• EKONOMIA
  • Kutxa Fundazioak 2.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2030erako

Kutxa Fundazioak 2.600 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2030erako

Inzu Group talde teknologikoa erosi berri du fundazioak. Egun 373 milioi euro inbertitu ditu lurraldeko enpresetan

Eluska Sukia eta Ander Aizpurua, gaurko agerraldian | Argazkia: Kutxa Fundazioa
Eluska Sukia eta Ander Aizpurua, gaurko agerraldian | Argazkia: Kutxa Fundazioa
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko maiatzaren 23a - 13:14
Eg. 2025eko maiatzaren 26a - 12:45

2.095 milioi euro ditu egun inbertituta Kutxa Fundazioak. Enpresetan 373 milioi euro inbertitu ditu, beste 150,2 milioi finantza inbertsioetan eta gainerako 1.572 milioiak Kutxabanken duen partaidetzatik datoz, finantza erakundearen %32ren jabe baita. Gaur, Donostian, Miramongo Arbide dorreko egoitzan, bere inbertsio estrategia plazaratu du fundazioak. Ander Aizpurua zuzendariak adierazi duenez, “urte askotan zehar, gure jarduera ekonomikoa partaidetza estrategiko bakarrean ardaztu zen. Abiapuntu ona izan zen, baina bagenekien, urrunago iritsi nahi bagenuen, dibertsifikatu egin behar genuela, aukerak zabaldu eta epe luzera pentsatu”.

 

373 milioi euroko inbertsioa 26 enpresetan egin du fundazioak. Horietako batzuk konpainia “kontsolidatuak” dira, CAF eta Iberdrola, esaterako, beste batzuk oinarri teknologikoa duten (biozientzia, kuantika, jasangarritasuna…) start-up-ak: Vivebiotech, Polimerbio, Oncomatryx edota Irisbond. Irabazi asmorik gabeko Gureak erakundean ere %19 pasatxoko jabetza du.

Fundazioak iaz aurkeztu zuen 2030erako plan estrategikoa, eta inbertsioa estrategia zehaztu zuen. Bi zutabe ditu estrategia horrek: alde batetik, Kutxa Fundazioaren epe luzerako finantza iraunkortasuna bilatzea diru-sarreren iturriaz dibertsifikatuz, eta bestetik, lurraldean ekarpena egitea, Gipuzkoako garapen sozial eta ekonomikoan inpaktua sor dezakete proiektuen bidez.

 

Enpresetan inbertituz, Gipuzkoan “enpresa-sare iraunkor, lehiakor eta berritzaile” bat indartu nahi du fundazioak. Aizpuruaren hitzetan, “kaudimena eta finantza gaitasuna” eskaintzen diete lurraldeko enpresei, horiek “apustuak egin ditzaten teknologia garapenean eta merkatu berrietan”.

Ander Aizpurua: “Urte askotan zehar, gure jarduera ekonomikoa partaidetza estrategiko bakarrean ardaztu zen. abiapuntu ona izan zen, baina bagenekien, urrunago iritsi nahi bagenuen, dibertsifikatu egin behar genuela"

Estrategia horri jarraiki, fundazioak egindako azken eragiketaren berri eman du Aizpuruak, Kutxa Fundazioak Inzu Group talde teknologikoaren %100a erosi baitu. Oinarri teknologikoa duten 14 enpresek eta teknologia zentro batek osatzen dute Inzu Group. Besteak beste, ibilgailu elektrikoa, energia, ontziratze jasangarria, adimen artifiziala, zibersegurtasuna edota ekonomia zirkularrare arloan aritzen diren konpainiak dira taldeak, eta fundazioak sektore horietako enpresetan inbertitzea du xede, “hazteko gaitasun handia duten” merkatuak baitira. “800 langile baino gehiago dituen talde garrantzitsua da eta uste dugu pauso honekin proiektua lurraldeari lotuta mantentzea lortzen dugula”, adierazi du zuzendariak.

2030erako 2.600 milioi euro baino gehiagoko inbertsio-zorroa

Aizpuruarekin batera Eluska Sukia Kutxa Fundazioko inbertsio zuzendaria izan da gaurko agerraldian. “Inbertsio hauek aurrerapausoa ekarri dute Kutxa Fundazioarentzat. Alde batetik, lurraldeko enpresa-sarearen prozesuan laguntzen eta gure zorroaren dibertsifikazioan”, azpimarratu du. 2030era begira, lurraldeko enpresetan inbertitzen jarraitzeko asmoa azaldu du Sukiak, baita "beste aktibo batzuetan"ere. Hala, 2030erako 2.600 milioi euroko inbertsio zorroa gainditzea espero dutela nabarmendu du.

Inbertsio zuzendariak eragiketa horien atzean dauden enplegu zifrak nabarmendu nahi izan ditu. “Partaidetza dugun 26 enpresa horiek eta Deeptech bidez laguntzen ditugun 19 enpresek Gipuzkoan 14.500 pertsonei baino gehiagori ematen die lana egun”.

Eluska Sukia: "Hurbiletik ezagutzen dugun taldea da Inzu Group, azken eragiketa honen aurretik ere %37,61eko partaidetza genuen bertan"

Inzu Group-en erosketaren inguruan ere mintzatu da Sukia. "Hurbiletik ezagutzen dugun taldea da, azken eragiketa honen aurretik ere %37,61eko partaidetza genuen". Azaldu du teknologia taldean "hiru bektoreetako" enpresak aurki daiztekeela: oinarri teknologikoa dutenak, eremu digitalekoak eta jasangarritasunaren esparrukoak. Talde horretan dira, besteak beste, Etxetar, Sisfle, Ezarri, Entzimatiko, Gurutzpe, Titanium edota Ekonek enpresak.