Estreinako iritzi artikulua dudanez plaza honetan, nire jarduna justifikatzeko beharra ikusiko zenuten tituluan, baina ez pentsa horrelakorik. Badu pertsonaletik dezente, noski. Izan ere, nire lanpostuaren izena entzutean, askotan, gehiegitan, topatzen dut galdera ikur bat parean dudan aurpegietan. Bada kontatu nahi dudanaren seinale bat.
Hamar puxtarriko hitz pila erabiltzen ditugu eta haien artean katramilatzen gara, bide egokia ezin topatu. Berrikuntza, ekosistema, masa kritikoa, transferentzia. Hitzetik hortzera dabilzkigu, behin eta berriz erabiltzeagatik magia sortzea lortuko dugula sinistuta. Dabilenak ere askotan ez du jakiten nola definitu transferentzia, eta, batez ere, trabak ditu errealitate bihurtzeko. Gehiago kezkatzen nau bigarrenak, lehenak baino. Eta badago horretarako nahia, horretarako beharra.
Urteak, hamarkadak daramatzagu euskal berrikuntza sistema garatzen. Eragile andanak osatzen dugu, izan unibertsitateetako ikerketa talde, izan ikerketa eta teknologia zentro, enpresako I+G unitate edo BRTA moduko erakunde bitxiek. Batetik besterako zubiak eraikitzen ez gara izan abilak. Elkar gutxi ezagutzen dugu, eta bata bestea ulertzeko zailtasunak ditugu. Muturreko karikatura bat eginez: zientzialariek artikulu bidez hitz egiten dute, enpresariek Excel bat dute oinarri komunikatzerakoan eta administrazio publikoak I+G politikak eta deialdiak. Bakoitzak bere hizkuntza ofiziala du eta itzultzaile neuronala ez dabil batere fin. Aplikatu dezakeenari azaltzeko gaitasun ezagatik proiektu bikain mordoa dago laborategiko apaletan usteltzen. Enpresek eskura lituzketen soluzio teknologikoak ezagutzen ez dituztelako negozio aukerak galtzen dituzte, nahiz eta beraien aldamenean sortuak izan.
Alde bakarretik egindako lanek ez dute lortuko korapiloa askatzerik. Inoiz baino beharrezkoagoa dugu gu moduan pentsatzea, nitik ihes egitea. Puntako ezagutza lortu eta jendeari erabilgarri egiterainoko bidea hartxintxarrez josia ikusten dugu askotan. Europatik eta Europari buruzko zenbait notizia irakurri ditugu azken hilabeteetan autonomia estrategiko eza eta teknologia dependentzia azpimarratzen dutenak. Eta arazo horren oinarrian oso nabarmena den zerbait dagoela ere badiote hainbatek: ezagutza disruptiboa sortzen badakigula, baina zailtasunak ditugula benetako berrikuntza lortzen, merkatura iritsi eta inpaktu ukigarria eta negozio aukerak sortzen dituen hura.
Baina ez nadin tremendista jarri. BRTAn egunero ikusten dugu zentroek gaitasuna badutela, enpresek beharra badutela eta administrazioek tresnak badituztela transferentzia errealitate bihur dadin. Sarritan frekuentzia berean ez dabiltzala suma dezakegu, baina ehunka dira azken hamarkadetan hiru hanka horiei esker garatu diren proiektuak. Ekonomian adituek bitartekarien beharra azpimarratzen dute, eta horretan nago ni ere. Azken sei urtetako jardunak hori erakutsi dit, bidea errazten duela zubi lanean dabilenak.
Ni oriotarra naizenez, bertako zubia datorkit burura, baina Euskal Herriko edozein ibai handiren zubi batean kokatu zaitez, mentalki. Negu biziko egun haizetsu eta hotz batean. Orain borratu zubia eta imajina zaitez eraiki egin behar duzula. Zuk eta pareko ibai bazterrean dagoen beste batek. Erdigunean ez da giro. Haizeak, gainera, ez dizu komunikazioan laguntzen, baina bioi komeni zaizue zubia eraikitzea beste aldean dituzuen aukerak aprobetxatzeko.
Erabil ditzagun bideko hartxintxarrak zubia errealitate izan dadin. Izan gaitezen eraikitzaile eta berritzaile, lotuko gaituena seguruenik ez delako harrizkoa. Baliabide kontua baino, kultura kontua baita. Konfiantza sortzean datza. Transparentziaz bakoitzaren interesez hitz egitea, bakoitzak dakarrena mahai gaineratzea, eta bestearen lekuan jarri eta pentsatzea. Eta garrantzitsuena irabazi konpartituak identifikatzea da, denok zerbait irabazi dugun plaza hori definitzea. Nitik gurako bidea da transferentzia. Joan-etorriko txartel bat.