Peter Drucker izan omen zen kudeaketaren historian gehien errepikatu den esaldietako bat bota zuen lehena: “Neurtzen ez dena ezin da kudeatu”. Denborarekin, esaldi hori enpresa kudeaketaren printzipio unibertsal bihurtu da. Izan ere, zaila da enpresa baten etorkizuna eraikitzea gaur egun non dagoen jakin gabe, eta noski, are zailagoa da erabaki egokiak hartzea intuizio hutsean oinarrituta.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Azken hamarkadetan enpresen kudeaketa goitik behera aldatu da. Lehen zuzendariek esperientzia, merkatuaren ezagutza eta sen profesionala erabiltzen zituzten erabakiak hartzeko. Gaur egun, ordea, informazioaren eta digitalizazioaren iraultzak datuen kultura ekarri du gurera. Enpresa moderno batek milaka datu sortzen ditu egunero; datu horien artean daude salmentak, kostuak, bezeroen portaera, ekoizpen denborak, stockaren mugimenduak, marketin-kanpainen eragina edo langileen produktibitatea, besteak beste. Erronka ez da, ordea, informazioa lortzea, gaur egungo benetako erronka informazio hori ezagutza erabilgarri bihurtzea da.
Testuinguru horretan agertu dira indar handiz gaur azalduko ditugun bi kontzeptu: KPIak (Key Performance Indicators) eta OKRak (Objectives and Key Results). Askotan sinonimotzat hartzen dira, baina ikuspegi akademikotik eta enpresa kudeaketaren praktikatik begiratuta, bi tresnek helburu oso desberdinak dituzte. Biak dira estrategiarako ezinbestekoak, baina bakoitzak galdera desberdin bati erantzuten dio.
KPI batek galdera sinple baina funtsezko bati erantzuten dio: nola ari gara? OKR batek, aldiz, beste honi: nora iritsi nahi dugu eta nola jakingo dugu ea hori lortuko dugun?
Bereizketa hori ulertzea ezinbestekoa da gaur egungo enpresa baten zuzendaritzarentzat.
KPI kontzeptua ez da berria. Finantza kudeaketaren eta kontrol sistemen bilakaerarekin batera garatu zen, bereziki XX. mendearen bigarren erdian. Enpresek gero eta informazio gehiago zuten eskura, baina informazio guztia ez zen erabilgarria. Horregatik, adierazle giltzarriak aukeratzeko beharra sortu zen, hau da, erakundearen errendimendua modu fidagarrian islatzen zuten neurriak.
KPIak (Key Performance Indicators) eta OKRak (Objectives and Key Results). Askotan sinonimotzat hartzen dira, baina ikuspegi akademikotik eta enpresa kudeaketaren praktikatik begiratuta, bi tresnek helburu oso desberdinak dituzte
Horrela ulertu behar dira KPIak. Ez dira datu hutsak, erabakiak hartzen laguntzen duten adierazle estrategikoak dira. Enpresa batek ehunka neurketa izan ditzake, baina horietatik gutxi batzuek bakarrik adierazten dute benetan erakundearen osasuna.
Industria enpresa batean, esaterako, ekoizpen unitate bakoitzeko kostua, akatsen ehunekoa edo entrega puntualen tasa KPI egokiak izan daitezke. Merkataritza enpresa batean, bezero bakoitzeko batez besteko salmenta, bezeroen fidelizazio maila edo stockaren biraketa izango dira, seguruenik, adierazle esanguratsuenetako batzuk. Zerbitzu enpresa batean, berriz, bezeroen gogobetetasuna, erantzun denborak edo proiektu bakoitzeko errentagarritasuna izan daitezke kudeaketaren erreferentzia nagusiak.
KPI batek, beraz, enpresaren "termometro" lana egiten du. Egoera zein den erakusten du. Sukarra dagoen ala ez adierazten du, baina ez du berez azaltzen zergatik sortu den arazoa edo nola konpondu behar den.
Hori dela eta, azken urteotan enpresa askok beste ikuspegi osagarri bat hartu dute: OKR metodologia.
OKRen jatorria Andy Groveren zuzendaritzapean dago, Intelen. Baina mundu osoan ezagun egin zen John Doerrek Google enpresan ezarri zuenean. Ordutik, metodologia hau milaka erakundetara zabaldu da, teknologia enpresetatik hasi eta industria, finantza edo administrazio publikora arte.
OKR sistemaren indargunea ez dago neurketan bertan, baizik eta erakundea helburu komun baten inguruan lerrokatzeko duen gaitasunean. Metodologiaren lehen elementua Objective da. Helburuak ez du zenbakirik izan behar. Ez da "salmentak %10 handitzea". Helburu batek norabidea adierazten du eta erakundea inspiratzen du. Adibidez: "bezeroaren esperientzia sektoreko onena bihurtzea" edo "nazioarteko merkatuan erreferentziazko enpresa izatea".
