Eusko Jaurlaritzak 2025-2027 bitarterako enplegu plana onartu du gaur egindako Gobernu Bileran. Plan horretan aurreikusten da 20.000 enplegu sortzea datorren bi urteetan.
Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak ondutako plana da, eta azaldu dutenez, lan merkatuan aldaketa “sakon” ugari ematen ari diren testuinguruan landu dute: biztanleria aktiboaren zahartzea, belaunaldi erreleboa, digitalizazioa, trantsizio energetikoa…
Mikel Torres sailburua buru duen sailak zehaztu du enplegu "egonkor eta inklusiboagoa" nahi dutela, baita "kalitate handiagokoa" ere. Hala, gaur onartutako planak sei ardatz estrategiko nagusi izango ditu: kalitatezko enplegua eta lan baldintza duinak; gaitasunak, talentua eta ekoizpen sarearekin lotutako trantsizioak; inklusioa, berdintasuna eta gizarte kohesioa; enplegu arin eta eraginkorrari laguntzeko ekosistema; lurraldea, berrikuntza publikoa eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzea; eta enpresa eta enplegu pribatua, hazkundearen, sustraitzearen eta kalitatezko enpleguaren palanka gisa.
Hainbat kolektiborengan ere arreta berezia jarri dutela azaldu dute Jaurlaritzatik, hala nola, gazteak, 45 urtetik gorakoak, desgaitasunen bat dutenak, emakumezkoak eta zaurgarritasun egoeran daudenak.