• EKONOMIA
  • LABek eta Ernaik egiturazko neurriak eskatu dituzte euskal gazteriaren egoera larriari aurre egiteko

LABek eta Ernaik egiturazko neurriak eskatu dituzte euskal gazteriaren egoera larriari aurre egiteko

Eragileek emandako datuen arabera, 25 urte baino gutxiago dituzten gazteek diru-sarreren %78 bideratu behar dute alokairua ordaintzera

Bilbon egin dute prentsaurrekoa | Argazkia: LAB
Bilbon egin dute prentsaurrekoa | Argazkia: LAB
2026ko urriaren 28a - 13:03

Atzo ELA sindikatuak egin moduan, gaur LAB sindikatuaren txanda izan da. Ernai gazte antolakundearekin batera, prentsaurrekoa eman du gaur sindikatuak Bilbon, euskal gazteriari azaroaren 11ko greba orokorrean "aktiboki parte hartzeko" deia egiteko. Bi eragileek egungo egoera sozioekonomiko larria eta prekarizazioa jarri dituzte mahai gainean, eta "egiturazko neurriak" eskatu dituzte, bai soldatetan, bai etxebizitzaren alorrean.

 

Prentsaurrekoan eskaini dituzten datuen arabera, 25 urte baino gutxiago duten eta lanean ari diren gazteen ia erdiak (%48,25) 1.600 euro baino txikiagoa den soldata du. "Hego Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldatak 1.600 eurokoa izan beharko lukeela uste du LABek", gaitzetsi du sindikatuak.

Etxebizitzari erreparatuta ere, egoera konplexua da, langileen soldatak ez baitira etxebizitzen prezioen erritmo berean handitu: 25 urtetik beherako gazteek diru-sarreren %78 bideratu behar dute alokairua ordaintzera. Gauzak horrela, sindikatuak ohartarazi du babes ofizialeko etxebizitza sozial bat eskuratzeko, batez beste, 34 urte inguru beharko lituzkeela gazte batek; etxebizitza libreen kasuan, 53 urte inguru beharko lituzke.

 

Hori dela eta, "azaroaren 11n lantokiak eta ikastetxeak hustu eta kaleak beteko" dituztela berretsi dute prentsaurrekoan. Erakundeei eta patronalari egiturazko neurriak eskatuko dizkiete: alokairu kontratu mugagabeak, prezioak jaistea, espekulazioa debekatzea, putre funtsak kanporatzea eta etxebizitzen parke publikoa handitzea. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain