MOVES III programa aurrera eramateko 50 milioi euro gehiago eskuratu ditu Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Estatuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eskutik. Mikel Jauregi sailburuak eskerrak eman dizkio ministerioari, finantzaketari esker “euskal herritarren eskaerari erantzuna” emango zaiolako.
Izan ere, ez dira gutxi laguntza jasotzeko zain daudenak: 3.400 eskaera egin dira eta ibilgailu elektriko berria erosteko finantzaketa itxaroten ari dira. MOVES III programaren baitan, dirulaguntzak eskaintzen dira, izan auto elektrikoa, izan hibrido entxufagarria erosteko, baita puntu elektriko bat instalatzeko ere.
Jaurlaritzak azaldu du “ahalik eta lasterren” izapidetuko duela aurrekontua handitzea, eta herritarrei gogorarazi die abenduaren 31an amaitzen dela epea laguntza eskatzeko.