• EKONOMIA
  • Izaskun Rama: "Egiturazko aldaketak behar ditugu negozioak egiteko aukera berberak izan ditzagun"

Izaskun Rama: "Egiturazko aldaketak behar ditugu negozioak egiteko aukera berberak izan ditzagun"

"Enpresa bat sortzeko prozesuan badira emakumeei bereziki eragiten diguten desberdintasunak", ohartarazi du EmakumeEkineko presidenteak

Izaskun Rama | Argazkia: utzitakoa
Izaskun Rama | Argazkia: utzitakoa
2026ko urriaren 20a - 05:30

INNPower 2026 Kopenhage-Bizkaia jardunaldiak eratu ditu Bilbon EmakumeEkin elkarteak, 'Gehiago irabazi, gehiago lan egin gabe' lelopean. Jardunaldien harira, Izaskun Rama elkarrizketatu du EnpresaBIDEAk, 2023az geroztik elkartearen presidentea dena.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nola iritsi zinen ekintzailetzaren mundura?

Ekintzailetza-teknikaria nintzen; garai hartan, autoenpleguko teknikariak ginen: negozio-planak egiten genituen eta enpresei aholkularitza ematen genien, batez ere negozioak abian jartzeko finantzaketari buruz. Gero, beste erakunde batzuetan ere aritu nintzen teknikari gisa, baina administrazio-lan asko egiten nuen ekintzaileentzako jarduerak antolatzen, eta ez hainbeste pertsonei laguntzen. Orduan erabaki nuen gehien gustatzen zitzaidana jendearekin zuzenean aritzea zela, eguneroko errealitatean murgilduta egotea. Horregatik, nire kontura lanean hastea erabaki nuen.

 

2015aren amaiera aldera hasi nintzen ideia horri bueltaka, eta 2016an EmakumeEkin aurkitu nuen sare sozialen bidez. Elkarteko kide egin nintzen, autonomo gisa alta eman aurretik ere. Jardunaldietan eta antolatzen zituzten ekitaldietan parte hartzen hasi nintzen. Urte batzuk geroago, talde eragilean sartu nintzen, Susana Acabella presidenteak modu aktiboagoan parte hartzera animatu ninduelako. Gero, presidentetzatik igaro diren beste lankide batzuekin aritu naiz, eta, pixkanaka, lekukoa hartzen joan naiz.

Zer esan nahi du zuretzat emakumeen ahalduntzeak, bai arlo ekonomikoan, bai profesionalean?

Guk, batez ere, gertatzen zaizkigun gauzak identifikatzetik lantzen dugu ahalduntzea. Ikuspegi kolektibotik lan egiteko aukera ematen digu. Beste emakume batzuekin partekatzen duzunean bizitzen ari zarena, konturatzen zara zuri gertatzen zaizuna beste batzuei ere gertatzen zaiela.

Ekintzailetza, berez, bide bakartia da neurri batean. Lanean aritu zaitezke ezer partekatu gabe, eta pentsa dezakezu zerbait egitea kostatzen bazaizu gaitasunik ez duzulako dela. Baina urte hauetan guztietan ikusi dugu gauza asko gertatzen zaizkigula emakume askori.

Zeintzuk dira gaur egun emakume ekintzaileek aurkitzen dituzten oztopo nagusiak?

Enpresa bat sortzeko prozesuan oztopo asko daude. Batzuk orokorrak dira, baina badira emakumeei bereziki eragiten diguten desberdintasunak ere. Horien artean daude finantzaketa eskuratzea eta diruarekin dugun harremana. Horrek eragina du hazkundea nola irudikatzen dugun, prezioak nola ezartzen ditugun eta egiten dugunaren balioa nola zehazten dugun.

Badago beste alderdi egiturazkoago bat ere: zaintza-lanen banaketa eta negozioak egiteko balio duten harreman-sare jakin batzuetara iristeko aukera.

EmakumeEkin elkartean urte asko daramatzagu gai horiek lantzen: konfiantza, lidergoa, gaitasun profesionalak, finantza-hezkuntza eta diruari buruz hitz egiteko eta egiten dugunari balioa emateko gaitasuna.

Inbertsio-erabakiak hartu behar direnean, etxea edo autoa erosi behar denean edo beste erabaki ekonomiko garrantzitsu batzuk hartu behar direnean, gizonek izan dute erabakitzeko ahalmena edo diru horren gaineko autonomia

Zer aldatu behar da egitura politiko eta sozialetan?

Horretaz elkarrekin hitz egiten hasten garenean, ikusten dugu arazo horiek egiturazko kontuekin dutela zerikusia. Ez da hainbeste gaitasunik ez dugula, baizik eta sistema bera ez dela berdintasunezkoa. Emakumeoi ez digute anbizioa izaten irakatsi, ez gaituzte arriskuak hartzeko hezi, eta ez digute erabakiak hartzen diren lekuetan egoteko behar besteko espaziorik eman.

