
Guardian enpresako Laudioko (Araba) lantegiko langileak Bilbon bildu dira, Spriren egoitzaren aurrean, azaltzeko enpresa multinazionalak “nahi zuen momentuan eta nahi zuen moduan” gelditu zuela labea. Urtarrilaren hasieran jakinarazi zien kaleratutako 171 langileei fabrika itxi egingo zela, eta urtarrilaren 29an bertan hasi ziren fabrikako labea hozteko prozesuarekin.
Langileak kezkatuta agertu dira, Eusko Jaurlaritzak iragarri arren enpresan interesa zuten inbertsoreak zeudela, “gaur egun mahaigainean ez dagoelako ezer, kaleratzeak ez beste”.
Guardian “errudun” eta Jaurlaritza “erantzule” dela gaineratu dute, eta, aldi berean, Aiaraldeako enplegua babestearen garrantzia azpimarratu dute langileek. Azaldu dutenez, aurrerantzean mobilizatzen jarraituko dute, enplegua eta lantegiko jarduera defendatzeko helburuarekin.