
Lanbidek Administrazio Kontseilua izan du gaur, eta 141 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du, hainbat laguntza-lerrotan banatzeko. Ekintzailetza, enplegagarritasuna, digitalizazioa, langabeen eta landunen inklusioa eta sektore estrategikoak sustatuko dira deialdi berriari esker, zeina hein batean Europako Gizarte Funtsak eta Next Generation funtsak finantzatuko duten.
Diru kopururik handiena, 88,5 milioi euro, Lanbideren prestakuntza planera bideratuko da. Aurrez aurre zein online egiten diren prestakuntza horiei esker, langabeen laneratze prozesuan laguntzen du erakundeak. Landunentzako prestakuntza eskaintzetara ere beste 31,8 milioi euro bideratuko dira, helburu izanik langileen gaitasunak hobetzea, birkualifikatzea eta lan-merkatuaren eskaeretara egokitzea. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin ere lankidetza hitzarmena sinatu du Lanbidek, eta, ondorioz, 1,9 milioi euro inbertituko dira langileen, gazteen eta ETEen prestakuntza ekintzetan.
Hiru laguntza lerro horiez gain, kontuan hartu behar dira Eusko Jaurlaritzak astearteko Gobernu Kontseiluan iragarritakoak. 15 milioi euro erabiliko dira Hezkuntza Sailak eta HABEk elkarlanean egingo dituzten prestakuntza ekintzetan; bestalde, 3,9 milioi eurorekin ekintzailetza indartuko da, zenbait laguntza lerroren bitartez.
Azkenik, 30.000 euroko dirulaguntza emango dio Lanbidek zuzenean Euskalit Kalitatea Sustatzeko Euskal Fundazioari, besteak beste, sare bat sor dezan, belaunaldi erreleboa egiteko jardunbide egokiak trukatzeko.