Lander Beloki Mendizabal: "2023a ziurgabetasunaren urtea izango da"

Argazkia: MU/Enpresagintza fakultatea Argazkia: MU/Enpresagintza fakultatea

Lander Beloki Mendizabal Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoarentzat Ukraniako gerra izan da 2022ko albistea, horrek eragindako ekonomia atzeraldiarekin batera. 2023a ziurgabetasunaren urtea izango dela dio eta geopolitika mailan dauden arazoak bideratzea beharrezkoa dela uste du, inflazioa kontrolpean izateko. 

Zein da zuentzat 2022ko albiste ekonomiko garrantzitsuena, unibertsitate edo zehazki MUren esparruarekin harremana duena? Zergatik?

Nire ustez 2022an ekonomian eragin handiena izan duen albistea, dudarik gabe, Ukrainako gerra izan da. Milaka heriotze eta izugarrizko kalteak sortzeaz gain, pandemiaren bukaerarekin argi apur bat ikusten hasiak ginen une horretan, munduko ekonomietan izugarrizko kaltea sortu du. Energiaren hornidura zaildu eta asko garestitzeak inflazioa ekarri du. Prezioen igoera kontrolatu ahal izateko interesak igo behar izan dira, familien eros ahalmena murriztu delarik. Ondorioz, ekonomiaren errekuperazioa zalantzan jarri dugu denok. Halere, enpresa eta erakundeen aldetik formakuntza, berrikuntza eta ikerketaren aldeko apustua egitea inoiz baino garrantzitsuagoa da, gure etorkizuna eta lehiakortasuna baitaude jokoan.

2023ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenuke, zein nahiko zenukete titularra edo albistea izatea?

Ukrainako gerra amaitu da eta bere eragin ekonomikoak konpontzeko akordio sakonak hartu dituzte gobernuek mundu mailan. Ekonomia hazkundea aro berri batetan sartu da, desberdintasun sozialak murrizteko politika aktiboak eta klima aldaketa ekiditeko neurri irmoak hartu direlarik.

"Enpresa eta erakundeen aldetik formakuntza, berrikuntza eta ikerketaren aldeko apustua egitea inoiz baino garrantzitsuagoa da, gure etorkizuna eta lehiakortasuna baitaude jokoan"

Nola ikusten duzue 2023?

Hitz batetan laburtuta, ziurgabetasuneko urtea izango dela esango nuke. Datorren urteko aurreikuspenak zertxobait hobetzen joan dira aurtengo urtea bukatzen doan neurrian. Inflazioa kontrolpean edukitzea lortzen bada, interesak murriztuko dira, eta horrek ekonomia bultzatuko du. Baina horretarako geopolitika mailan dauden arazo larriak bideratu beharko lirateke.

Eraldaketa ugari ematen ari dira gizartean —askotariko trantsizioak, esaterako— eta eman beharko dira. Zein modutan egokitu behar dira unibertsitateak aldaketa horiei erantzuna eman ahal izateko? 2023ra begira badago aldaketa gakorik?

Hiru trantsizio daude martxan une honetan: digitala, ekologikoa eta sozioekonomikoa. Trantsizio digitala, nagusiki, teknologiaren garapenak eta merkatuak bultzatzen dute. Aldiz, trantsizio ekologikoa eta sozioekonomikoa, batez ere, politika publikoen bitartez bultzatu behar dira. Unibertsitatean hiru trantsizio hauekin erabat konprometituta gaude. Gure formakuntza eta ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia gizarteak eta enpresek etorkizunean izango dituzten beharretara ari gara egokitzen, programa berriak abian jarriz eta ikerketa bideratuz. 2023an ere lan honekin jarraituko dugu buru-belarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK