Lan eta bizitza duinago baten aldeko borroka amaigabea

Gaur, Maiatzaren Lehenean, mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek Hego Euskal Herriko lau hiburuetan

LAB sindikatuak 50. urteurrena ospatuko du Iruñeko ekitaldi nazionalean | Argazkia: LAB LAB sindikatuak 50. urteurrena ospatuko du Iruñeko ekitaldi nazionalean | Argazkia: LAB

II. Internazionalak 1889an Parisen egindako bilkuraz geroztik, Maiatzaren Lehena langileen eskubideak aldarrikatzeko eguna bilakatu da nazioarteko herrialde askotan. Lehen aldi hartan, Chicagoko (AEB) martiriak omendu nahi izan zituzten, 1886ko maiatzaren 1ean Estatu Batuetako hirian zortzi orduko lanaldia eskatzen zuten sindikalari anarkistak hain zuzen.

Egun, zortzi orduko lanaldian indarrean badago ere, beste hainbat aldarri eta protesta indar bete-betean dira. Hala, lan eta bizitza duinago baten aldeko oihuak entzungo dira gaur Euskal Herriko karriketan. LABek, 50 urte betetzen dituen urte honetan, ekitaldi nazionala egingo du Iruñean. Sindikatuko zuzendaritzak azaldu duenez, 50 urtek "askorako eman dute eta ibilbide gogorra baina emankorra" eginda, hori guztia errepasatuko dute, "baina betiere aurrera begira, lan handia baitugu eskuartean langile klasearentzako bizi-baldintza duinak eskuratzeko borroka honetan". 11:30ean manifestazioa abiatuko dute Gazteluko plazatik eta 12:30ean egingo dute ekitaldi nagusia Anaitasuna kiroldegian. Halaber, Baionako intersindikalean ere egongo dira aurten, eta hori "lorpen esanguratsua" da sindikatuarentzat, bertan egoteko eskubidea "gogor" borrokatu baitute.

ELAk manifestazio bana egingo du Bilbon eta Iruñean. 11.30ean abiatuko dira biak, Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik eta Iruñekoa Gurutze plazatik. Gero, bazkaria antolatu dute Miribillan eta Labriten, “militanteen arteko harremanak sendotzeko eta langileen eguna ospatzeko”, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoaren hitzetan.

ELAk manifestazio bana egingo du Bilbon eta Iruñean. 11.30ean abiatuko dira biak, Bilbokoa Jesusen Bihotza plazatik eta Iruñekoa Gurutze plazatik

CCOOk Hego Euskal Herriko lau hirietan egingo ditu manifestazioak, eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Donostian (Alderdi Eder plazatik), Gasteizen (Andra Mari zuriaren plazatik) eta Iruñean (sindikatuaren egoitzatik). Bilbon, aldiz, 11:30ean egingo dute, Kale Nagusitik hasita. Era berean, UGTk ere lau hiriburuetan egingo ditu mobilizazioak. 12:00etan abiatuko dira Donostia eta Iruñekoa, 11:00etan Gasteizkoa eta 11:30ean Bilbokoa.

Bizimodua garestitu, bankuen etekinak handitu

Aurten, ELAk Palestinako su-etena eskatzeko aldarriak egingo ditu. Muñoaren hitzetan, “Israelgo armada Gaza eta Zisjordaniako biztanleekin egiten ari den genozidioak babesa izan du Mendebaldeko botere politiko eta ekonomikoen aldetik” eta botere ekonomiko horren etekinak etengabe hazten ari direla azpimarratu du. Sindikatuko kidearen arabera, “herritar gehienontzat bizimodua garestitu da, eta hori zuzenean lotuta dago enpresa handien eta bankuen etekinek izan duten hazkundearekin”. (iaz 59.400 milioi euro mozkinetan, soilik IBEX 35eko enpresentzat).

LABen esanetan, "kapitalismo heteropatriarkala eta koloniala bortizki agertzen ari dira" egun, eta egoera honi krisi ekologikoa edota zaintza krisia gehitu behar zaizkie. "Horren aurkako antidotorik onena antolatu eta borrokatu egiten duen langile klasea da. Greba eta mobilizazioetan ateratzen dena, sektore publikoa defendatzen duena, zaintzen eraldaketa nahi duena, generoaren edota arrazaren araberako arrakalak ezabatu nahi dituena edota soldata eta pentsio duinak exijitzeko borrokatzen dena", dio sindikatuaren zuzendaritzak.

LABen esanetan, "kapitalismo heteropatriarkala eta koloniala bortizki agertzen ari dira", eta egoera honi krisi ekologikoa edota zaintza krisia gehitu behar zaizkie

Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, aurtengo aldarri nagusiak enplegu “duin, egonkor eta kalitatezko baterako apustua” dira, baita lan jardunaldiaren murrizketa eta soldaten hobekuntza ere. “Eskubideak berreskuratu eta konkistatzeko ziklo baten aurrean gaude, baina orain arte irabazitakoa defendatzeko eta lan- eta gizarte-erronka berrietan aurrera egiten jarraitzeko, enplegu duina, egonkorra eta kalitatezkoa sortuko duen industria-politika behar dugu, lan-etorkizun iraunkorra bermatzeko”, adierazi du.

Krispazio handiko testuingurua

Egungo testuinguru ekonomikoari begira, “osasungintza publikoan ez da nahikoa inbertitzen; etxebizitza lortzea zaila da; zaintza-sistema pribatizatuta eta prekarizatuta dago... horrek guztiak agerian uzten du gure gobernuek ez dutela politika sozialik garatzen”, dio Muñoak. ELAren iritziz, politika horiek salatzea da “egin litekeen politika koherente bakarra”, aldaketa soziala lortzeko, eta horretarako “interes patronalen eta botere ekonomikoen aurka konfrontazio politiko, sozial eta sindikala behar da". Horrekin batera, “konfrontazio horri ihes egitea langile klaseak behar dituen aldaketak saihestea" dela uste du.

LABek salatu du gaur egun herritarren erdia baino gehiago egoera prekarioan bizi direla. "Hor daude, esaterako, ordaindu gabeko zaintza lanak egiten dituztenak, edo esplotazio egoeran jarduten dutenak, langabeak eta 1.400 euro baino gutxiago kobratzen dutenak...", diote sindikatutik. Hori gutxi balitz, zerbitzu publikoak "gero eta ahulagoak" dira, eta testuinguru honetan, Euskal Herrian ikusi ditugun politiken apustua pribatizazioa izan dela gaineratu dute, Osakidetzaren adibidea jarriz.

Loli Garcia: “Ekonomiaren eta enpleguaren adierazle onak, neurri handi batean, elkarrizketa sozialean lortutako akordioen ondorio dira, baina aurrera egiten jarraitzeko ere balio behar dute”

Garciak, bestalde, krispazio handiko testuinguru politiko eta sozial batean gaudela iritzi dio, non botere judizial, ekonomiko eta mediatiko jakin batzuetatik, independentzia premisa faltsu batetik, politikan eta gizartean esku hartu nahi den, eta horri demokrazia dosi handiagoarekin erantzun behar diogu”. Halaber, arlo ekonomikoan (enplegua, inbertsioa eta enpresa irabaziak) “momentu onean” dagoela uste du. “Ekonomiaren eta enpleguaren adierazle onak, neurri handi batean, elkarrizketa sozialean lortutako akordioen ondorio dira, baina aurrera egiten jarraitzeko ere balio behar dute”.

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA

Borrokan segitzeko konpromisoa

Lan eta bizi baldintzak hobetu ahal izateko, “ezkerreko espazioan egungo politikak salatu eta horiei aurre egiteko konpromisoa hartzeko adostasunak behar dira”, esan du Muñoak, eta “alternatiba sozial, feminista eta ekologistaren alde egitea” dagokiela dio.

Hala, ELAk borroka “sindikal eta sozialarekiko konpromisoa” berretsi du, eta greba egin ahal izateak lan hitzarmen gehiago eta hobeak sinatzeko aukera ematen dituela nabarmendu du. “Errealitateak erakusten digu soilik langileak antolatzeko eta konfrontatzeko prest daudenean hobetzen direla lan baldintzak; horrek zabaltzen du prekaritateari aurre egiteko aukera. Horren erakusgarri, sektore feminizatuetako grebak eta izan diren garaipenak”, gehitu du Muñoak.

Amaia Muñoa: “Errealitateak erakusten digu soilik langileak antolatzeko eta konfrontatzeko prest daudenean hobetzen direla lan baldintzak; horrek zabaltzen du prekaritateari aurre egiteko aukera. Horren erakusgarri, sektore feminizatuetako grebak eta izan diren garaipenak”

Garciaren aburuz, “lanaldia legez murrizteko, lanaldi partzialeko kontratazioa hobeto arautzeko eta Rider Legea deritzonaren edukiak plataformako ekonomia osora hedatzeko unea da”. Era berean, industria politika eta sektoreen garapenerako garaia dela azpimarratu du. “Euskadik industria-polo izan behar du, energia berriztagarri eta merkearen potentziala aprobetxatuz, kalitatezko enplegua sortzeko eta ekoizpena lokalizatzeko elementu konparatibo nagusi gisa”.

Halaber, zaintza sektorean “estrategia indartsu bat hedatu beharra dagoela dio CCOOko idazkari nagusiak. “Euskadi gizarte zahartua da, jaiotza-tasak oso txikiak dira, eta zainketen feminizazioa da genero-arrakalaren elementu nagusia, eta ez dugu benetako berdintasunik lortuko zaintza-sistema integral bat artikulatzeko itun bati heltzen ez zaion bitartean”. Hala, Garciak azaldu duenez, sistema horrek finantzaketa eta zerbitzu publiko nahikoak izango behar ditu, eta sektoreko langileak profesionalizatuz eta enplegu txukunak bermatuz eutsiko zaio.

LABek ospakizun berezia

Sindikatu abertzaleak Iruñean egingo duen ekitaldi nazioanalean, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrez gain, Pambis Kyritsis, Munduko Federazio Sindikaleko (MFS) idazkari nagusia, Vu Manh Tiem, Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko ordezkaria eta Sousan Abdel-Salam, Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko kidea izango dira.

Sindikatuaren esanetan, "une gozoan" ailegatu dira 50. urteurrenera. 50.000 afiliatuen langa gaindituta, lantokietako ordezkaritzan ere sekula baino presentzia handiagoa dutela nabarmendu dute. "Zuhaitzaren irudia hautatu dugu urteurren hau irudikatzeko, enborrak sendo eta arramak zabalik dituen proiektua baita gurea. Hala, orain arteko ibilbideari jarraikiz, garai berriek dakartzaten erronkei heltzeko prest gaude, ez soilik erreakzio edo erantzun gisa, baizik eta modu eraikitzailean", adierazi dio sindikatuaren zuzendaritzak EnpresaBIDEAri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK