• EKONOMIA
  • Kobra efektua: pizgarri onak nola bihur daitezkeen politika txar

Kobra efektua: pizgarri onak nola bihur daitezkeen politika txar

Pizgarrien helburua arazo bati konponbidea ematea den arren, batzuetan problemak areagotu ditzakete

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
arkaitz urdapilleta irazu
Emaus Gizarte fundazioako controller finantzarioa eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko ekonomialaria
2026eko apirilaren 13a - 05:30

Ekonomian bada paradoxa bat, sinplea bezain sakona, politika publikoak eta enpresa kudeaketa ulertzeko tresna baliotsua bihurtu dena: kobra efektua. Lasai. Bizitzan pentsatzen badugu, beste nolabaiteko efektua etortzen zaigu burura, baina ekonomian beste zenbait kontzeptu uztartzen ditu. Izena kuriosoa da, baina fenomenoa are interesgarriagoa. Paradoxa honen atzean dagoen ideia sinplea bezain oinarrizkoa da: pizgarriak diseinatzen direnean, jendeak ez dio erantzuten diseinatzailearen asmoari, pizgarria probesteko jarritako seinaleari baizik. Kobra efektuaren hipotesietako bat da seinalea ondo pentsatu ezean, pizgarriak duen helburuaren kontrako emaitza sor dezakeela; horrela, arazoa konpontzen saiatu arren, problema are handiagoa bihur daiteke.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Kobra efektuaren jatorria Delhi kolonialeko istorio ezagun batean kokatzen da. Britainiar administrazioak sari ekonomikoa ezarri zuen hiltzen zen kobra pozoitsu bakoitzeko. Hasieran arrakasta itzela zirudien: herritarrek dozenaka kobra hiltzea lortu zuten, eta ondorioz, agintariek pentsatu zuten plaga kontrolatzen ari zirela. Baina denbora pasa ahala, agintariak konturatzen hasi ziren zerbait ez zihoala ondo, ez baitziren lortzen ari kobra kopurua jaitsi eta plaga kontrolpean edukitzea. Kobrak ez ziren gutxitu, eta aldi berean agintariek sortutako sarietara gero eta kobra gehiago iristen ziren. Efektu horren aurrean administrazioa ikertzen hasi zen, eta azkenean jakin zuen egiazko kausa: etxean jendea kobrak hazten hasia zen, jarraian sariaren truke hiltzeko. Gobernuak programa bertan behera utzi zuenean, kobra horiek etxean hazten hasi ziren pertsonek askatu egin zituzten animaliak, eta hala hirian inoiz baino kobra gehiago agertu ziren. Azken finean, plaga kontrolatzeko sortua izan zen neurria plaga bera indartzeko tresna bihurtu zen.

Kobra efektuaren hipotesietako bat da seinalea ondo pentsatu ezean, pizgarriak duen helburuaren kontrako emaitza sor dezakeela

Antzeko mekanismoak beste leku eta garai askotan ere izan dira. Hanoi kolonialean, administrazio frantsesa ordainketak egiten hasi zen arratoi isatsen truke. Estrategia horren ondorioz, askok isatsa moztu eta arratoiak bizirik uzten zituzten. Arratoiek, beraz, ugaltzen jarraitzen zuten, eta plaga txikitu beharrean, handitu egin zen. Sobietar Batasunean, iltze sortzaileen produktibitatea pisuaren arabera neurtzeak ekarri zuen iltze erraldoi eta alferrikakoak sortzea; kopuruaren arabera neurtzeak, berriz, alferrikako iltze txikiak ekoiztea. Denetan logika bera errepikatzen zen: jendeak pizgarriaren adierazlea optimizatzen zuen, ez pizgarriaren benetako helburua.

 

Fenomeno horien arrazoi ekonomikoa argia da. Pizgarriek seinale bat igortzen dute, eta agente ekonomikoek seinale hori maximizatzen dute. Neurketa eta benetako helburua ez badatoz bat, edo neurketa manipula badaiteke, berehala agertzen dira jokabide oportunistak. Gainera, pizgarriek sarritan ez dute kontuan hartzen jokalarien sormena, malgutasuna eta erreakzio abiadura. Ekonomiak maiz gogorarazten duen moduan, guztiontzako diseinatutako arauek askotan zirrikituak sortzen dituzte norbanako adimentsu eta pragmatikoentzat.

Pizgarriek sarritan ez dute kontuan hartzen jokalarien sormena, malgutasuna eta erreakzio abiadura

Gaur egun ere, kobra efektua ez da mito historikoa; kontrara, errealitate ukigarria da hainbat politiketan. Etxebizitzaren arloan, adibidez, alokairua ordaintzeko laguntza zuzenek prezioak bultzatu ditzakete eskaintza geldirik badago. Dimentsio bakarreko laguntzek merkatuko dinamikak aldatzen dituzte, eta azkenean, laguntza publikoek maizterren poltsikorik ez, baizik eta jabeen diru sarrerak puztu ditzakete. Osasunean, jarduera bolumenengatik ordaintzeak (ebakuntza edo prozedura gehiago egiteak) sarritan sortzen ditu balio kliniko txikiko esku hartzeak; txostenak betetzen dira, baina pazientearen ongizatea ez da zertan hobea izango. Hezkuntzan, gainditze tasaren arabera soilik ebaluatzeak kalifikazioen inflazioa eragin dezake, eta irakasle batzuek maila jaisten dute datua hobetzeko. Beste adibide argi bat trantsizio energetikoan dugu: laguntza ekonomikoek proiektu batzuk bultzatu ditzakete benetako CO₂ jaitsiera apala dutenean, baldin eta inpaktua behar bezala egiaztatzen ez bada.

Enpresetan ere eragin bereziki nabarmena du efektu honek. KPI bakarreko bonus sistemek (adibidez, salmenta bolumena soilik neurtzen dutenek) epe laburrean datu ikusgarriak eman ditzakete, baina askotan epe luzerako kalitatea hondatzen dute; horrela, bezeroen ihesa bultzatzen da, itzulketak areagotzen dira eta markaren balioa ahuldu egiten da. Horregatik dira gero eta ohikoagoak “helburu mistoak”: bolumena eta kalitatea batera neurtzea, bezeroaren gogobetetzea kontuan izatea edo bonusaren zati bat atzeratzea, sistemaren manipulazio portaerak saihesteko.

Administrazio askok hasi dituzte proiektu pilotuak, bi bertsioren eraginkortasuna neurtzeko probak eta datu azkarreko feedbacka pizgarrien eragina denbora errealean ikusi eta desbideratzeak zuzentzeko

Fenomeno hau arintzeko, ezinbestekoa da pentsatzea pizgarriek sistema osoan nola eragingo duten. Ez da nahikoa helburu estatiko bat ezartzea; beharrezkoa da agentearen portaera nola aldatuko den aurreikustea eta neurriak etengabe egokitzea. Administrazio askok hasi dituzte proiektu pilotuak, bi bertsioren eraginkortasuna neurtzeko probak eta datu azkarreko feedbacka pizgarrien eragina denbora errealean ikusi eta desbideratzeak zuzentzeko. Enpresetan, bonus sistema berrietan gero eta gehiago erabiltzen dira kalitatearen stop loss baldintzak, KPI bat betetzen den arren beste adierazle batzuk hondatzen ez direla bermatzeko.

Azken batean, kobra efektuak badu irakaspen unibertsal bat: politika edo pizgarri bat diseinatzea ez da paperean agertzen den helburua idaztea. Pertsonek benetan zer egingo duten ulertzea da erronka. Neurtzen dena eta nahi dena ez badira gauza bera, beti irtengo dira zirrikituak, eta zirrikituak daudenean, norbaitek baliatu egingo ditu.

Ez da nahikoa helburu estatiko bat ezartzea; beharrezkoa da agentearen portaera nola aldatuko den aurreikustea eta neurriak etengabe egokitzea

Ekonomiak esaten duena sinplea da, baina ez da beti horren erraza, seinalea ondo jarri behar baita. Helburua eta neurketa bat etorri behar dira. Bestela, pizgarri on batek eragin dezake arazoa areagotzea, kobra efektuaren modura. Hori saihesteko modua ez da pizgarriei uko egitea, baizik eta horiek askoz era arduratsuagoan eta zorrotzagoan diseinatzea.