Maderas de Llodio enpresako lan-gatazka amaitu da, langileek batzarrean enpresak aurkeztutako azken proposamena onartu ostean. Erabaki honekin amaiera eman zaio iazko irailaren 22an hasitako “260 egun baino gehiagoko greba eta mobilizazio etengabeari”, enpresa batzordeak azaldu moduan.
Langileen ordezkariek zehaztu dutenez, datozen egunetan prentsaurrekoa eskainiko dute zuzendaritzarekin adostutako akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Oraingoz, honakoa ez beste iragarri dute: “Soilik jakinarazi dezakegu langileek mahai gainean dagoen azken proposamena onartzea erabaki dutela, eta proposamen hori hilabete hauetan egindako mobilizazioaren ondorio zuzena da”. Hain zuzen ere, lortutakoa gatazka osoan zehar egindako presioaren eta antolakuntzaren emaitza dela azpimarratu dute. Hala ere, ELA sindikatuak jakinarazi du lortutako akordioari esker "2025eko urrian kaleratutako langileak berriz kontratatzea ekarriko" duela, "lanera itzultzea erabakitzen dutenentzat"; era beran, hitzarmenak "EREaren judizializatzearen amaiera ekarriko" duela iragarri du sindikatuak.
Gatazkaren jatorria iazko irailean Garnica multinazionalak planteatutako enplegu erregulazio espedientean dago; hasiera batean, 151 langileko plantilla batean 39 kaleratze aurreikusten zituen. Azkenean, murrizketak 35 langileri eragin zien, eta 2025eko urrian gauzatu zen. Ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratze horiek “bidegabetzat” jo zituen, eta horrek bi aldeen arteko negoziazio prozesua berrireki zuen.
Epai judizial horren ostean, enpresak eta sindikatuek elkarrizketak hasi zituzten berriro, baina, duela egun batzuk, zuzendaritzak “azken eskaintza” bat jarri zuen mahai gainean, eta astelehen honetan onartu du langileen batzarrak. Akordioak dimentsio zabalagoa ere baduela azpimarratu du batzordeak, borrokak Aiara eskualdeko enplegua eta industria defendatu dituela iritzita. Haatik, ELA sindikatuak adierazi du proposamenak ez zituela oro har asebetetzen greban zeuden pertsona askoren asmoak.