Aste honetan bertan aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zainketen eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Agentzia izeneko proiektua, eta gaur jakinarazi du Joseba Zalakain Hernandez izango dela egitasmoaren buru. Gizarte politikak diseinatzeko eta hobetzeko ebaluazioan espezializatutako proiektua da Agentzia, Donostiako eta Eibarko udalek sustatuta.
Zalakainek ia hiru hamarkadez egin du lan gizarte politiken alorrean. 2007az geroztik, Eguía Careaga Fundazioko SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria izan da. Aldundiak azaldu duenez, bere esperientzia “estu lotuta” dago Agentziak landuko dituen arlo nagusiekin, hala nola iraupen luzeko zaintzekin, mendekotasunarekin, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren arloekin, familiarekin, haurtzaroarekin eta diru-sarrerak bermatzeko sistemekin. “Politikak eta gizarte-zerbitzuak ebaluatzeko proiektuak zuzendu ditu, eta adierazle-sistemak, planak, mapak eta behatokiak diseinatu ditu. Era berean, azterlan konparatuak egin ditu gobernuentzat, Aldundientzat, Udalentzat eta estatuko erakundeentzat”, zehaztu dute aldunditik.
Halaber, Zalakainek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ebaluazioan; Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren (SAAD) kalitatea ebaluatzeko estatu-mailako esparruaren diseinuan; diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemaren ebaluazioan; Gizarte Zerbitzuen Zorroaren Dekretuan; EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan eta Mapan; eta gizarteratzearen, zaintzen eta familien babesaren arloko hainbat planetan egin du lan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta