
ELAk eta LAB sindikatuek ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzak aste honetan proposatutako gutxieneko soldataren igoerak "eragin marjinala" izango lukeela, eta adierazi dute soldata igoera soilik 10.000 langilek nabarituko luketela. Baldintza okerrenak dituzten langileek ez lukete hobekuntzarik sumatuko, sindikatuen arabera. ELAk eta LABek nabarmendu dute gutxieneko soldatak bereziki langile horiei egin behar diela mesede.
Bi sindikatuetako ordezkariak Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan sailburuarekin bildu dira gaur. Torresek asteartean elkarrizketa sozialeko mahaiean adostutakoak azaldu dizkie, bertan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hitzarmeneko gutxieneko soldata bati buruz Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa aurkeztu baitzen.
ELA eta LABentzat ezer gutxirako balio du ikerketa horrek. “Lan munduaren inongo ezagutzarik ez duen ikerlari talde batek” egin duela diote oharrean, eta “hitzarmen kolektiboen egoerari buruzko oinarrizko informazioak gaizki interpretatu” dituztela.
Era berean, sindikatuek zehaztu dute Jaurlaritzak ez dituela kontuan hartzen azken urteetan enpresek lortutako irabaziak, ez eta euren lantaldeak sortzen duen produktibitatea. Helburua ez "kohesio soziala, desberdintasuna murriztea, ezta aberastasunaren banaketa justua ere".