" 'Controller' profesionalaren eginkizuna nabarmen aldatu da. Iraganean finantza txostenak prestatzea eta aurrekontuak kontrolatzea ziren bere funtzio nagusiak. Gaur egun, gero eta gehiago bihurtzen ari da informazio estrategikoaren koordinatzaile "
Helburu hori lortu den ala ez jakiteko erabiltzen dira Key Results direlakoak. Horiek dira guztiz neurgarriak. Adibidez, bezeroen gogobetetasuna 45 puntutik 60 puntura igotzea, erreklamazioak %30 murriztea edo esportazioen pisua fakturazio osoaren %15era eramatea.
Hor dago OKRen benetako balioa. Ez da soilik emaitzak kontrolatzea, erakundearen energia guztia lehentasun estrategiko gutxi batzuetara bideratzea da. Horregatik, KPIak eta OKRak ez dira elkarren ordezkoak. Aitzitik, bien artean informazioa osatzen dute.
Irudika dezagun makina-erremintak fabrikatzen dituen euskal industria enpresa bat. Bere eguneroko jardueran zuzendaritzak etengabe kontrolatuko ditu ebitda marjina, produkzio kostuak, unean uneko entregen ehunekoa edo bezeroen erreklamazio kopurua. Horiek guztiak KPIak dira, eta ezinbestekoak dira enpresaren egoera ezagutzeko.
Baina zuzendaritzak bost urteko nazioartekotze plana martxan jartzea erabakitzen badu, KPI horiek ez dira nahikoa izango. Estrategia berri hori gidatzeko helburu partekatu bat beharko du. Hor sartzen dira OKRak. Helburua izan daiteke Europako iparraldeko merkatuan presentzia sendotzea, eta horretarako emaitza giltzarriak izango lirateke hiru herrialde berritan bezero estrategikoak lortzea, esportazioak %25 handitzea edo banaketa sare berriak ezartzea.
Ikus daitekeenez, KPIek eguneroko jarduera kontrolatzen dute, OKRek, berriz, etorkizunera begira jartzen dute erakundea.
Azken urteotan datuekin lotuta dagoen controller profesionalaren eginkizuna ere nabarmen aldatu da. Iraganean finantza txostenak prestatzea eta aurrekontuak kontrolatzea ziren bere funtzio nagusiak. Gaur egun, ordea, controllerra gero eta gehiago bihurtzen ari da informazio estrategikoaren koordinatzaile.
Bere lana ez da datuak biltzea bakarrik. Zein KPI diren benetan adierazgarriak identifikatu behar ditu, datuen kalitatea bermatu, zuzendaritzari informazio erabilgarria eskaini eta gero eta maizago, OKRen definizioan eta jarraipenean ere parte hartzen du. Horrek azaltzen du zergatik finantza zuzendaritza gero eta hurbilago dagoen enpresaren estrategia orokorretik.
Digitalizazioaren garaian enpresek inoiz baino informazio gehiago dute eskura. Baina datuen ugaritasunak ez du berez lehiakortasuna bermatzen
Hala ere, tresna horiek ez dira beti modu egokian erabiltzen. Ohiko akatsetako bat KPI gehiegi definitzea da. Enpresa askok dozenaka edo ehunka adierazle kontrolatzen dituzte, baina informazio ugari izateak ez du esan nahi kontrol handiagoa dagoenik. Askotan kontrakoa gertatzen baita eta horrela benetan garrantzitsua dena identifikatzea zailago bihurtzen da.
Beste akats arrunt bat KPIak helburuekin nahastea da. Fakturazioa KPI bat izan daiteke, merkatuan lider bihurtzea, berriz, helburu estrategikoa da. Era berean, OKRak ez dira urte luzez mantendu beharreko dokumentuak, baizik eta erakundearen lehentasunekin batera berrikusi eta egokitu behar dira.
Digitalizazioaren garaian enpresek inoiz baino informazio gehiago dute eskura. Baina datuen ugaritasunak ez du berez lehiakortasuna bermatzen. Arrakasta ez dago biltzen diren datu kopuruan, baizik eta aukeratzen diren KPIetan eta horiek erabaki estrategikoak hartzeko erabiltzeko moduan.
Horixe da, azken batean, KPIen eta OKRen arteko benetako harremana. Lehenengoek erakusten digute gaur egun non gauden, hau da, gaur egungo argazkia erakusten digute; bigarrenek berriz, etorkizunean nora iritsi nahi dugun. KPIek errealitatea neurtzen dute eta OKRek errealitate hori eraldatzeko bidea markatzen dute.
Enpresa moderno batek bi ikuspegiak behar ditu. Kontrolik gabeko estrategia amets hutsa bihur daiteke, eta estrategiarik gabeko kontrola, aldiz, iraganari begira bizitzea besterik ez da. Horregatik, kudeaketa aurreratuaren erronka ez da KPIak edo OKRak aukeratzea, baizik eta bi tresnak modu koherentean integratzea, erakundearen estrategia eguneroko jarduerarekin lerrokatzeko eta erabakiak datu fidagarrietan oinarrituta hartzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta