
Laudioko Guardian Glasseko langile gehienek kaleratzeak onartu dituzte. Urtarrilaren 21ean iragarri zuen zuzendaritzak lantegia itxi egingo zela, antza labeak instalazioen segurtasunean eragiten zuelako. Egun gutxi pasa ondoren itzali zuten lantegiko labea.
Asteazkenean, langileen eta zuzendaritzaren artean akordiorik lortu gabe, amaitu egin zen erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko denbora. ELA eta LAB sindikatuek langileei eskaintza ez onartzeko aholkatu zieten eta auzitegietara joateko prest agertu ziren, baina, azkenean, ez da hala izan. Zenbait elkarretaratze eta mobilizazio egin ostean, zuzendaritzak eginiko proposamena onartu dute enplegatuek.
Kaleratutako 171 langileek 45 eguneko kalte ordainketa jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 33 hilabetez. Aitor Peral LABeko ordezkariak adierazi du enpresari “oso merke” atera zaiola langileak kaleratzea.