• EKONOMIA
  • Lan eskaintza publikoetan euskara babesteko lege aldaketaren proposamenak aurrera egin du

Lan eskaintza publikoetan euskara babesteko lege aldaketaren proposamenak aurrera egin du

EAJk eta EH Bilduk proposamen bana egin dute. Bi proposamenak atera dira aurrera, EAJrenak EH Bilduren aldeko botoa jaso du. PSEk aurka bozkatu du

Eusko Legebiltzarra | Argazkia: Javier Martin | Europa Press
Eusko Legebiltzarra | Argazkia: Javier Martin | Europa Press
2025eko urriaren 2a - 13:05

Enplegu Publikoen Eskaintzen deialdietan euskara babesteko asmoz, Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamena aurrera atera da gaur Eusko Legebiltzarrean. EAJk eginiko proposamena EH Bilduk babestu du, PSE-EEk, PPk eta Voxek aurkako botoa eman dute eta Sumar abstenitu egin da.

 

Administrazio publiko bakoitzak bere lan-eskaintza publikoetan euskararen eskakizun-maila erabakitzea proposatzen du EAJk mahaigaineratutako lege aldaketak, azken urteetan eman diren auzitegietako helegiteak ekiditeko, hain zuzen. Izan ere, lan enplegu publiko deialdietan euskararen eskakizuna ezbaian izan da, epai askok atzera bota dutelarik eskakizun hori.

Era berean, EH Bilduk bere lege proposamena ere taularatu du gaurko biltzarrean, zeina aurrera atera den koalizio abertzaleko kideen botoekin. EAJ abstenitu egin da eta gainerako alderdiek aurka bozkatu dute. Bi alderdien proposamenak, beraz, parlamentuan aurrera jarraituko dute.

 

EAJko Euskadi Buru Batzarreko euskara arduradun Markel Olanok defendatu du lege aldaketak epai horiek sortutako "ziurgabetasunarekin" amaitu nahi duela. Bere hitzetan, egungo egoera “ez da kasualitatea”, eta euskara biziberritzeko ahalegina egin behar dela azaldu du. Era berean, PSEren “katastrofismoa” salatu du.

EH Bilduko Pello Otxandianok, bestalde, uste du onuragarria dela EAJk eta koalizio abertzaleak gai honen gaineko oinarri zabal eta partekatu bat izatea. Dena den, argitu du normalagoa litzatekeela bi proposamen aurkeztu beharrean, elkarlanean ondutako proposamen bakarra mahaigaineratzea.