• EKONOMIA
  • Jaurlaritzak 1.000 etxebizitza babestu mobilizatuko ditu datozen hilabeteetan

Jaurlaritzak 1.000 etxebizitza babestu mobilizatuko ditu datozen hilabeteetan

Etxebizitzaren gaineko Premiazko Neurrien Legearen bidez mobilizatuko dituzte etxebizitzak. Gasteizen, Bilbon, Leioan, Arrasaten eta Mutrikun 250 zuzkidura-bizitoki berri ere eraikiko dira

Itxaso eta Apraiz, gaur Gasteizen | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Itxaso eta Apraiz, gaur Gasteizen | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026eko urtarrilaren 14a - 15:53

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila eta Eudel EAEko ehun bat alkate eta zinegotziekin bildu dira gaur Lakuan. Eusko Legebiltzarrak abenduaren 11n onartutako Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza Arloko Premiazko Neurrien Legearen (PNL) hedapenari buruzko prestakuntza-saioa egin dute.

 

Arau berriak biltzen dituen tresnak “modu praktiko eta koordinatuan” helarazi nahi ditu Jaurlaritzak. Eudeleko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek eta Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gidatu dute saioa, eta azaldu dute "bizitegi-premiari" erantzuteko eta etxebizitza babestuak eraikitzeko "lurzoru kalifikatuen mobilizazioa urteetan moteldu duten oztopoak ezabatzeko" sortu dutela araudia.

“Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak izugarri zailtzen du erantzun arin eta eraginkorrak ematea, eta erantzun mota hori da etxebizitza-premia duten pertsonek eskatzen digutena. Lurzoru bat garatzeko eta etxebizitza bat entregatzeko zortzi edo hamar urteko epeak, aipatutako legearen esparruan ohikoak direnak, onartezinak dira argi eta garbi", adierazi du Itxasok.

 

Era berean, Eudeleko elkarteburuak azpimarratu du etxebizitza lehentasun komuna dela alkate guztientzat. Apraizek "erantzunkidetasuna eta erakundeen arteko lankidetza" eskatu du, baita udalerrien arteko elkarlana ere, "tokiko erantzuna" emateko.

2026. urtearen hasieran Denis Itxasoren sailak hainbat proiektu pilotu gauzatuko ditu. Proiektu horiei esker, PNLren neurriak “modu praktikoan” aplikatu ahal izango direla azaldu du, eta udalerrientzat erreferentzia gisa balioko dutela. Oro har, proiektu horiek 1.000 etxebizitza babestu inguru mugiaraztea aurreikusten dute, tartean Portugaleteko (Bizkaia) 525 etxebizitza. Halaber, Gasteizen, Bilbon, Leioan, Arrasaten eta Mutrikun 250 zuzkidura-bizitoki berri eraikiko dira.