
Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko dirulaguntza onartu du Asett hubarentzako (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank), ekonomia sozialeko berrikuntzan eta jardunbide egokietan nazioarteko erreferente gisa finkatzeko helburuarekin. Mikel Torres buru duen Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak proposatu zuen laguntza.
Sailak nabarmendu du Asett ekimen aitzindaria dela, eta finantzaketari esker “EAEk sektore horretan duen ikusgaitasuna eta lidergoa” sustatuko direla. Dirulaguntzak estaliko ditu, bestea beste, funtzionamendu gastuak, nazioarteko posizionamendua eta unibertsitate, erakunde eta enpresentzako proiektu berritzaileen garapena.
Bere lehen urtean, hubak bere lehen nazioarteko foroa antolatu du, sare akademikoa sortu du eta gizarte ekonomia indartzeko ekimenak diseinatu ditu. Think tank gisa aritzea, prospektiba institutu gisa jardutea eta praktika onak zabaltzeko ideia-laboretegi bat sustatzea dira bere egitekoak.
Donostiako Miramar Jauregian dago Asett, eta lankidetza publiko-pribatuari esker sortu zen. Besteak beste, honako erakunde hauek babesten dute Asett: Eusko Jaurlaritza, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Cepes, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusia eta Mondragon Taldea.