BRTA (Basque Research & Technology Alliance) hamazazpi zentro teknologikoz eta ikerketa kooperatiboko zentroz osatuta dago. Aliantzako eragileek modu koordinatuan egiten dute lan, ezagutza eta teknologiak sortzeko helburuarekin. Lortutako emaitzak enpresetara, industriara eta gizartera transferitzeaz ere arduratzen dira, industria sendoagoa eta gizarte aberatsagoa sortu asmoz.
Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak industria planak aliantzarentzat izango duen garrantziaz mintzatu da, baita ezagutzen transferentziaz eta hizkuntza-kudeaketaz ere.
Nolakoa izan da 2025 urtea BRTArentzat?
BRTAren 2025eko balantzea egiterakoan, bi alderdi azpimarratu behar ditugu. Alde batetik, nabarmendu dezakegu zentroek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta indarguneak enpresa-mundura eramateko egindako lana, baita horri lotutako komunikazioa ere. Zentroen koordinazioa eta euskal industria eta enpresa-munduarekiko harremana sendotzeko lan egin dugu. Bestetik, etorkizunera begira aurten landu dugun bide-orria ere oso garrantzitsua da, datozen urteetarako norabidea zehazten baitu.
Zein da etorkizunerako bide-orri hori?
Industria plana da gure jarduna gehien markatuko duena. Bi helburu nagusi ditugu gure zentroekin, eta horiei ekitea da gure asmoa. Lehenengoa da euskal enpresen maila teknologikoa igotzea, eta horretarako hainbat jarduera dauzkagu martxan. Bigarren asmoa da euskal enpresen esparruan balio kateak osatzea, eta horretarako jardueren artean daude, besteak beste, start-upak sortzea, oraingo enpresek kanpoan erosten dutena etxean egitea, dibertsifikazioa sustatzea edo teknologiaren munduan subiranotasun handiagoa izatea... Horiek dira industria planetik guretzat ateratzen diren helburu nagusiak.
Bestalde, badira industria planaz harago beste helburu batzuk ere. BRTAn baditugu zentro sektorialak, hala nola, elikadura mundukoak edota lehen sektorekoak, eta horietarako ere baditugu helburu zehatzak. Elikadura sektoreari dagokionez, gure eskaintza argi izan nahi dugu; lehen sektorean, berriz, one health kontzeptua (animalien osasuna, ingurumenarena eta gizakiena, sistema batean) lantzeko asmoa dugu.
Gure beste zentro batzuk CICak dira, hau da, ikerkuntza kooperatiborako zentroak, eta horiekin egin behar duguna da beren bikaintasunezko ikerkuntza indartu, bai oinarrizko ikerketan, bai aplikatuan. Zientzia arloan dibulgazioa eta gizarteratzea ere indartu nahi ditugu.
Industria planean zein rol jokatuko du BRTAk?
Industria planak hiru helburu nagusi ditu: industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago. Industria hobe horren harira, gure helburua izango da industriaren maila teknologikoa hobetzea. Horretarako, zentroek dituzten ezagutzak, balioak eta azpiegiturak ondo zehaztu eta argitaratu nahi ditugu, enpresek jakin dezaten zein den gure eskaintza industria planak zehaztutako lehentasunezko hamar sektoreetarako. Jakin nahi dugu zentro bakoitzak sektore bakoitzari zer eskaini ahal dion. Orain arte teknologiatik abiatuta egin ditugu ariketa horiek, baina orain sektoreetara bideratuta egingo ditugu. Horrela, alor bakoitzeko konpainiek argi izango dute zein diren haientzako erantzunak eta gaitasunak dituzten zentroak.
"Enpresa handiek badakite zentroak non dauden, eta orain gainera sektoreko gure eskaintza argiago izango dute, baina txikiengana iristeko esfortzu hori ere egin behar dugu"
Horretaz gain, start-upen gaia dago. Zentroek transferentzia egiteko beste modu bat da, eta hori indartu nahi dugu. Azken finean, zentroek aktibo teknologiko bat sortzen dute, eta hori babestu eta indartu nahi dugu.
Bestetik, enpresa txikietara hobeto iritsi nahi dugu, eta enpresa gehiagotara iritsi. Oraindik ere enpresa euskaldun askok ez dakite 17 zentro eta 4.300 profesional daudela beren zerbitzura. Irismena eta kapilaritatea lortzeko proiektu pilotu bat lantzen ari gara, eta hori zabaltzeko asmoa dugu. Elkarlanean ari gara eskualdeko garapen agentziekin, diputazioekin eta bestelako eragileekin, gaitasunak koordinatu eta irismen hori edukitzeko. Enpresa handiek badakite zentroak non dauden, eta orain gainera sektoreko gure eskaintza argiago izango dute, baina txikiengana iristeko esfortzu hori ere egin behar dugu.
Zein lanketa egiten duzue enpresa txikiengana iristeko?
Gauzak egin ditugu eta jarraituko ditugu egiten. Aipatutako irismena lantzeaz gain, uste dugu komunikazioa oso garrantzitsua dela. Badugu komunikazio estrategia enpresa eta ekonomia mundura iristeko, baina bestelako lanketa bat behar da gizartearengana heltzeko, azkenean, enpresa txikiagoetan ardura duten pertsonak gu bezalako gizarteko jendea delako. Beraz, gizarterengana iristean, enpresa txikietako arduradunengana iritsiko gara. Horretarako, garrantzitsua da beste konpainia txikien adibideak azaltzea: zer egin duten, zerk funtzionatu duen… haien hitza eta ahotsa plazaratzen dugu, azal dezaten zentroekin izan duten lankidetzatik zerk eduki duen eragin positiboa beraientzat.
