
Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) 2025eko martxoko 'Informazio soziolaborala' izeneko txostena argitaratu du. Bertan, datuak eskaini dituzte egungo EAEko negoziazio kolektiboen egoerei buruzkoak, laneko gatazkei eta ezbehar-tasei buruzkoak, baita erregulazio-espediente zein enpleguei buruzkoak ere.
Negoziazio kolektiboei dagokionez, %56,1etik %47,4ra igaro da hitzarmenak indarrean eta eguneratuta dituzten langileen ehunekoa. Txostenean azaldu denez, beherakada hori gertatzearen arrazoi nagusia da iazko abenduaren 31n “enplegu-bolumen handia” zuten zenbait hitzarmenen “ohiko indarraldia amaitu” zela. Ondorioz, igo egin da hitzarmenak luzatuta eta berritzeke dituzten langileen ehunekoa, iazko %39,2tik aurtengo %48ra. Gainerako langileek (%4,6) iraungita dituzte hitzarmenak (edo ez dute hitzarmenik), ia iazko kopuruaren pare (%4,7).
Hala, baldintza ekonomikoak eguneratuta dituzten langileei (300.000 enplegatu, gutxi gorabehera) dagozkien hitzarmenek aurreikusten dute %3,12ko soldata igoera izango dutela 2025. urtean.
Lan gatazka eta grebei dagokionez, txostenean bildutako Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2025eko lehen hiruhilekoan hamalau greba zenbatu dira, 12.636 parte hartzailerekin, eta lan egin gabeko 27.942 lanaldirekin. Epe berean, lanaldietan zehar 9.691 ezbehar zenbatu dira, eta 7 heriotza izan dira, baita 41 istripu larri ere.
Enpleguari dagokionez, aipatzekoa da urtebetean %12,49 beheratu dela biztanleria langabetua, eta gizarte segurantzara afiliatutako pertsonen kopuruak milioitik gorakoa izaten jarraitzen du (1.022.434 pertsona, iaz baino %1,02 gehiago). Jakinarazitako kontratu kopuruak antzera mantendu dira, SEPEren datuen arabera soilik %0,1 gutxitu baitira.
Azkenik, gogorarazi da iaz urte arteko inflazioa %2,8koa izan zela EAEn, eta BPGaren %2,1eko gorakada aurreikusten du Jaurlaritzak 2025erako (AEBko muga zergek izan ditzaketen ondorioak kontuan izan gabe).