
Badira zenbait enpresa edo marka zeinak zuzenean kirolarekin lotzen ditugun. TAU Ceramica, Banesto, Krafft, Euskaltel, Portand… Izan banku, telekomunikazio konpainia, enpresa txiki edo lantegi, marka horiek betirako lotura dute kirol talde batekin. Negozioa egiteko esparru aproposa baita kirola, markaren irudia hobetu eta enpresa ezagutaraztea ahalbidetzen duena. Markek soropilean jokatzen dute, Tourmaleten gora pedalei emanez aritu dira, hirukoak sartzen dituzte eta bi paretarekin tantoa bukatu.
Strock Sponsorship&Events Consulting etxeak egindako azterlan baten arabera, Coca-Cola da kirolarekin gehien lortzen den marka Espainiako Estatuan. Zehazki, inkestatutakoen %17,5k lotzen du edari marka kirol arloko babesletzarekin. Egiazki, Coca-Cola oso presente dago kirol munduan. Taldeak babestu baino kirol ekitaldiak babesten ditu, hala nola Parisko Joko Olinpikoak (1928ko Amsterdameko edizioaz geroztik, edizio guztietan izan da) edota Hego Amerikako Libertadores futbol txapelketa.
Sailkapenean, Coca-Colaren atzetik beste edari bat dator: RedBull. Eta ez da harritzekoa, azken urteotan sekulako inbertsioa egin baitu hainbat kiroletan, eta gaur egun 15 kirol talde baino gehiagoren jabe da. Agian, ezagunera 1 Formulako taldea da, zeinak munduko txapelketaren azken lau edizioak irabazi dituen. 2005ean erosi zuen multinazional austriarrak automobil-taldea, 110.000.000 dolar ordainduta Jaguarri. Negozio borobila izan da RedBullentzat, kalkulatzen baita 1 Formulako taldeek 3.700 milioi euroko aurrekontua dutela denera, eta RedBullen negozioak soilik 270 milioi euroko balioa duela.
Azken urteotan sekulako inbertsioa egin du RedBull etxeak, eta gaur egun 15 kirol talde baino gehiagoren jabe da
Horrez gain, hainbat futbol talderen jabe ere bada. 2005ean Salzburgoko (Austria) futbol taldea erosi zuen, eta urtebete beranduago New Yorkeko (Estatu Batuak) talde bat. Redbull Salzburg eta New York Redbull izena dute egun talde horiek. Dena den, deigarriagoa da Leipzigen (Alemania) egindakoa. Bertan ere talde bat erosten saiatu zen, baina ez zuen tokiko klub batekin ere akordiorik lortu. Hala, talde propio bat eratzea erabaki zuen 2009an, zeinak Alemaniako kategoria baxuenean hasi behar izan zuen bere ibilbidea, bosgarren mailan. Edari energetikoen konpainiak ekonomikoki hauspotuta, 2017rako lehen mailarako bidea egina zuen.
15 kirol talderekin ez da konformatzen, ordea. Iaz jakin zen Frantziako bigarren mailan jokatzen duen Paris FC taldea erosteko asmoa duela marka austriarrak. Bernard Arnault da egun klubaren jabea, (LVMH luxuzko artikuluak egiten dituen enpresaren jabea ere bada, tartean Louis Vuitton eta Christian Dior markak daudelarik). Kluba erosi eta maila gorenera eraman nahi du, beste behin futbolaren negozioa erabat zukutuz.
Halaber, Strock Sponsorship&Events Consulting-en azaltzen diren beste marka batzuk hauexek dira, aski ezagunak denak: Banco Santander, Emirates, Heineken, Movistar, Mahou, BMW, Audi, Rolex, Kia, Visa...
TAU, Euskaltel, Portland...
Euskal Herrian kasu ezagunena Euskaltel izango da segur aski. Telekomunikazio enpresaren kolore laranjak mendearen hasierako Frantziako Tourrera etapa malkartsuenetara garamatza. 1997an sartu zen Euskaltel txirrindularitza babestera, 26 milioi eta erdi pezetako inbertsioa eginda, babestu zuen orduko Basque Pro Cycling Team taldea. Urte hartako Espainiako Vueltan jada laranja kolorea zeramaten euskal txirrindulariek, eta 2001ean lortu zuen markak bere helburu nagusia: Frantziako Tourrean parte hartzea. Mendearen lehen hamarkada oparoan eginda, proiektuak behera egin zuen, eta 2013an bukatu zen txirrindularitza taldearen eta telekomunikazio konpainiaren arteko harremana. 15 urte baino gehiagoko ibilbidean, 45 milioi euroko inbertsioa egin zuen Euskaltelek. Gerora, 2020an, txirrindularitza babesteko erabakia hartu zuen berriro ere, Fundacion Euskadiren eskutik.
Gasteizko Saski Baskonia saskibaloi taldea TAU izenez ezagunagoa izango da oraindik baten batentzat. Markakoa da jakinik Taulell-ek 2009an utzi ziola taldea babesteari. 1986an, orduan Taugres markapean hasi zen hiriko taldea babesten, eta gerora, TAU Ceramica bezala, klubaren garai loriatsuenak bizi izan zituzten. 23 urte ostean, enpresaren egoera ekonomiko larriak eragin zuen harremana etetea. Zeramika fabrikatzaileak lan espediente erregulatzaile bat ere izan zuen, 2008ko krisi bete-betean. Gerora, Laboral Kutxak, Kirolbetek edota Cazook babestu dute Gasteizko saskibaloi taldea, baina sekula ez dute iraun zeramika fabrikatzaileak bezain beste urte.
15 urte baino gehiagoko ibilbidean, 45 milioi euroko inbertsioa egin zuen Euskaltelek
Beste euskal talde mitiko bat Iruñeko Portland San Antonio eskubaloi taldea dugu. Euskaltelen eta Baskoniaren gisan, mendearen hastapenetan bizi izan zituen bere historiako urte ederrenak. Europako txapelduna izan zen 2001ean, eta bi Asobal Liga ere irabazi zituen 2001-2002 eta 2004-2005 denboraldietan. Askorentzat "fenomeno sozial" bat izan zen talde hura, izan ere, mundu mailako eskubaloi talde onena izan zen, izarrak ziren jokalariz osatua. Cementos Portland zen taldearen babesle nagusia, zementua ekoizten duen Olatzagutiko (Nafarroa) enpresa. 1997an ekin zion hamar urte baino gehiago iraungo zuen babesletzari. 2008ko krisi ekonomikoaren batera, inbertsioa murrizten hasi zen enpresa, eskubaloiak ere ez zituen garai onenak bizi eta taldearen kirol errendimenduak behera egin zuen. Hurrengo urteetan San Antoniok babesle berriak aurkitzeko arazoak izan zituen, harik eta 2012an taldea desagertu zen arte. Arazo ekonomikoak tarteko, klubak ezin izan zuen Asobal Ligan izena eman. 1,3 milioi euroko zorra zuen, eta 2013an taldeko zuzendariek zorrari aurre egiteko taldea disolbatu behar izan zuten.