Horrek guztiak gure negozioetan ere eragina du: gure burua ezagutarazteko moduan, saltzeko moduan eta enpresa sortzeko ikasi dugun moduan. Izan ere, ekintzailetzarena eta enpresaren eredu hegemonikoena gizonek sortutako ereduak dira.

Geure buruari balioa ematen, konfiantza sortzen, ikusgarri egiten eta espazioa hartzen ikasi behar dugu, baina egiturazko aldaketak ere behar ditugu negozioak egiteko aukera berberak izan ditzagun.

Nola nabaritu duzue emakume izateak finantzaketa eskuratzea zailtzen duela?

Lankide batzuei entzun diet bikotekidearekin bankura joan direnean elkarrizketa gizonezkoari zuzentzen ziotela, eta hari bakarrik egiten zizkiotela galderak. Hori da lehenengo gauza.

Batzuetan, emakumeek gidatutako proiektuetan konfiantza txikiagoa izaten dute. Gainera, datuek erakusten digute emakumeok diru gutxiagorekin ekiten diogula jarduerari, eta ekiteko ere diru gutxiago eskatzen dugula. Horrek lotura handia du diruarekin izan dugun harremanarekin.

Clara Coria egileak azaltzen zuen emakumeok beti arduratu izan garela “diru txikiaz”, hau da, etxeko diruaz: oinarrizko behar guztiak estalita egoteaz, bakoitzak berea izateaz, janaririk ez faltatzeaz eta dena ondo antolatuta egoteaz.

Baina inbertsio-erabakiak hartu behar direnean, etxea edo autoa erosi behar denean edo beste erabaki ekonomiko garrantzitsu batzuk hartu behar direnean, gizonek izan dute erabakitzeko ahalmena edo diru horren gaineko autonomia.

Gertatzen zaizkigun gauza batzuei izena jartzen lagundu digu, eta, konturatzen garenean ez zaizkigula guri bakarrik gertatzen, egoera horiek ikusgai egiten saiatzen gara

'Gehiago irabazi, gehiago lan egin gabe'. Zer proposatu gura izan duzue aurtengo lema deigarri horren bidez?

Ez dugu gutxiago lan egitea proposatzen, modu estrategikoagoan lan egitea baizik. Badira fakturazio handia duten negozioak, baina oso marjina txikiekin lan egiten dutenak. Beste batzuek emaitza hobeak lortzen dituzte espezializatzen direlako, balio handiagoa eskaintzen dutelako, baliabideak hobeto kudeatzen dituztelako edo proiektuak hobeto aukeratzen dituztelako.

Kontua da ez sartzea etengabe gehiago ekoizteko dinamikan. Azken batean, horrek guztioi eragiten digu: ordu gehiago, lan gehiago, fakturazio handiagoa, enplegu gehiago. Baina horri eskainitako denbora handitzea ez da beti posible. Denok ditugu baliabide mugatuak, eta egun bakoitzak 24 ordu ditu. Beraz, kontzienteki erabakitzea da gakoa: nola lan egin nahi duzun eta zure negozioa nola haztea nahi duzun. Arrakasta modu jakin batean irudikatzen digute, eta enpresen hazkundea ere bai, baina beste modu batean ere egin daiteke. Zure proiektuak hobeto aukera ditzakezu, egiten duzunari balio handiagoa eman, marjinak hobeto kudeatu edo merkatuan beste modu batean kokatu.

Zergatik aukeratu duzue Kopenhage jardunaldietako irudimenezko bidaiaren helmuga gisa?

INNPOWER jardunaldien zortzigarren edizioa da, eta irudimenezko bidaia bat egiten dugu. Horretarako, hiri bat aukeratzen dugu, eta aurten Kopenhage hautatu dugu.

Enpresa-garapena ulertzeko beste modu batzuk ezagutu nahi genituen. Gure jardunaldietako parte-hartzaile asko sormen-sektoreetako profesionalak dira, baina Kopenhage inspirazio-iturri ere bada berrikuntzaz, merkatuan kokatzeko moduez, emakumeek beren burua nola kokatzen duten aztertzeko eta beste negozio-eredu batzuk ezagutzeko.

Zer laguntza eskaintzen dio EmakumeEkin-ek negozio bat sortu nahi duen emakume bati? Bazkide izan behar al da laguntza jasotzeko?

Emakumeen negozioei laguntzeko eta haiek sendotzeko programak eta ekimenak diseinatzen ditugu. Horretarako, sarearen ahalmenaz baliatzen gara bereziki. Emakumeekin batera egindako lan horrek oztopo asko identifikatzeko aukera eman digu. Gertatzen zaizkigun gauza batzuei izena jartzen lagundu digu, eta, konturatzen garenean ez zaizkigula guri bakarrik gertatzen, egoera horiek ikusgai egiten saiatzen gara. Ulertzen laguntzen dugu ez direla norberaren arazo hutsak, egiturazko arrazoiekin lotuta daudela baizik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain