• EKONOMIA
  • Lan eskubideen ibilaldi malkartsua

Lan eskubideen ibilaldi malkartsua

Lan eskubideek Industria Iraultzan dute jatorria. Azken bi mendeetan egonkortu eta garatu egin badira ere, langile mugimendua eta sindikatuek ez dute aldarrikapenak alde batera uzteko motiborik

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko maiatzaren 1a

Beste urtebetez Maiatzaren Lehenean langilearen eskubideak aldarrikatuko dituzte munduko bazter askotan. Lan baldintza duinago batzuen segika, sindikatuek manifestazioak egingo dituzte Euskal Herriko udalerri nagusietan. Gutxieneko soldata propioa eta pentsio duinak eskatuko ditu LABek zazpi manifestaziotan. ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu mobilizazioak, Gutxieneko soldata hemen erabaki lelopean. Ipar Euskal Herriko intersindikalak (LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires), USL ikasle sindikatuarekin batera, manifestazio bateratua antolatu dute Baionan. UGT eta CCOOk ere iragarri dituzte mobilizazioak Iruñean eta Bilbon.

 

Soldata altuagoa, ordutegi murritz eta malguagoak, segurtasun neurri eraginkorrak, kontziliaziorako baldintza malguak… horiek denak eskuratzeko borroka etengabea da, eta historian zehar langile mugimendua, kostata bada ere, lan eskubide horiek bereganatzen saiatu da. Etengabeko eraldaketan dagoen gizarte batean, langilearen aldarriak eta eskaerak ere aldatu egiten ditu.

Lan eskubideen jatorria industria iraultzan kokatzen dute askok, artean sortu baitziren langile eta jabeen artean ordura arte ikusi gabeko lan harreman berriak. Antzinako aroan esklabo eta ugazabak zeuden, Erdi Aroan jauntxo feudalak. Industria Iraultzan, langileak etxean lan egitetik fabriketara igaro ziren, euren enplegatzaileen lokaletara, eta bertan makinetan aritzen ziren lanean, baldintza eskasetan, esfortzu fisiko handiko jarduerak eginez, segurtasun baldintza murritzetan, ordutegi amaiezinekin.

 

Baldintza makur horietan sortu ziren langileen arteko lehen bateratzeak. Fabriken okupazioak, manifestazioak, grebak, sabotajeak… Mugimendu guzti horien artean sortu hasi ziren lehen sindikatuak eratzen. Industria iraultzan lan esplotazioa handitu bazen ere, lan eskubideen lehen oinarriak jartzen hasi ziren.

XIX. mendeko aurrerapenak

XIX. mendean zehar, hainbat mugimendu sortu ziren, estatuaren esku hartzea defendatzen zutenak langileen eskubideak bermatzeko. Karl Marx eta Friedrich Engelsen Marxismoa azaleratu zen mendea izan zen, zeinak langile mugimenduan izugarrizko eragina izan zuen, eta egitura kapitalistaren aurka eginez, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua ezabatzea aldarrikatzen zuten.

Estatuaren esku hartzeak sortu zuen gaur egun ezagutzen dugun lan zuzenbidea. Lehen lan eskubideak XIX. mende amaieran azaldu ziren nazioarteko zenbait herrialdeetan. Besteak beste, Lehenengo Internazionala 1864an egin zen hainbat herrialdeetan. Ingalaterran ere, dagoeneko, hainbat arau ezarriak ziren, bederatzi urteko pertsona enplegatzearen debekua edota elkartzeko eskubidea, besteak beste.

Estatuaren esku hartzeak sortu zuen gaur egun ezagutzen dugun lan zuzenbidea. Lehen lan eskubideak XIX. mende amaieran azaldu ziren nazioarteko zenbait herrialdeetan

1883an gaixotasunen lehen seguru legea onartu zen Alemanian. Urtebete beranduago lan istripuen legea eta 1889 baliogabetasuna eta zahartzarori buruzko legea egin ziren. Horiek denak egungo gizarte segurantzarekin lehen arrastoak izan ziren. Garaia haietan, Alemanian, langile mugimendua indar handia hartzen ari zen, eta  lege horien helburua orduko giro nahasia baretzea zen, iraultza sozialistak geroz eta babes handiagoa zuen gizarte batean.

Espainiako Estatuan lan zuzenbideko lehen legea 1873koa da, Benot izenekoa. Bertan,  batez ere, adin txikikoak babesten ziren industria lokaletan jasandako baldintza eskasetatik. 1900an beste bi lege sortu ziren, bata lan istripuei buruzkoa, bestea emakume eta adin txikikoei zuzendutakoa. 1909, aldiz, greba barnebiltzen zuen lehen legea sortu zen.

Lan zuzenbidearen nazioarteko aitortza

1919ko Versaillesko Itunak, Lehen Mundu Gerraren bukaera ekarri zuenak, lan zuzenbidearen nazioarteko errekonozimendua ekarri zuen, eta horrekin batera, OIT Nazioarteko Lan Erakundearen jaiotza. Gerora, 1948an, Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideen adierazpenaren 23 eta 24. artikuluan lan duina arautu zuen. Bertan zehazten zen, besteak beste, lan egiteko eskubidea, lana libreki aukeratzekoa, desenpleguaren aurkako babesa, ordainsaria jasotzekoa, sindikatuak sortu eta horien parte hartzekoa edota atsedenerako eskubidea.

Gogoratu beharra dago Maiatzaren Leheneko aldarrikapen eguna Chicagoko zortzi sindikalista anarkista oroitzeko sortu zela. Langile horiek hil egin zituzten, 1886ko maiatzean, Chicagon (AEB), zortzi orduko lan jardunaldia aldarrikatzeko egindako greba batean. 1889an, egin zen Parisko Bigarren Internazionalean erabaki zuten Maiatzaren Lehenean gertakari hura gogoratzea.

Zortzi orduko jardunaren egonkortzea

Borroka, sufrikario eta errepresio andana eragin zuen zortzi orduko lanaldiaren lorpenak. Bada, lan jardunaldi horren egonkortzea XX. mendean eman zen. Espainian, 1931an, Errepublikak egindako konstituzioak hainbat aurrerapauso eman zituen lan eskubideei dagokienez, konstituzionalizatu egin baitziren, legearen 46. artikuluan, hain zuzen. Konstituzioaz gain, hainbat lan lege ere onartu ziren 1930eko hamarkadan, gehienezko jardunaldia edota elkartze profesionala arautzen zutenak, besteak beste.

Frankismoaren garaian, lan eskubideen urraketak areagotu egin ziren. 60 orduko lanorduak ohiko bilakatu ziren, gerora, 48 ordura jaitsi zirenak. Trantsizio garaian, egun Espainiako Estatuan indarrean dagoen konstituzioak ezarri zuen lanerako eskubidea oinarrizko eskubide gisa, 35. artikuluan. Halaber, 28. artikuluan, greba eskubidea nahiz sindikatuetan parte hartzekoa arautu zituen. 1980an, aldiz,  Langileen Estatutua onartu zen, zeinak konstituzioko 35. artikulua garatzen duen.

Mende berriaren aldarriak

XXI. mendean, langilearen eguna nazioartean hedatu da, eta aldarrikapena festa bilakatu da. Azken urteetako teknologiaren aurrerapenak gizartea eraldatu du eta langileen premiak eta aldarriak ere aldatu egin dira, lan zuzenbidearen paradigmak irauliz. Biztanleriaren zahartzeak ere pentsioen aldeko protestak areagotu ditu. Aitzitik, badira zenbait eskaera, mendeak igarota ere, inoiz baino indartsuago oihukatzen direnak, soldataren igoera eta lan jardunaldiaren murrizketa, batik bat. Horren adierazle 40 orduko lan astea murrizteko azken saiakerak.