Badaude bestelako mekanismo batzuk ere. Hemen badauzkagu enpresa handiak, eta beren inguruan balio katea osatzeko enpresa txikiagoak daude. Konpainia handiek maila teknologikoa igo nahi dutenean, bai beraiena, bai balio kateko enpresena, haien bitartez iristen gara enpresa txikietara.
Garbiñe Manterolak, BRTAko Transferentzia zuzendariak, EnpresaBIDEAn azaldu zuen zentroek eta eragileek “batak bestea ulertzeko zailtasunak” dituztela. Zer iritzi duzu?
Hori horrela da. Oraindik ere eragileak, bai enpresa mundukoak, bai zentroen mundukoak, elkar ezagutzeko lan gehiago egin behar dugu. Askotan, enpresak beren gauzetan lanean ari dira, produkzioan eta salmentetan; zentroen artean ere konexioa landu behar dugu, sarri bakoitzak bere aldetik egiten baitu bidea. Elkartuko bagenitu, askoz ere eskaintza teknologiko indartsuagoa edukiko genuke. Horretan ere saiatzen ari gara, pixkanaka, elkarguneak sortzen, zentroetako ikertzaileak elkar ezagutu eta antzeko arloetan dabiltzanak jakin dezaten batak eta besteak zer egiten duen. Etorkizunean, epe motzera begira, indartu nahi dugu sektore espezifikoei erantzun onak emateko eskaintza bateratu hori, zentro desberdinen arteko indarrak batuta. Egun ez dira elkarren artean ezezagunak, egin da horrekiko lana eta badago ibilbidea, baina gehiago egitea ere badago.
Zentroetan nola kudeatzen dira hizkuntzak?
Zentroetan eta enpresetan batetik bestera desberdintasunak daude, baina hizkuntzen kudeaketa beharrezkoa da eta gehienek egiten dute. Zergatik? Hor dauzkagu bertako hizkuntzak, eta, adibidez, euskaraz lan egin ahal izateak indarra ematen dio zentro bati, jendea erakartzen duelako. Gazteentzat, gure herriko eskualde askotan, bere hizkuntzan lan egiteko aukera izatea plus bat da. Bestalde, gure zentroek lan asko egiten dute nazioartean, oso naturala da hori, eta hor ere hizkuntzak kudeatu behar dira. Atzerritik etorritako jendea dator, eta oraindik bertako hizkuntza menderatzen ez dutenez, ingelesa oso modu naturalean erabiltzen da lan-hizkuntza gisa. Ikerkuntzen emaitzak ere askotan kanpoko enpresetara transferitzen dira, ingelesez sarri.
"Euskaraz lan egin ahal izateak indarra ematen dio zentro bati, jendea erakartzen duelako"
Euskarari dagokionez, badaude azpimarratzeko moduko beste alderdi batzuk ere. Gure zentroetako batzuek euskararen presentzia indartzeko lana egiten dute arlo zientifikoan eta mundu digitalean, modu aktiboan. Adibideak hor daude: alde batetik, terminologia sortzeko lana. Gure material arloko zientzialari eta ikertzaileek beren esparruetako terminologia definitu eta landu dute. Bestetik, mundu digitalera begira hizkuntzaren corpusa behar da, eta corpus hori osatzeko gure zentroek aktiboki lan egiten dute, ikerketaren eta teknologiaren mundutik ekarpena eginez, horretarako konpromiso argia dutelako.
Badaude beste batzuk hizkuntza-teknologian ari direnak: itzultzaile automatikoak, azpitituluetarako tresnak, transkripzioetarako erremintak... Hor ere ikusten ari gara beste hizkuntzetan garatzen ari direla tresnak, eta gurean ere ari dira, gure herriarekiko daukaten arduragatik eta erantzukizunagatik.
Hizkuntza-teknologiek eta adimen artifizialak zer nolako eragina dute BRTAn eta zentroetan?
Lana egiteko modua aldatzen ari da, baita ikerkuntzan ere. Adimen artifiziala oraindik ere gainbegiratu behar den teknologia bat da, baina BRTA laguntzen ari da adimen artifiziala enpresa mundura eramaten, modu praktiko batean. Enpresen prozesuetan, kalitatean, efizientzian, datuen erabileran eta analitikan, prozesuak automatizatzeko, erabakiak hartzeko… gure zentroak ari dira konpainiak laguntzen teknologia hauek barneratzen eta erabiltzen.
Gero, badaude beste batzuk, zentro digitalenak, zeinak gaia ikertzen ari diren, adimen artifiziala modu fidagarrian erabil dadin. Jardunaldiak ere antolatu ditugu, eta eraman izan ditugu enpresak kontatzera zentroekin zer nolako esperientziak izan dituzten, kasu praktikoak azaltzera, alegia. Batzuk, adibidez, medikuntzaren arloan irudi medikuetarako erabili izan dute adimen artifiziala, beste batzuk industria munduan zibersegurtasunari lotuta, eta abar. Betiere ahalegintzen gara enpresen mundura iristeko adibideak eramaten halako jardunaldietara.