• EKONOMIA
  • Langabe, afiliatu zein kontratu gehiago erregistratu dira urrian Hego Euskal Herrian

Langabe, afiliatu zein kontratu gehiago erregistratu dira urrian Hego Euskal Herrian

Urrian 2.316 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn eta 719 Nafarroan, baina Gizarte Segurantzako afiliazioak ere gora egin du bi lurraldeetan

Lanbideren bulego bat | Argazkia: Europa Press
Lanbideren bulego bat | Argazkia: Europa Press
2026ko azaroaren 4a - 11:17

Hego Euskal Herriko bi lurraldeetan gora egin du langabeziak urrian. EAEn, irailean baino 2.316 langabe gehiago zenbatu dituzte Lanbiden, eta Nafarroan, berriz, 719 gehiago. Guztira, 142.645 pertsona zeuden lan bila urriaren amaieran: 111.553 EAEn eta 31.092 Nafarroan. Iazko hilabete berarekin alderatuta, langabezia %3,67 handitu da EAEn, 3.944 pertsona gehiagorekin; Nafarroan, berriz, 2.133 langabe gehiago daude, %7,4ko igoerarekin.

 

Bi lurraldeetan emakumeak dira langabe gehienak: 64.066 EAEn eta 18.837 Nafarroan. Urte arteko bilakaerari erreparatuta, ordea, gizonen langabezia gehiago hazi da. EAEn langabezia %5,36 handitu da gizonen artean, eta emakumeen artean %2,44; Nafarroan, berriz, %11,4 eta %4,9, hurrenez hurren. Adinari dagokionez, langabeziak gora egin du talde guztietan, bereziki 30 urtetik beherakoen artean EAEn eta 20 eta 24 urte bitartekoen artean Nafarroan.

Langabeziaren gorakadarekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazioak ere hazkundea izan du. EAEn 1.056.141 kotizatzaile zenbatu dituzte urrian, irailean baino 14.524 gehiago (%1,39). Nafarroan, berriz, 331.146 afiliatu izan dira urrian, aurreko hilean baino 4.469 gehiago (%1,4). Urte arteko datuek ere bilakaera positiboa erakusten dute: EAEn ez dute konparazio hori zehaztu, baina Nafarroan 12.295 afiliatu gehiago daude iazko urriarekin alderatuta (%3,9ko igoera). Nafarroan, gainera, nekazaritzan (%8,1), zerbitzuetan (%4,7) eta industrian (%2) handitu da afiliazioa; eraikuntzan ez da aldaketarik izan.

 

Kontratazioak ere gora egin du bi lurraldeetan, nahiz eta aldi baterako kontratuek pisu handia izaten jarraitzen duten. EAEn 76.853 kontratu erregistratu dituzte urrian, iaz baino %3,1 gehiago. Horietatik soilik 21.502 izan dira mugagabeak, nahiz eta iaz baino %17,3 gehiago izan diren. Nafarroan, berriz, 30.162 kontratu egin dituzte, iazko urrian baino %6,6 gehiago. Gehienak aldi baterakoak izan dira (23.723), eta 6.739 mugagabeak; azken horien kopurua %8,3 handitu da urtebetean.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain