Eusko Jaurlaritzak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera kudeatuko ditu kotizazio gabeko pentsioak eta langabeziari lotutako dirulaguntzak. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak bost eskumen eskualdatu dituzte gaur goizean Madrilen, atzo akordio batera ailegatu zirela jakinarazi ostean.
Kotizazio gabeko pentsioak eta langabeziari lotutako dirulaguntzak ziren bi gobernuen artean desadostasun handienak sortzen zituzten eskumenak, eta atzo azken orduan iritsi ziren akordio batera. Eskualdatutako beste hiru eskumenak honakoak dira: itsas salbamenduarena, Barakaldoko makineria zentroarena eta eskola aseguruarena. Azken hau ere 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera kudeatuko du Jaurlaritzak. Itsas salbamenduarena eta Barakaldoko makineria zentroarena, aldiz, 2027ko urritik aurrera.
Espainiako Gobernuaren Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioan sinatu dute akordioa gaur goizean, eta bilera osteko agerraldian akordioaren nondik norakoak argitu ditu Maria Ubarretxena Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak. Berarekin batera izan da Angel Victor Torres Espainiano Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa.
Halaber, gaur goizeko bileran parte hartu dute Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Noel d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak.
Ubarretxenak nabarmendu du "autogobernuaren aldeko" urrats garrantzitsua eman dutela gaur, eta Itun Ekonomikoaren garrantzian jarri nahi izan du azpimarra, autogobernua gauzatzeko giltzarria dela argudiatuta.
Era berean, Mikel Torresek “leialtasuna eta elkarrizketa” azpimarratu ditu, akordioaren giltzarri gisa. Egin diren eskualdaketa horietako asko bere sailera bideratuko dira, Lan eta Enplegu sailera, hain zuzen. Torresen hitzetan, “kudeaketa hurbilagoa eta eraginkorragoa” egin ahal izango dute, eta nabarmendu du “aurrerapauso garrantzitsua” dela autogobernuaren garapenean.
Horrekin batera, gogorarazi du, transferentzia horiek gauzatuta, EAE langabeziari loturiko prestazioak “modu integralean” kudeatzen dituen lehen autonomia erkidegoa izango dela, “horrela enplegu politika aktibo eta pasiboen euskal sistema estrategia beraren baitan osatuz”.
Lehendakariaren txostena
Gaurko bileraren harira, Imanol Pradales lehendakariak ere adierazpenak egin ditu Gasteizko Capital Foroan. Azaldu du Eusko Jaurlaritza txosten bat egiten ari dela Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuaren baitan bete ez dituen akordioen inguruan. Gaurko bileran bost eskumen eskualdatuta, estatutuan zehaztutako hamasei geratuko lirateke transferitzeko.
Pradalesen gobernuak Madrilen “benetako borondatea” egiaztatu nahi du txosten horren bidez. Lehendakaria, halaber, pozik azaldu da uztailean adostu zituzten bost transferentziak eskualdatu izanaz. Baina ohartarazpen bat egin dio Pedro Sanchezen gobernuari: “Gernikako Estatutua ez da alda daitekeen txanpona, ezta bizirauteko baliabide bat ere”, esan du.