• EKONOMIA
  • Atzerritarren kontratazioa %30 hazi da EAEn urtebetean

Atzerritarren kontratazioa %30 hazi da EAEn urtebetean

Bost kontratutatik bat atzerritarrentzat izan zen uztailean

Iazko uztailean baino 7.249 kontratu gehiago egin dira | Argazkia: Lanbide
Iazko uztailean baino 7.249 kontratu gehiago egin dira | Argazkia: Lanbide
2025eko abuztuaren 26a - 13:05

Uztailean 58.033 kontratazio egin ziren EAEn, hau da, iazko hilabete berean baino %14,27 gehiago. Hala, 2024ko uztailean baino 7.249 kontratu gehiago egin dira: 2.912 langile atzerritar erregistratu ziren, iaz baino %30,47 gehiago, eta bertako langileak 4.337 izan ziren, %10,52ko hazkundearekin.

 

Gauzak horrela, Lanbideren datuen arabera, kontratazio guztien %21,5 atzerritarrak izan ziren, iaz baino %2,1 gehiago. Talde horren barruan, hego amerikarrek biltzen dute kontratuen %58,5, eta, ondoren, Afrika iparraldeko herritarrek (%12,1), Saharaz hegoaldeko Afrikakoek (%10,7), Asiakoek (%6,2), Europa ez komunitariokoek (%6) eta Europa komunitariokoek (%5,3).

Ekaineko datuekin alderatuta, gorakada handiagoa izan da atzerritarren artean: 1.789 kontratu lortu dituzte (+%16,75), eta bertakoek, berriz, 1.288 (+%2,77). Hazkunde handiena izan duen taldea Erdialdeko eta Hego Amerikatik etorritako pertsonei dagokie, 1.436 pertsona gehiago kontratatu baitituzte hilabete bakarrean (+%24,52).

 

Sektoreei dagokienez, manufaktura-industriak kontratazioen %12 bildu zituen, eta ostalaritzak %11,6. Ekainaren aldean, hazkunderik handienak etxeetako jardueretan (3.676 kontratu gehiago) eta informazio eta komunikazioetan (3.273 kontratu gehiago) izan ziren; jaitsierarik handienak, berriz, hezkuntzan (-1.581) eta ostalaritzan (-1.532) izan ziren.