
Iran eta Israelen arteko azken erasoek are gehiago aztoratu dute jada kili-kolo zegoen nazioarteko bizikidetza. AEBk gatazkan Israelen alde esku hartuko balu, munduko bi potentzia handienen arteko balizko norgehiagoka baten aurrean geundeke, mapa geopolitikoko tentsioa areagotuz. Euskal enpresak nahikoa ziurgabetasun bazuten ere, azken gertakariek are gehiago zailduko dituzte erabakiak hartzea. Izan ere, horretan dihardute azken aldian, erabakiak hartzean ziurgabetasunean.
Hain justu, geopolitikaz eta enpresaz aritu ziren atzo Ekhi Atutxa Deustoko Unibertsitateko irakaslea, Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria eta Leire Mancisidor Stellum Capital funtseko inbertsio zuzendaria Gasteizko Goiuri Jauregian, Geopolitika eta enpresa: arriskuak eta erabakiak ziurgabetasunean lelopean egin zen Etekin izeneko topaketan.
Orain arte ezagutu dugun mundua aldatzen ari da, eta Bigarren Mundu Gerra ostean ezarritako nazioarteko ordena iraultzen. Aranbarriren arabera, azken hilabeteetan areagotu egin da aldaketa, eta errealitate hori “ez dator bat ekonomiak eskatzen duen egonkortasunarekin", hartara, "beste marko batean jokatzen ikasi behar dute” Euskal Herriko enpresek
Trumpek azken hilabeteetan ezarritako politika protekzionistak erabat baldintzatu du "marko" berri hori. Gerra komertziala eteteko negoziaketetan ari dira Europako Batasuna eta AEB, eta uztailaren 9an dute akordio bat lortzeko epemuga. Muga-zerga horiek hazkunde ekonomikoa oztopatuko dutela iritzi dio Atutxak. Atzoko ekitaldian gogoratu zuen historian zehar halako neurriak hartu izan direla lehenago, “Ingalaterrak industria iraultza baino lehen jarri zituen muga-zergak eta Asiako lau tigreek (Taiwan, Hego Korea, Singapur eta Hong Kong) gauza bera egin zuten XX. mendean”.
Halaber, merkatuaren ziurgabetasunak lau “makro-joeratik” datozela uste du Deustuko irakasleak, tokiko enpresek kontuan hartu behar lituzketenak: politika eta ekonomia klima eta ingurumena, digitalizazioa eta aldaketa demografikoa. “Ziurgabetasun horiek identifikatu, analizatu eta parametrizatzen ditugunean, arriskuen aurrean egongo gara”, azaldu zuen.
Joera horietatik digitalizazioari egin zion erreferentzia Aranbarrik. “Gaur egun demokraziaren kontrako joera nabarmenak dira, ez garai batean bezalakoak, estatu kolpe batzuen bitartez egiten zirenak, egun erasoak askoz ere ezkutuagoak dira, iraultza digitalaren ondorioz, esaterako, nabariak dira kanpo injerentziak hauteskundeetan”. Egungo gerrak “zibernetikoak” dira, "herritarren iritziak algoritmoen bitartez aldatzen bultzatzen dituztenak”, demokrazia bera leku askotan zalantzan jarriz.
Asier Aranbarri (Jaurlaritza): “Aldaketa soziokultural izugarria dator. Orain dela 25 urte EAEn 26.000 etorkin zeuden, gaur egun, 326.000 daude, eta 2050era egiten den proiekzioa da 500.000-600.000 izango direla”
Datuak zeinen esku dauden egoteak baldintzatzen du mundua, baina baita energia iturriak non dauden ere. Era berean, migrazio aldaketak geroz eta nabarmenagoak dira munduan. “Aldaketa soziokultural izugarria dator. Orain dela 25 urte EAEn 26.000 etorkin zeuden, gaur egun, 326.000 daude, eta 2050era egiten den proiekzioa da 500.000-600.000 izango direla”.

Energia iturrien inguruko gogoeta
Aldaketa klimatikoaren aldeko Parisko hitzarmenetik atera da AEB, eta horrek ingurumena babestera bideratuko finantzazioa murriztea dakar. Errealitate hori ere arriskua da Atutxarentzat: “Trumpek hartu duen erabakiarekin hutsune bat sortu da, eta ematen du Txinak okupatu nahi duela. Garapenean daude herrialdeek esango dute zergatik egin behar duten ingurumenaren aldeko esfortzu hori, AEBk ez badu egiten, eta horri erantzun bat eman behar zaio”.
Arriskua ere bada Europak duen energia mendekotasuna. Aranbarri: “AEBn energetikoki ez dute mendekotasunik, fracking sistemarekin merke duelako energia, eta horrela, AEBko enpresak gureak baino lehiakorragoak dira”. Dena den, Jaurlaritzako ordezkariak uste du Europak energia berriztatzaileen aldeko apustu egin behar duela.
Aranbarri: “Energia berriztagarrien alde egin nahi dugu, baina gero kosta egiten zaigu gure mendietan parke eolikoak ikustea”
Energia iturrien inguruan Europak “gogoeta sakona” egin beharra dauka, izan ere, energia mota honek baditu bere mugak. Energia berriztagarriak %15-16 dira EAEn, gainerakoa beste iturri batzuetatik dator (hidrokarburoak, nuklearra, gasa…) “Energia berriztagarrien alde egin nahi dugu, baina gero kosta egiten zaigu gure mendietan parke eolikoak ikustea”, gehitu zuen Aranbarrik.
Mehatxuen analisirako kultura
Kanpoko mehatxuak aztertzeko kultura ba ote dago euskal enpresetan? Mancisidorrek argitu zuen Stellum Capitalek egunerokoan bisitatu eta ezagutzen dituela lurraldeko enpresak: "horretarako denbora eta baliabideak falta zaizkie enpresei, azterketa hori modu sistematiko batean egiteko". Enpresak txiki eta ertainak izanik, egunerokotasunetik ateratzeko "zailtasunak" dituzte. "Gure enpresen tamaina handituko balitz, baliabide gehiago eskura izango balituzte, gai horiei erantzun hobea emateko aukera izango lukete".
Hein horretan, Atutxak nabarmendu zuen arriskuen errelatoa oso "barneratuta" dagoela, eta horrek "paralizatu" egiten gaituela. "Ondo aztertu behar da zein arriskuk eragingo diguten eta zein modutara egingo duten". Horretan, uste du mehatxuen azterketarako kudeaketa sistematikoak lagun diezaiekela enpresei. Era berean, enpresen efizientzia eta sendotasunaren arteko oreka bilatu beharraz mintzatu zen: "Ekonomian beti galdetu izan da nola egin gure enpresak efizienteagoak? Baina ikusten ari gara beste balio batzuk ere lortu behar direla, sendotasuna adibidez, eta batzutan sendotasuna lortzeko efizientzia galdu behar da".
Leire Mancisidor (Stellum Capital): "Gure enpresen tamaina handituko balitz, baliabide gehiago eskura izango balituzte, arriskuen analisirako kultura handiagoa izango lukete"
Atutxak iritzi dio euskal enpresek arriskuak kudeatzen dituztela, baina "modu mugatuan" gehien bat. "Finantza arriskuetan zentratzen gara eta ez dut uste guztiz sartuta daudenik estrategian". Bere aburuz, negozio eskoletan tradizionalki "arrisku finantzarioak" azaldu dira, baina arrisku "ez-konbentzionalak, inguruneak sortzen dituen arriskuak" hain beharrezkoak ez zirela pentsatzen zen. "Oso beharrezkoak dira, eta hor badago alderdi kultural bat landu beharko genukeela".

Ahulgune eta indarguneak
Euskal enpresen ahulgunea "hazteko anbizio falta" dela uste du Mancisidorrek. "Hazteko ahaleginik egiten ez duen enpresa batek, hurrengo urteetan beherakada izango du ziurrenik". Aranbarrirentzat, aldiz, ekintzailetasun gehiago behar da. "Herri hau beti izan da oso ekintzailea. Egoera oso zailetan lortu du aurrera egitea. Gaur egungo egoera irauliko dugula uste dut. Arrisku horien guztien gainetik ongizate maila altua duen gizarte bat osatu dugu". Bere ustetan, ongizate maila horrek ekintzailetza "anestesiatu" egin du azken urteetan.
Belaunaldi berrietan ikusten du mentalitate aldaketa hori. "Gaur egun gazteek nahi dituzten lan motak ez dute zerikusirik orain dela urte batzuk nahi genituenekin. Kontziliazioak edo denbora librearen kudeaketak beste pisu bat hartu du".
Denak ez dira ahulguneak ordea. Atutxak EAEko ekonomiaren "erresilientzia" azpimarratu du. "Saretuta gaude, txikitasunak ere baditu indarguneak. Ziurgabetasunaren aurrean sustraitu egin gara", azaldu zuen. Hemengo enpresek nazioartekotze gaitasuna dutela ere esan zuen, eta gogoratu EAEko ekonomia ekosisteman 30-35 "ezkutuko txapeldun" daudela, hots, euren merkatu nitxoetan liderrak diren konpainiak.
Ekhi Atutxa: "Saretuta gaude, txikitasunak ere baditu indarguneak. Ziurgabetasunaren aurrean sustraitu egin gara"
Stellum Capitalek kapital sozial handiko enpresa ugari bisitatzen ditu. Mancisidorren arabera, konpainietako belaunaldi erreleboa arrisku bezala ikusten da askotan, baina, kasu gehienetan, jabetzak enpresa lurraldean errotuta mantendu nahi izaten du, eta hori indargune bat dela dio.
Aranbarrik zera nabarmendu zuen: "hemengo enpresa betidanik egon da kanpoan eta hori bultzatzen jarraitu behar dugu. Gakoa da kanpoko sarerik onenetan egotea. Baina, era berean, errealitatearekin errotutako enpresak ditugu, gizartean inplikatzen dena, herri ekimenean oso sartua".