemen dugu antolaketa tributarioa, eta harmonizatu eta antolatzen gara. Baina gauza garrantzitsuetarako lantaldeak daude koordinatzeko. Adibidez, Itun eta Hitzarmen ekonomikoak eguneratu behar direnean, eta Madrilekin negoziatu behar denean. Ez da hiru lurralde historikoen artean dugun elkarlana, logikoa den moduan, baina beraiekin ere baditugu lankidetza ildoak eta lerroak.
"2022an [ikus-entzunezkoetarako] abian jarri genituen pizgarri fiskal berriak oso garrantzitsuak dira. Hau oso Bilbokoa geratuko da, baina munduko onenak dira une honetan [barrez]"
Espainiako Ogasun Ministerioak finantzaketa eredu berria proposatu nahi du 2027an aplikatzeko, eta horrek kupoan eragina izan dezake. Kezka sortzen dizue gaiak?
LOFCA —erkidegoen finantzazio eredua— eta Ekonomia Ituna zerikusirik ez duten bi eredu dira. Beraz, LOFCAko eredu finantzarioaren antolaketak ez du eraginik izan behar finantzazio kupoan. Hala ere, maileguaren kondonazioan, adibidez, ikusi zen eragina izan zezakeela kupoaren ordainketan, eta Batzorde Mistoan lortu genuen akordioa eraginik izan ez dezan. Beraz, adi izaten gara beti ikusteko zer gertatzen den, eta behar bada, negoziatu.
Finantzaketa eredu berrian gauza bera egitea da asmoa?
Bai. Gauza bera egingo genuke.
Europa mailan, harmonizazioa nahiko luke BIzkaiko Foru Ogasunak? Sozietateen gaineko Zergan, esaterako, %15eko gutxienekoa ezarri da.
Harmonizazioak ez nau hainbeste arduratzen. Sozietateen gaineko Zergan edo BEZaren kasuan egin dugu jada. Gehiago arduratzen nau koordinazioak eta informazioaren elkartruke eraginkorrak. Eta euskal lurralde historikoetako ogasunak Europan, Ecofinen, OCDEn eta abarren egotea, gure ahotsa lehenengo pertsonan entzun dadin. Mahai horretan egonda gehiago entzun ahalko gaituztelako.
Guk gobernu finantzario eta fiskala dugu, ogasun propioa, Estatu independientea izango bagina bezala, Espainiako, Frantziako edo Alemaniako gobernuek duten moduan. Horregatik nahi dugu egon erakunde horietan guztietan Estatu bat bagina bezala.

Aurten izango da lehenengo urtea edo iaz izan zen?
Iaz sinatu genuen, baina badakizu praktikak denbora bat eskatzen duela. Urte honetan gauzatuko dugu.
Fiskalitateari dagokionez, zeintzuk izan daitezke Bizkaian eragina izan dezaketen joera nagusiak?
Etxebizitza, pentsioak, kontziliazioa, berdintasuna, erronka demografikoa, zaurgarrienak babestea, trantsizio energetikoa... Orain urtebete galdetu izan bazenit gauza bera esango nizuke. Zoritxarrez, mantentzen diren erronkak dira.
Esan bezala, berrikuspen fiskalarekin horiei erantzun diegu, eta ikusiko dugu zein garapen duten, urtebetean ez direlako konponduko.
Nola izan daiteke Bizkaia berritzaileago politika fiskaletan, izan badaiteke?
Uste dut berritzaileak bagarela. Beti gabiltza gauza berriak pentsatzen. Aldaketa fiskalak egiten ditugunean beti begiratzen dugu Europako beste herrialdeetan zer egiten ari diren.
Ikusten duguna da dena asmatuta dagoela, egiten duguna oso modernoa dela eta abangoardian gaudela. Gauzak hobetu ditzakegula? Noski, eta hobetuko ditugu, enpresak, herritarrak... entzunda. Hori da bidea.
"Autogobernuaz hitz egiten da, baina ezezagunagoa da hori Ekonomia Itunaren edo gure eskubide historikoen ondorio dela. Ezagutza hori landu behar dugu"
Nola egin entzuteko?
Iaztik hiru foro ditugu: lehena enpresa handiekin, bigarrena ETEekin eta hirugarrena aholkularitza fiskaleko enpresekin. Foro horietan urtean bitan batzen gara egunerokotasuneko kontuak komentatzeko, ikusteko zeintzuk diren beharrizanak, proposamenak ekartzen dizkigute... Adibidez, azaroan egin genuen foroan aztertu genuen zelan hobetu dezakegun burokrazia ogasunaren esparruan. Nazioarteko esperientziak ere izaten ditugu. Horrela, gertu egonda, politika fiskalak euren beharrizanetara egokitu ditzakegu, ikuspegi berritzailea albo batera utzi gabe.
Foro horietan sektore desberdinetako enpresak al daude?
Enpresa handien foroan sektore desberdinetako ordezkariak daude, bai: automobilgintzakoak, energiakoak, industriakoak, zerbitzuetakoak... ETEen foroan Cebek, Kimika federazioa, FVEM metalaren enpresen federazioa edota Ostalaritza Elkartea daude. Oro har, sektore asko daude ordezkatuta, eta autonomoak ere. Eta aholkularitza fiskalekoan big four aholkularitza enpresa handiak daude, baina baita kudeatzaile administratiboak, gestoria txikietako ordezkariak, ekonomisten eta abokatuen eskola profesionalak... Ikuspegi oso zabala dugu. Eta gaiaren arabera, ekarpena handiagoa edo txikiagoa izango da. Talentuaz ari garenean, adibidez, denek dute beharra.

Ikus-entzunezko sektoreak oso pizgarri bereziak ditu Bizkaian, eta industria oso bat sortzen ari da horren inguruan, 15 urteko lanaren emaitza gisa. Horiek ere foro horretan al daude, edo beste bide batzuk hartu ditu?
Enpresak guk hautatzen ditugu, eta alde batetik edo bestetik, ikus-entzunezkoen industria ordezkatuta izango da. Hala ere, ikus-entzunezkoen esparruan estrategia berezia dugu, Bilbao Bizkaia Film Comissionen bitartez, eurekin lan egiteko. Ni ere batzartzen naiz sektoreko eragileekin eta horietan lan egiten dugu zuzenean jakiteko zer gauza hobetu behar ditugun, zerbait egokitu behar dugun. 2022an abian jarri genituen pizgarri fiskal berriak oso garrantzitsuak dira, zortzi urteko indarraldia dutenak. Hau oso Bilbokoa geratuko da, baina munduko onenak dira une honetan [barrez].
Benetan dira munduko onenak? Ez dago halakorik beste inon?
Momentu honetan ez dago halako eredurik inon. Badaude ereduak Kanariar Uharteetan, Hungrian eta beste herrialde batzuetan. Baina gure ereduak dituen zenbatekoekin, tokiko kultura modu horretan babesten dutenak, eta gainera euskaraz egindako filmentzat %10eko kenkari gehiagarria dutenak —Europako batzordeko oniritziarekin eta segurtasun juridikoarekin—, ez dago halakorik. Kasu honetan ere, berrikuntza edo deskarbonizazio kenkarien kasuan bezala, horiek transferitu egin daitezke.