
Espainiako Ministroen Kontseiluak lanaldia 37,5 ordura murrizteko lege-proiektua onartu du. Orain, Kongresuan eztabaidatu beharko da neurria, baina aurreikuspenak ez dira neurriaren aldekoak: Juntsek osoko zuzenketa aurkeztuko duela iragarri zuen atzo, Kataluniako autonomo eta enpresa txiki zein ertainen kontrako “erasotzat” jo baitu lege-proiektua; hala ere, oraindik ere “negoziatzeko aukera” dagoela azaldu zuen Miriam Nogueras Juntsen bozeramaileak.
PP eta Vox taldeek ere ezezkoa emango dutela adierazi dute, PPk baitio neurriak patronalaren babesa behar duela eta Voxek “errealitatetik oso urrun dagoen neurria” dela.
Dena dela, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan ministroak dio Espainiako Gobernuak “etxeko lanak bete” dituela, eta berretsi du lanaldi murrizketarekin jendea “zoriontsuagoa” izango dela. Kongresuan erabakia onartuz gero, eragina txikiagoa izango da Hego Euskal Herrian, lan hitzarmen gehienetan jada adostuta baitago 37,5 orduko lanaldia edo txikiagoa; CCOOk argitaratutako datuek diote 300.000 pertsona inguruk EAEn eta 120.000 inguruk Nafarroan dutela 37,5 ordu baina gehiagoko lan kontratua.