Maderas de Llodioko langileak lanera itzuli dira gaur, 284 eguneko grebaren ondoren. Joan den ekainean, langileek enpresaren azken proposamena onartu zuten eta lan gatazka amaitu zen. Gauzak horrela, zuzendaritzak hasiera batean kaleratu asmo zituen beharginak lanera itzuliko dira.
Sindikatuek elkarretaratzea egin dute goizeko 05:00etan beharginen itzulera ospatzeko. Arabako enpresaren jabe den Garnicak 39 kaleratze egin asmo zituen, iaz abiarazitako enplegu-erregulazio espedientearen bidez. Maderas de Llodiok 150 langileko lantaldea du.
EAEko Auzitegi Nagusiak erregulazio espedientearen bitartez gauzatutako kaleratzeak “bidegabetzat” jo zituen, eta, hortaz, Garnica eta langile batzordeak negoziazioari ekin zioten berriro ere.
Sindikatuen arabera, greba eta mobilizazioen bidez eginiko presioaren ondorioz lortu dute kaleratzeak saihestea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta