
Ekonomisten Euskal Elkargoak urteroko foroa eratu du ekainaren 5ean Donostiako Kursaal-ean. José García Montalvo Valentziako ekonomistak Espainiako etxebizitza merkatuaren mitoak eta errealitateak, eta Euskadin duten isla aurkeztu du bertan. Etxebizitzaren gainean erabiltzen den “informazio estatistikoa fragmentarioa dela” salatzen du. Bere iritziz, alokairuaren kasuan ez da burbuilarik, alokairua ez baita aktibo bat zerbitzu bat baizik. EAEn arazoak izan arren, gauzak hobeto egin direla uste du eta alokairu sozialaren kopurua nabarmentzen du.
José García Montalvo (Valentzia, 1964) ikertzaile, unibertsitateko irakasle eta ekonomialaria da Valentziako Unibertsitatean, Ekonomia Zientzietan lizentziatua (1987), Karrera Amaierako Sari Nazionalarekin. Ekonomian doktoratu zen Harvarden (1993). Ekonomia Aplikatuko katedraduna da Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta irakasle ikertzailea GSE Bartzelonan, Ikerketa Ekonomikoen Valentziako Institutuan (IVIE), eta birritan jaso du ICREA-Academia saria, Kataluniako Ikasketa Aurreratuen Erakundean (ICREA). Nazioarteko aholkularia da hainbat erakundetan, hala nola Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (OCDE).
Etxebizitzaren merkatuaren inguruan askoz mito gehiago al daude errealitateak baino?
Mito asko daude etxebizitzaren gaineko azterketak egiteko informazio estatistikoa fragmentarioa eta kalitate gutxikoa delako. Politiken gaineko ebaluazio zehatzak eta datu errealekin egin beharrean, errelatoa egiteko joera dago. Politika batek ondo edo funtzionatzen duen arrazoitzeko, baina oinarri zientifikorik gabe. Horrez gainera, inkesta pribatuak erabiltzeko joera ere gailentzen da. Pertsona batek esan dezake inkesta bat egin duela eta esaten du, esaterako, hipoteka bat hartzen duen %57k inbertitzeko egiten du. Egunero aurkitzen ditugu albisteak inkesta pribatuetan oinarrituta.
Gehien erabiltzen den mitoetako bat lurzoruaren askapenarena da, zenbait sektoreen arabera, askatze horrek arazo guztiak konponduko lituzke.
Bai, horrekin lotuta azkenaldian mito bat azaleratzen ari da: higiezinen burbuilak egiaztatu zuenez, eskaintza handitzen denean lurzoru gehiago dagoelako eta gehiago eraikitzen delako orduan salneurriak handitu egiten dira, baina ez da kontuan hartzen aldagai bion arteko korrelazioa beste aldagai batek eragiten zuela, kredituak, hain zuzen ere. Gehiegizko kredituak eragin baitzuen salneurrien igoera neurrigabe hura, eta ez gehiago eraikitzeak. Eskaintza gehiago izan arren, kreditua amaigabea bada etxebizitzaren salneurriak igo egingo dira eta ez da izango horretarako mugarik. Kausalitatea kredituarena da, ez eskaintzarena.
Zergatik iritsi gara itzulerarik gabeko errealitate honetara, batez ere alokairuaren merkatuan? 'Retos del mercado del alquiler' zure liburuan alokairuaren burbuila bat ote dagoen zalantzan jartzen duzu.
Ez da zalantzan jartzen dudala, definizioz ezin daiteke eman alokairuaren burbuilarik. Ekonomistok behar bezala hitz egin behar dugu. Burbuila bat aktibo baten gainean eman daiteke bakarrik. Alokairua ez da aktibo bat, zerbitzu bat baizik. Ezin da eman horrelakorik lagun baten hileroko errentaren arabera. Hor muga oso argi bat dago, pertsona bakoitzaren errenta.
"Eskaintza gehiago izan arren, kreditua amaigabea bada etxebizitzaren salneurriak igo egingo dira eta ez da izango horretarako mugarik"
Gai horrekin jarraituz, nola eragiten du desberdintasunak alokairuaren merkatuan eta zer neurri hartu beharko lirateke ghettoak saihesteko, batez ere hiri handietan?
Oso gai konplexua da. Errealitatea da desberdintasunak nabarmen eragiten duela alokairuaren egoerarengan. Eskaera izugarriaren eta eskaintza faltaren eraginez, alokairuan jartzen den etxebizitza bakoitzaren aurrean jende-ilara itzelak daude. Bartzelonan, esaterako 80-300 lagun inguru izaten dira. Ilararen azken muturrean beti daude pertsona berberak: familia mono-parentalak, migratzaileak eta gazteak. Ilararen aurrealdean berriz, Nomada Digital etab. Hortaz, edozein etxebizitza politikak ez badu kontuan hartzen ilarak horrela eratzen direla porrot egingo du. Modu bakarra azkenok lehenak izatea da.
Espainiako kasuan, alokairu-sozialaren parkearen kopurua oso kaskarra da. Oso txikia da egoera ekonomiko garatua duten antzeko herrialdeekin konparatuz. Ilaran azkenak daudenak merkatu-segmentuan egotera behartu dituzte. Baina oso argi izan behar dugu, hartu beharreko neurriak ezin direla berehala gauzatu politika irrazionala eta ulertezin bat, onbera izatearren, garatu duzunean denbora luzez. Ezin duzu hori bat-batean konpondu zure etxebizitza-sozialaren parkea %2,1 denean eta Europako Batasunaren batez bestekoa %9. Eta 1,2 milioi familiek soldataren %40 baino gehiago ordaintzen dute alokairua lortzeko. Hau ezin daiteke egun batetik bestera konpondu etxebizitza sozialak eraikiz. Euskadi, alde horretatik, eredugarria da. Duela 20 urte erabaki baitzuen etxebizitza publikoaren izaera zuen etxebizitzak ez zuela inoiz galduko izendapen hori, alokairu soziala oso inportantea zela nabarmenduz eta ez eman jabetza titulurik. Gasteizen, esaterako etxebizitza sozialaren parkea %20 da.
Zer desberdintasun eta antzekotasun daude EAEko egoerarekin? Aste honetan bertan argitaratu da Eusko Jaurlaritzak premiazko neurriak onartuko dituela etxebizitzen eraikuntza bizkortzeko, "tramite burokratikoak arinduz" eta “lurzoru gehiago mobilizatuz”.
Euskadi oso aurreratu dago gauza askotan. Ezin duguna da etengabe auto-flagelatzen aritu. Atzo, adibidez, Espainiako Gobernuaren presidenteak esan zuen, besteak beste, behin-betiko izendapena duten etxebizitza publikoak behar ditugula, hori Euskadik badu. Euskadik proportzioan presidenteak esandakoa 7.000 milioi baino gehiago gastatzen du etxebizitza plangintzan. Eta azkena, datuak eta informazioa. Euskadik dituen estatistikak ez du parekorik Estatuko beste inongo lekutan. Euskadik ere arazoak ditu, jakina, herrialde garatu guztietan bezala. Egia da Donostiako salneurriak zentzugabeak direla, esaterako, eta egia da bertako errenta Valentzia edo Sevillakoa baino handiagoa dela. Uste dut gauzak nolabait ondo egiten diren lekuetan harro egoteko motiboak daudela. Arazoa ez da ahuntzaren gaueko eztula, baina norabide egokian aspaldi neurriak hartu direla ez dago zalantzan jartzerik.