Euskal industriaren lehiakortasuna ez da modako teknologia bat aukeratzean jokatuko, teknologia hori lantegian, datuetan eta produkzio prozesuetan txertatzeko gaitasunean baizik. Hor kokatzen du Jon Kepa Gerrikagoitiak, BRTAko arduradun zientifiko-teknologikoak, hurrengo urteetako erronka: ezagutza zientifiko-teknologikoa industria aukera bihurtzea. “Ez dugu teknologia teknologiagatik sortzen”, dio. Haren ustez, berrikuntzak norabide industrial bat behar du, eta norabide hori enpresen beharretatik abiatu behar da.
BRTA, Basque Research and Technology Alliance, EAEko ikerketa eta teknologia aliantza da. Zentro teknologikoak eta ikerketa kooperatiboko zentroak biltzen ditu, eta bere egitekoa ez da ezagutza sortzea soilik: ezagutza hori produkzio sistemara eramatea da gakoa. Industriaren arazoak ulertu, konponbideak garatu eta gaitasun berriak balio kateetan txertatzea.
EAEk badu oinarri sendo bat: urte luzez eraikitako ekosistema industrial eta teknologikoa. Energia, automozioa, metalurgia, makina-erreminta edo fabrikazio aurreratua sektore garrantzitsuak izan dira iraganean, eta hala dira oraindik. Baina indargune horiek ez dira automatikoki etorkizun bihurtuko. Eraldaketa horretan asmatzen ez bada, gaurko lehiakortasuna biharko ahulgune bihur daiteke.
"Ez dugu teknologia teknologiagatik sortzen”, dio Gerrikagoitiak. Haren ustez, berrikuntzak norabide industrial bat behar du, eta norabide hori enpresen beharretatik abiatu behar da
Horregatik, estrategia ez da dena besarkatzea, ondo aukeratzea baizik. “Txikiak gara, eta ezin dugu guztia egin”, azpimarratu du Gerrikagoitiak. Esaldi horrek laburbiltzen du dilema: jakin behar da zer mantendu, zer eraldatu eta non sortu jarduera berria. Automozioan mugikortasun jasangarria, elektrifikazioa edo gidatze autonomoa daude jokoan; energian, berriztagarriak, hidrogenoa edo bateriak, esaterako.
Berrantolaketa horretan, berrikuntzarekiko harremana ezin da modaren arabera eraiki. Gerrikagoitiak ohartarazten du hypeak arriskutsuak izan daitezkeela. Tresna batek itxaropen handiak sortzen dituenean, emaitzak berehala iristen ez badira, bide estrategiko bat goizegi baztertzeko arriskua dago. “Askotan hypeak berak eramaten du teknologia alde batera uztera, sortutako itxaropenak epe laburrean betetzen ez direlako”, azaldu du.
Adimen artifizialak ondo erakusten du arrisku hori. Denek hitz egiten dute horretaz, modan dago, baina lantegi batean benetan txertatzea ez da tresna bat erosi eta martxan jartzea; ez da moda jarraitzea bakarrik. “Adimen artifiziala ez da magia”, azpimarratu du Gerrikagoitiak. Datuak behar dira, eta kalitatezkoak izan behar dute. Azpiegitura, gobernantza eta prozesua ondo ezagutzen duten pertsonak behar dira. “Ez da teknologia erostea bakarrik; enpresako prozesuak eraldatzea da helburua”, laburbildu du.
Jon Kepa Gerrikagoitia: “Pertsonak eta teknologia batera jartzen dituzunean, batera lan egiten ikasi behar dute. Ezin da makinarik egon pertsonarik gabe”
Horregatik, adimen artifizialaren balioa erabilera kasu zehatzetan neurtzen da. Makina baten matxura aurreikustea, geldialdi ez-planifikatuak saihestea, produkzio lerro baten errendimendua aztertzea edo akats baten jatorria ulertzea ez dira titular handiak, baina hor eraikitzen da abantaila lehiakorra. Makina bat gelditzen bada, kostua dago; datuak sortzen badira baina ez badira interpretatzen, aukera bat galtzen da. BRTAren zeregina puntu horretan kokatzen da: arazoa entzun, ikuspegi teknologikotik formulatu eta konponbide posible bat probatzeko bide segurua eskaintzea.
Baina eraldaketa ez da soilik makinena. Pertsonena ere bada. Datuak biltzeak, prozesuak neurtzeak eta erabakiak sistematizatzeak tentsioak sor ditzake lantegietan. Gerrikagoitiak argi du: “Pertsonak eta teknologia batera jartzen dituzunean, batera lan egiten ikasi behar dute. Ezin da makinarik egon pertsonarik gabe”. Eraldaketa digitala, azken batean, aldaketa kulturala ere badelako.
Begirada hori are zabalagoa da autonomia teknologikoaz hitz egitean. Gerrikagoitiak EAE Europako testuinguruan kokatzen du. “Euskadi Europan kokatu behar dugu”, dio. Mendekotasun estrategiko handietako batzuk mundu digitaletik datoz: hodeiko azpiegiturak, hipereskalatzaileak, txipak, erdieroaleak eta adimen artifizial sortzailearen oinarrizko ereduak. Horietako asko Europatik kanpo garatzen dira, eta horrek euskal enpresei ere eragiten die, menpekotasuna sortuz. Lehengaietan ere badago ahulgune bat: EAEk ez ditu behar dituen material kritiko guztiak bertan sortzen. Horregatik, ekonomia zirkularrak garrantzi estrategikoa izango du, metalak berreskuratzeko, txatarra produkzio sistemara itzultzeko edo baterien zikloa ixteko.
Gerrikagoitiak onartzen du EAEk erronka zaila duela: harrobia mugatua da, eta profil zientifiko-teknologikoak erakartzea eta bertan mantentzea ez da erraza. Baina haren ustez, soldata ez da aldagai bakarra
Etorkizun horretarako, talentua ere ezinbestekoa izango da. Gerrikagoitiak onartzen du EAEk erronka zaila duela: harrobia mugatua da, eta profil zientifiko-teknologikoak erakartzea eta bertan mantentzea ez da erraza. Baina haren ustez, soldata ez da aldagai bakarra. “Proiektu interesgarriak behar ditugu”, dio. Maila teknologiko handiko erronkak eta balio kate osoak aktibatzen dituzten egitasmoak behar dira; bizi kalitatea, ingurune segurua eta zerbitzu eta politika publiko sendoez gain.
Hortik ulertu behar da BRTAren egitekoa: hari horiek guztiak lotzea. Industriaren beharrak, ezagutza aplikatua, pertsonak, zentroak, enpresak eta administrazioak norabide berean jartzea. Enpresa batek arazo bat duenean, ez du zertan hasieratik inbertsio handi bat egin. Lehen urratsa kontzeptu proba txiki bat izan daiteke, irtenbideak benetan balio duen ikusteko.
Gerrikagoitiaren mezua ez da baikortasun eroso bat. Euskal industriak badu oinarria, eta badu gaitasuna etorkizuneko lehia teknologikoan tokia egiteko. Baina oinarriak, berez, ez du etorkizuna bermatzen. Hurrengo lehia ez da teknologia izendatzean jokatuko, teknologia hori enpresen egunerokoan sartzeko gaitasunean baizik. Hor neurtuko da BRTAren zubi lana: promesa teknologikoa benetako aukera industrial bihurtzeko gai den ala ez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta