“Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”. Horixe adierazi dute gaur Korrikako antolatzaileek, ekimena amaitu eta hogeita lau ordu eskasean egin duten lehen agerraldian. Aurtengo edizioa arrakastatsua izan dela iritzi diote koordinatzaileek; are gehiago, baieztatu dute aurten ez dela izan jende gutxiko kilometrorik. Ekimeren balorazioa egiteko bildu dira prentsa aurrean Ane Elordi Korrikaren arduraduna, AEKren nazio kontseiluko kideak eta 24. edizioko mezua idatzi duten zazpi gazteak, eta azpimarratu dute "babes zabala" izan duela Korrikak, 3.400 lekuko hartze baino gehiagorekin.
Aurtengo edizioa “Pizkundearen Korrika” gisa definitu dute, euskararen etorkizunerako bultzada berri baten hasiera gisa. Mezu nagusia zazpi gazteren bidez zabaldu dute, bakoitzak bere ibilbidea izan arren gaur egun euskara ardatz duen belaunaldiaren isla direlako. Helburua argia dela adierazi dute: “Euskal Herri euskalduna” lortzea, eta horretarako gazteen parte-hartzea ezinbestekotzat jo dute.
Horrez gain, AEKk “12. eguna” izeneko ekimen berria aurkeztu du, Korrikaren ondorengo konpromisoa indartzeko. Parte hartu duten eragileei, bereziki ordezkari politikoei, pauso gehiago emateko eskatu diete, adierazpenak ekintza bihur ditzaten. Era berean, erakundeak berak ere bere ekarpena handituko duela iragarri du. Ekimenen artean, apirilaren 22an doako hastapen mailako klaseak eskainiko dituzte 100 euskaltegitan, eta maiatzaren 21ean 65 mintzodromo antolatuko dituzte Euskal Herri osoan zehar. Helburua argia da: euskara ikasi eta praktikatuz, eguneroko erabilera handitzea eta hizkuntzaren etorkizuna sendotzea.