Jarraipen zabala izaten ari da Frantziako eta Ipar Euskal Herriko pentsio erreformaren aurkako greba

Ipar Euskal Herrian eragina izan dute protestek garraioan eta errepideetan. Baionan tren geltokia itxita dago eta bertatik abiatu da protesta jendetsua

Frantzian erretreta erreformaren aurkako hamabi protesta egun izan dira dagoeneko | Argazkia: Europa Press Frantzian erretreta erreformaren aurkako hamabi protesta egun izan dira dagoeneko | Argazkia: Europa Press

Emmanuel Macronen Gobernuak proposatutako erretretaren erreformaren aurka sindikatu nagusiek deitutako protestek jarraipen zabala izan dute. Sindikatuen arabera, 1,4 milioi pertsona kalera atera dira Frantzia osoan izan diren mobilizazioekin bat egiteko. Urtarrilaz geroztik egin duten seigarren mobilizazio handia da, eta lanuzte mugagabe baterako deia luzatu dute sindikatuek.

Ipar Euskal Herrian nabaritu da grebaren eragina. Garraio publikoa geldirik dago, Baionako tren geltokia itxita, eta egun osoan Bordele eta Hendaia artean tren bakarra ibiliko da, baina aldiriko trenik ez da espero martxan. Hegaldien erdiak ere bertan behera geratu dira Biarritzeko aireportuan.

Garraioan ez ezik, hezkuntzan ere jarraipen zabala izan du lanuzteak. Ikastetxeen gehiengoa itxita dago eta hamar irakasletik zazpik gutxienez grebarekin bat egin du, sindikatuek jakitera eman dutenez.

Arratsalderako manifestazio gehiago daude deituta, eta Parisen espero da protestarik jendetsuena.

Hala ere, grebaren eragina atzotik ari da nabaritzen Frantziako zenbait tokitan. Kamioilarien lehen blokeoak atzo, astelehena, hasi baitziren Frantziako errepideetan eta auto ilarak ere izan ziren atzo zenbait hiritako sarreretan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK