• EKONOMIA
  • Landun kopuruak gora eta langabe kopuruak behera EAEn

Landun kopuruak gora eta langabe kopuruak behera EAEn

Bigarren hiruhilekoko Eustaten datuen arabera, langabezia tasa %5,7koa da

Lanbideko bulego bat | Argazkia: Irekia
Lanbideko bulego bat | Argazkia: Irekia
2025eko uztailaren 17a - 12:15

2025eko bigarren hiruhilekoan EAEn gora egin dute landunek eta behera langabeek: 18.900 landun gehiago daude eta 13.200 langabe gutxiago. Horrek esan nahi du EAEko langabezia tasa %5,7koa dela, Eustat euskal estatistika erakundeak eman dituen datuen arabera.

 

Hala, gaur egun 61.100 langabe daude orotara EAEn, eta, kontrara, 1.010.400 pertsona landun daude. 2025eko lehen hiruhilekoaren aldean langabezia tasa %1,3 beheratu da. Langabeak eta landunak kontuan izanda, EAEko jarduera tasa %56koa izan da azken hiruhilekoan, lehenengo hiruhilekoaren pareko.

Landunak

Generoari dagokionez, landun kopurua igo egin da, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen kasuan, hurrenez hurren, 9.900 eta 9.000 landun gehiagorekin. Nazionalitateari dagokionez, landun berrietatik 13.800ek dute Espainiako nazionalitatea, %1,5eko hazkundearekin, baina, are gehiago igo da atzerriko nazionalitatea duten landunen kopurua, 5.100 gehiago baitira, %5,3ko hazkundearekin.

 

Sektoreka, 13.900 landun gehiago zenbatu dira zerbitzuenean, %1,9ko igoerarekin; 4.400 pertsona gehiago hasi dira lanean industrian (+%1,7), eta, eraikuntzako landun berriak 1.900 izan dira (+%3,3). Lehen sektorean, aldiz, beherakada izan da, 300 langile gutxiagorekin (-%3,2).

Okupazio tasari dagokionez, Gipuzkoakoa da zifrarik altuena, %73,6ko okupazio maila baittu; Araban %72,7ra iritsi da (+%1,6) okupazio maila, eta Bizkaian, ordea, %70,6ra (+%1,3).

Langabeak

61.100 langabeetatik, emakumeak dira 31.700 eta gizonak 29.200. Horren arabera, gizonen langabezia tasa %1,5 beheratu da, %5,3ra iritsita; emakumeen kasuan, tasa %1,0 beheratu da, %6,1eko langabezia tasarekin.

Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten pertsonen kasuan 8.100 langabe gutxiago zenbatu dira, eta atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, 5.100 gutxiago.

Lurraldeka, Bizkaian izan da langabe kopuruaren beherakadarik nabarmenena, 6.800 pertsonarekin; hala, lurraldeko langabezia tasa %6,7an kokatu da, %1,3ko beherakadaren ondoren. Gipuzkoan 5.600 langabe gutxiago daude egun, %5,6ko langabezia tasarekin; Araban, 800 pertsonako beherakada izan da, eta langabezia tasa %4,1era jaitsi da.