• EKONOMIA
  • LAB eta ELAk salatu dute Gipuzkoako zahar etxeetako negoziazioa bertan behera utzi duela patronalak

LAB eta ELAk salatu dute Gipuzkoako zahar etxeetako negoziazioa bertan behera utzi duela patronalak

ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu nahi du gatazkari irtenbide bat emateko. Sei zahar etxe greba mugagabean dira gaur-gaurkoz

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026eko urtarrilaren 28a - 15:00

ELAk eta LABek salatu dute Gipuzkoako zahar etxeetako lan baldintzak negoziatzeko bilera bertan behera utzi duela patronalak. Gaur ziren biltzekoak bi aldeak eta sindikatuen arabera, bezperan negoziazioa etetea erabaki du patronalak. LABek “arduragabekeritzat” jo du azken honen jarrera, eta gogoratu du 2025 urte osoan negoziazio maila “geldirik” egon dela.

 

ELAk, halaber, egoeraren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari “aldebiko bilera bat” eskatu dio gatazkari irtenbide bat emateko. Sindikatuaren arabera, "patronala pultsuan jokatzen ari da instituzioarekin eta argi utzi du ez duela negoziatzeko inolako borondaterik. Gero eta argiago dago egoiliarrek eta langileek ez dutela axola. Patronala etekin ekonomikoak handitzera eta bermatzera mugatzen da".

Gipuzkoako bost zahar etxek 80 greba egun baino gehiago egin dituzte jada eta pasa den astean seigarren egoitza bat batu zitzaien greba mugagabera. Era berean, urtarrilaren 22 eta 23an greba egin zuen sektore osoak, eta beharginek manifestazioa antolatu zuten Donostian. Besteak beste, ratioak handitzeko eskatzen diete erakunde publikoei.

 

LABek zaintza lanak “publifikatzea” eskatu du, uste baitu pribatizazioa dela lan baldintzak okertzen dituena: “batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute, eta ez dute eskaintza duinik langileontzat”.