EAEko Lan Ikuskaritzaren 2025eko balantzea aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak, zeina Mikel Torres Lehendakariordeak positiboki baloratu duen. Lan merkatua hazi egin zen iaz EAEn, 12.293 pertsona afiliatu gehiago izan baitziren Gizarte Segurantzan, %1,2ko hazkundearekin. Enplegu gehiago izateak “enpleguaren kalitatean gehiago sakontzea” eskatzen duela adierazi du Torresek.
Horretan dihardu Lan Ikuskaritzak, zeinak 2025ean 20.191 jarduketa egin zituen. Orotara, 1.862 arau hauste antzeman ziren, baita 26.959 kontratu berrikusi ere. Kontratu horietatik 1.788 bihurtu ziren mugagabe eta lanaldi osoko. Jarduketen gehiengoa, 11.545, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren eremuarekin loturikoak izan ziren; Lan Harremanen eremukoak izan ziren 6.974 jarduketa; eta kontratazioan iruzurraren aurkako borrokak 1.672 jarduketa sortu zituen.
Jaurlaritzak adierazi duenez, ikuskaritzak “bereziki gogor jardun du” segurtasunaren eta osasunaren arloan, istripu larri zein hilgarriak “berehala ikertuta”. Kontratazioko iruzurraren aurrean ere “lehentasunez” jokatu du ikuskaritzak, eta teknologia aurreratuak erabili ditu kontratuak berrikusteko. “Legea betetzen ez den tokian, prekaritatea dago, iruzurra dagoen lekuan, lehia desleiala dago; eta lan eskubideak urratzen diren lekuan, gure gizarte kohesioa ahultzen da”, azpimarratu du Lehendakariordeak.
2026-2028 Kudeaketa Plana
Behin iazko datuak berrikusita, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak etorkizunean jarri du fokua. 2026-2028 Kudeaketa Plana aurkeztu du, hain zuzen ere, “2025eko emaitzak abiapuntu gisa hartuta”. Planak helburu du enplegu duina, legezkotasuna eta lan eskubideen babes eraginkorra bultzatzea, eta horretarako zenbait ekintza aurreikusten dira: “Plaza huts guztiak betetzea eta egitura operatiboa indartzea, oposizioak prestatzeko beka programarekin jarraitzea, talde tekniko espezializatuak sendotzea, akten prestaketa eta analisi dokumentala hobetzeko adimen artifizialeko programa pilotu bat, estatuko aplikazioekiko elkarreragina hobetzea eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpiegiturak modernizatzea”.
Digitalizazioari garrantzia berezia eman diote aurkezpenean, mezu argia helarazi nahi izan baitute: lan eskubideak ezin direla ingurune digitalean desegin. Horregatik, planak arreta berezia eskainiko die “digitalizaziotik, automatizaziotik, telelanetik eta plataformen ekonomiatik eratorritako lan ingurune berriei”.