• EKONOMIA
  • Jubilazio malgua indarrean da gaurtik Hego Euskal Herrian

Jubilazio malgua indarrean da gaurtik Hego Euskal Herrian

Erretiroa hartu ostean lanera itzultzen direnek gehienez ere %33 eta %80 bitarteko jardunaldi partziala egin ahalko dute

Jubilazio malgura erretiroaren edozein momentutan atxiki ahalko da | Argazkia: iStock
Jubilazio malgura erretiroaren edozein momentutan atxiki ahalko da | Argazkia: iStock
2026ko abuztuaren 28a - 13:59
Eg. 2026ko abuztuaren 28a - 16:30

Gaurtik aurrera jubilazio malgua deritzonari atxikitzeko aukera izango da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Izan ere, hori erregulatzen duen errege dekretua indarrean sartu da gaur, abuztuak 28, Madrilgo gobernuak maiatzaren 27an onartutako aldaketak jasotzen dituena.

 

Hala, dekretuan barnebiltzen denak enplegutik jubilaziorako trantsizioari, atzerapen boluntarioari edota lan jardunerara itzultzeari eragiten die. Jubilazio malgura erretiroaren edozein momentutan atxiki ahalko da, eta geroz eta lan gehiago egin, orduan eta pentsio txikiagoa jasoko da. Halaber, neurri berriak Gizarte Segurantzeko erregimen guztietan aplikatuko dira, Espainiar Estatuko funtzionario zibilen, indar armatuen eta Justiziako administrazioko langileen kasuan izan ezik.

Testuinguru hori aintzat hartuta, araudi berriari esker, erretiratuek aukera izango dute autonomo gisa lan egiteko pentsioa jasotzen duten bitartean, betiere erretiroa hartu aurreko hiru urteetan RETA autonomoen erregimen berezian altan emanda izan ez badira. Kasu horretan, euren jardunetik ateratzen dutenaz gain, pentsioaren %25 kobratuko dute.

 

Bestalde, behin erretiroa hartu eta sei hilabetera —gutxienez— jubilazio malgura atxikitzen denak pentsioaren portzentaje gehigarria jasoko du. Bestela esanda, %55 eta %80 bitarteko jardunaldi partziala egiten dutenen pentsioa %25 handituko da, eta %33 eta %55 bitartekoa dutenen kasuan, %15, betiere erretiro malgu horrekin jarraitu bitartean. Aipatzekoa da orain arte jardunaldi partzial hori %25 eta %75 artekoa zela, eta orain %33 eta %80 artekoa. Atzeratutako jubilazioen kasuan ere aldaketak txertatzen ditu dekretuak, zehazki, hobekuntzak kalkulu mistoa egiterakoan. 

2021ean abiatutako pentsio erreforma, beraz, osatutzat jotzen da errege dekretu honen argitalpenarekin. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain