• ENPRESAK GAUR
  • Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektiboa iragarri du

Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektiboa iragarri du

Oraindik ezjakina da zenbat langile kaleratu nahi dituen enpresak

Maderas de Llodioko lantegia | Argazkia: Europa Press
Maderas de Llodioko lantegia | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 3a - 13:52

LAB sindikatuak aditzera eman berri du Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektibo bat egiteko prozesua martxan jarriko duela. Oraingoz, behintzat, egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten dituen enpresako zuzendaritzak ez du zehaztasun askorik eman, ez kaleratzeei buruz, ez beste inolako neurriri buruz.

 

Uztaileko azken asteetan hitzarmenaren negozio-prozesuan zeuden, eta sindikatuak jakinarazi duenez, prozesuan “aurrera egiten” ari ziren. Irailaren 1ean, ordea, zuzendaritzak “dinamika hautsi” eta langileen kaleratze kolektiboaren aldeko apustua egin zuen.

Sindikatuak erabakia onartezina dela salatu du, “lan harremanetan egon behar den gutxieneko formaltasuna urratzen duelako”, eta prozedura bertan behera geratzea eskatu du. Laudioko (Araba) lantegian lanean ari diren 151 enplegatuek batzar bat egingo dute datozen egunetan zehar, batetik, zuzendaritzari erantzuna emateko, eta, bestetik, plantilla bera informatuta mantentzeko.

 

Garai txarra izaten ari da Laudioko enpresa sektorearentzat, Maderas de Llodiokoak ez baitira kaleratze kolektiboa pairatu duten bakarrak. Guardian Glass enpresako 171 kaleratu zituzten apirilean, urtarrilean lantegia itxiko zela iragarri ondoren.