• EKONOMIA
  • Maderas de Llodioko kaleratzeak legez kontrakoak direla ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Maderas de Llodioko kaleratzeak legez kontrakoak direla ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Auzitegiaren aburuz, zuzendaritzak kaleratze espedientea ezartzeko eman zituen arrazoiak ez daude behar bezala egiaztatuta. Dena den, epaiak ez ditu kaleratzeak baliogabetzen

Maderas de Llodioko langileen manifestazio bat | Argazkia: ELA
Maderas de Llodioko langileen manifestazio bat | Argazkia: ELA
2026eko otsailaren 18a - 14:06

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bidegabetzat jo du Maderas de Llodio enpresako zuzendaritzak abian jarritako enplegu erregulazio espedientea. 39 kaleratze egin zituen Garnica taldeak, eta azken hilabetetan greba eta mobilizazio ugari egin dituzte langileek neurri horren aurka. Hala, joan den otsailaren 10ean auzia epaitegira iritsi zen, eta gaur egin dute publiko ebazpena.

 

ELAk eman du auzitegiaren erabakiaren berri. Garnicak aurkeztutako espedientea ez datorrela bat zuzenbidearekin ondorioztatu du epaitegiak. Aitzitik, ebazpenak ez ditu zertan kaleratzeak baliogabetzen. Hots, auzitegiaren aburuz, zuzendaritzak kaleratze espedientea abiatzeko eman zituen arrazoiak ez daude behar bezala egiaztatuta.

Sindikatuak adierazi du beti defendatu dutela ez zegoela ekoizpen edo antolakuntzako arrazoirik 39 langile kaleratzeko, eta argitu du epaiaren edukia “sakon” aztertuko duela. Halaber, eskatu du langile horiek berriz onartuak izateko eskubidea dutela.

 

Langile batzordeak bihar 12:00etan agerraldia egingo du ebazpenaren gaineko balorazioa egin eta hurrengo erabakiak zeintzuk izango diren azaltzeko.