• EKONOMIA
  • Laneko eskubideak defendatzeari buruzko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Laneko eskubideak defendatzeari buruzko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Laneko Iruzurraren Postontziaren bidez hamaika arau hauste antzeman dira aurten

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko abenduaren 3a - 12:47

Laneko iruzurra nahi baino ohikoagoa da, eta, ondorioz, langileen eskubideak bermatzea ahalbidetzen duten tresnak ezinbestekoak dira. Eusko Jaurlaritzak argi du hori, eta iruzurrari aurre egiteko baliabideak martxan baditu ere, kanpaina berri bat hasi du herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin.

 

Laneko iruzurrak orotarikoak izan daitezke. Enpresa batzuek aldi baterako kontratuen gehieneko epea gainditzen dute, beste batzuek sistematikoki eta behin eta berriz erabiltzen dituzte aldi baterako kontratazio mota desberdinak langile berberekin, eta beste batzuek ez dituzte aldizkako kontratu finkoak betetzen.

Horrelako arazoei aurre egitea du helburu kanpaina berriak, zeinak Laneko Iruzurraren Postontziaren berri emango duen. Postontzi telematikoak modu anonimoan salaketak jartzeko balio du, laneko eskubideak bermatuta ez dituztenek salaketa jartzera bultzatzeko xedea baitu. Kanpainak 'Lan egiteko eskubidea duzu. Eskubideekin lan egitea. Defenda itzazu' du izena, eta prentsa digitalean, pantailetan, irratian eta bestelako guneetan iragarriko da, jendeak postontzia ezagutu dezan; QR kode bat ere izango du, salaketa kanalean sartzeko aukerarekin.

 

Postontzia ez da tresna berria, are gehiago, urteak daramatza funtzionatzen, baina Jaurlaritzaren ustez ezinbestekoa da “aldi oro langile zaurgarrienei haien esku dauden tresnak helaraztea”. Tresnaren bitartez Lan Ikuskaritzak jarduketak egin izan ditu: 2023an 42, 2024an 58 eta 2025ean 117. Azken urtean bertan, jarduketa horietatik hamaika arau hauste eta 30 errekerimendu egin dira.

Hala ere, postontziak ez du zuzeneko erantzunik eskaintzen, eta ez du ziurtatzen zuzenean salaketaren gaineko ikerketa bat irekitzea, nahiz eta etorkizuneko ikuskapen jardueren plangintzan sar daitekeen. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du postontziaz harago badaudela bestelako aukera batzuk enplegatuek salaketak jar ditzaten: aurrez aurreko salaketa jartzea Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako bulegoetan; identifikazioa duten salaketa telematikoak; posta arruntez Laneko Probintzia Ikuskatzailera mezua idaztea…