
Aste Santuak eraginda, langabe kopuruak behera egin du apirilean Hego Euskal Herrian. Lanbidek eta SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako datuen arabera, iazko apirileko datuekin alderatuz, 2.742 langabe gutxiago (%2,50) zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, aldiz, iazko hilabete berean baino 750 langabe gutxiago (%2,48) zenbatu dituzte.
Martxoaren aldean, 1.503 langabe gutxiago izan dira apirilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 48.770 kontratzio berri egin dira, horietatik %24 mugagabeak. Nafarroan, 967 langabe gutxiago zenbatu dira azken hilabetean, eta 19.587 lan kontratu berri sinatu dira, 4.505 mugagabeak izan direlarik.
Denera 1.338.032 pertsona zeuden izena emanda Gizarte Segurantzan Hego Euskal Herriko bulegoetan, martxoan baino 7.420 gehiago eta 2024ko apirilean baino 16.142 gehiago.