• EKONOMIA
  • Jon Gurrutxaga (GFA): "Gure ongizate mailari eusteko, ETEek lehiakorrak izaten jarraitu behar dute"

Jon Gurrutxaga (GFA): "Gure ongizate mailari eusteko, ETEek lehiakorrak izaten jarraitu behar dute"

Lurraldeko industriaren etorkizuna eraiki asmoz, adimen artifiziala, kudeaketa parte-hartzailea, nazioartekotzea eta teknologia kuantikoak landuko dira Re-Think Industry topaketan

Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria da |Argazkia: GFA
Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendaria da |Argazkia: GFA
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko azaroaren 12a - 05:30

Laugarren urtez bilduko dira gaur Gipuzkoako enpresak Re-Think Industry topaketan, zeina (bereziki) enpresa txiki eta ertainei (ETEei) bideratuta dagoen. Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendariak azaldu duenez, goiz osoan zehar 600 pertsona inguru elkartuko dira Donostiako Kursaalean, eta industria-ehuna indartzeko helburuarekin erdigunean jarriko dituzte lankidetza eta berrikuntza.

 

Zergatik uste duzu Re-Think Industry hitzordu garrantzitsua dela?

Gipuzkoan ongizate maila ona mantentzeko beharrezkoa da ekonomia indartsu bat. Horretarako, gure enpresak lehiakorrak eta iraunkorrak izan behar dute. Bestetik, gure lurraldea enpresa txiki eta ertainez osatuta dago, eta, hortaz, zentzu guztia dauka Re-Think Industry bezalako ekitaldia ETEetara bideratzea. Gainera, bere momentuan hutsunea ikusi genuen enpresa txiki horien erronkak eta beharrak partekatzeko. Itxuraz, asmatu genuen, urtez urte hazten joan baita ekitaldia.

 

Lehenengo edizioa 2022. urtekoa izan zen, pandemiaren ostean; gogoan dut dataz aldatu eta hilabete atzeratu behar izan genuela. Edizio hori eta bigarrena eraldaketa digitalera bideratu genituen, baina 2024 urtekoan harago joan ginen eta ekonomia departamentuan jorratzen ditugun beste gai batzuei heldu genien: ekonomia berdea, ETEak hazi ahal izateko gakoak, belaunaldien arteko erreleboa…

Eta aurten?

Aurtengoa 4. edizioa izango da, eta betiko legez, hiru ataletan banatuta egongo da. Lehenengo atalak esaldi inspiratzaile bat izaten du oinarri, eta bisio estrategikoa duten mundu mailako zein Europa mailako pertsonak ekartzen ditugu; aditu horiei eskatzen dieguna da, haien esperientzia oinarri izanik, Gipuzkoa mailan zein ahulezia eta zein indargune ditugun aztertzea eta ETEek zer egin dezaketen hausnartzea.

Bigarren atalean lau mahainguru antolatzen dira: bi saio egiten dira aldi berean bi gelatan. Enpresa txiki eta ertainak izaten dira protagonistak, eta mahainguruan jorratzen den gaiaren arabera, parte hartzen duen enpresa bakoitzari eskatzen diogu azaltzea alor horretan zein proiektu garatu dituen. Proiektu horiek ispilu gisa jarri nahi ditugu, oraindik ere egitasmo eta prozesu berritzaile eta eraldatzailerik egin ez dutenak anima daitezen. Azkenean, ETEentzako kasu praktikoak ikusarazi nahi ditugu, beste batzuk kontura daitezen beraiek ere gai direla antzeko proiektuak martxan jartzeko.

"Zentzu guztia dauka Re-Think Industry bezalako ekitaldia ETEetara bideratzea"

Hirugarren atala hitzaldi teknologikoarena izaten da, batez ere, joeretan fokua jarrita. Esaterako, esango nuke bigarren urtean adimen artifizialari buruz hitz egin zela; aurten kuantikari buruz izango da. Hiru atal horiek izaten ditu kongresuak urtero, eta aurten ere hala antolatu da.

Zehazki, zein erronka zehatzei heldu nahi diozue?

Ekitaldiak hiru ardatz nagusi izango ditu. Lehenengo saioa pixka bat aldatuko dugu: hitzaldiaren ordez, elkarrizketa bat izango da Eider Mendoza diputatu nagusiaren eta Cristina Garmendia Cotec Fundazioko patroiaren artean. Bertan, ETEek ezagutzaren gizartean dituzten aukerak eta mehatxuak aztertuko dituzte, eta, ziur aski, prozesu berritzaile eta eraldatzaileak martxan jartzeari buruzko hausnarketa ere egingo dute. Xabier Aizpuruak, Basque Quantumeko zuzendari nagusiak, gidatuko duen saioa ere izango dugu; teknologia kuantikoari buruz arituko da, Teknologia Kuantikoak: Zientziatik Industriara izenburupean. Tartean, mahainguruak izango dira, eta bertan adimen artifiziala, nazioartekotzea, ekintzailetza eta kudeaketa parte-hartzailearen eredu berriak jorratuko ditugu.

Zergatik gai horiek?

Urtero egiten dugu proposamen zerrenda bat landu ditzakegun gaiekin, eta aurreko urteko Re-Think Industry ekitaldian jaso genuen feedbackaren eta gure egungo proiektuen arabera, uste genuen horiek zirela ETEentzat erakargarrienak, haien proiektuak martxan jartzen laguntzeko. Zerrenda luzeagoa edo motzagoa izan genezakeen, baina horietan jarri dugu fokua aurten.

Kongresua Etorkizuna Eraikiz estrategiaren parte da. Zertan datza?

Etorkizuna Eraikiz guretzat elkarlanerako marko eta eredu bat da. Gipuzkoan enpresei laguntzeko modua lankidetzatik ulertzen dugu beti: garapen agentziekin, klusterrekin, elkarteekin, zentro teknologikoekin eta bestelako eragileekin sarean lan eginez. Etorkizuna Eraikiz programak marko komun hori eskaintzen digu, eta horri esker elkarlan hori modu egituratuan garatu dezakegu.

Garapen agentziek kapilaritate handia ematen digute, Gipuzkoako bailara guztietan daudelako eta horien bitartez aldundia errazago iristen delako enpresetara. 2017an sinatu zen lehen lankidetza-hitzarmena, 2021ean berritu zen, eta aurten ere eguneratu dugu; hitzarmen horiek oinarrizkoak dira konpainien erronkei aurre egiten laguntzeko.

"Re-Think Industry urtez urte hazten ari da, eta aurten 600 pertsona inguru biltzea espero dugu, horietatik %60 inguru ETEetako ordezkariak izanik"

Baina ez gara garapen agentzietara mugatzen: prozesu bakoitzaren beharretara egokituz, beste eragile batzuk ere txertatzen ditugu. Berrikuntza teknologikoarekin lotutako proiektuetan, adibidez, zentro teknologikoekin, Teknikerrekin, Innobasquerekin eta beste hainbat erakunderekin egiten dugu lan. Horrek guztiak ahalbidetzen du Re-Think Industry bezalako proiektuak gauzatzea, eta lurralde mailako lankidetza-sare horri esker Gipuzkoako industria-ehuna sendotzea eta berrikuntza sustatzea.

Zein modutan ari zarete Gipuzkoako ETEei laguntzen eraldaketa digital eta berritzaile horretan, adimen artifiziala edo kudeaketa-eredu berriei dagokionez?

Gure aldetik ez ditugu soilik adimen artifiziala edo kudeaketa-eredu berriak lantzen; beste arlo askotan ere ari gara lanean. Bai garapen agentzien bidez, bai dirulaguntzen bidez, ETEei babesa ematen diegu beren proiektuak martxan jar ditzaten. Lehen aipatu dudan zerrenda luze horretan, lan-lerro ugari ditugu.

Uste dugu mundua gero eta azkarrago eraldatzen ari dela, eta, beraz, guk ere abiadura horretan jardun behar dugula. Gainera, adierazleek erakusten dute gure enpresa txiki eta ertainek berrikuntza arloan ahultasun batzuk dituztela beste herrialde aurreratuagoekin alderatuta. Horregatik, oinarri sendoetatik abiatuta, aldunditik sustatu nahi dugu enpresek eraldaketaren bidea har dezaten, eta horri begira garatu ditugu aipatutako lan-lerro guztiak.

Nazioartekotzea erronka handia izan daiteke ETE askorentzat. Zein modutan ari zarete arlo hori sustatzen?

Nazioartekotzea gure lan-arloetako bat da, eta bi tresna nagusiren bidez lantzen dugu. Batetik, Gipuzkoako Ganberarekin hitzarmen bat dugu sinatuta; eta bestetik, dirulaguntza deialdi bat, bi edo hiru lan-lerrorekin.

Ganberarekin daukagun hitzarmenaren bidez, oinarri teknologikoko start-upei zuzenean ematen zaizkie nazioartekotze-prozesuetarako laguntzak.

Bestalde, dirulaguntzen deialdi horietan ETEak aurkez daitezke, nahiz eta dirulaguntza-ildoetako bat zehazki elkarteei eta klusterrei zuzenduta egon; hori bai, klusterrek euren bidez ETEen nazioartekotzea sustatu behar dute, eta, horretarako, gutxienez hamar enpresek parte hartu behar dute aurkeztutako proiektuan.

"Uste dugu mundua gero eta azkarrago eraldatzen ari dela, eta, beraz, guk ere abiadura horretan jardun behar dugula"

Zer esango zenieke oraindik kongresuan izena eman ez dutenei? 

Gure ongizate-maila mantentzeko, Gipuzkoan ditugun ETEak lehiakorrak eta iraunkorrak izaten jarraitu behar dute. Bai ala bai, enpresa berritzaileak behar ditugu, eta Re-Think Industry bezalako ekitaldiak aukera paregabea dira, bai prozesu eraldatzaileak oraindik hasi ez dituzten konpainientzat, lanean has daitezen, bai bidean daudenentzat, aurrera egiten jarrai dezaten.

Re-Think Industry urtez urte hazten ari da, eta aurten 600 pertsona inguru biltzea espero dugu, horietatik %60 inguru ETEetako ordezkariak izanik.

Ekimenaren ikuspegia oso zabala da: hainbat gai jorratzen ditugu, bai berrikuntza teknologikoarekin lotutakoak, bai bestelako berrikuntzak ere. Horregatik, gonbidapena luzatzen diet guztiei: animatu eta etorri azaroaren 12an Kursaalera, elkarrekin ikasi eta elkar inspiratzeko.