• EKONOMIA
  • Lan merkatua egonkortzen ari dela dio Jaurlaritzak, iaz baino langabe gutxiago baitaude

Lan merkatua egonkortzen ari dela dio Jaurlaritzak, iaz baino langabe gutxiago baitaude

Lan merkatuak joera positiboa sendotu du, kontratu mugagabe gehiagorekin

Alfonso Gurpegui sailburuordea | Argazkia: Irekia
Alfonso Gurpegui sailburuordea | Argazkia: Irekia
2026eko otsailaren 3a - 11:06

Urteari hasiera ematen dion hilabeteak datu baikorrak eskaini ditu enpleguari eta lan merkatuari dagokionez. Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordeak eman ditu 2026ko urtarrileko datuak, eta, oro har, azpimarratu du lan merkatuak "eredu egonkorragoa" finkatu duela. Izan ere, EAEn langabeziak behera egin du azken urtean, 1.221 pertsona gutxiagorekin, nahiz eta urtarrilean 706 langabe gehiago zenbatu diren aurreko hilarekin alderatuta. Datu horren arabera, guztira 108.140 pertsona daude lanik gabe. Urtarrileko datuak Gabonen ondorengo ohiko urtarokotasunarekin bat datoz, baina langabeziaren urte arteko %1,12ko jaitsierak lan merkatuaren "etengabeko hobekuntza" berresten du.

 

Sektoreen arabera, hileko bilakaeran langabeziak gora egin du zerbitzuetan eta aurretik enplegurik ez zutenen artean, baina jaitsierak izan dira eraikuntzan, industrian eta lehen sektorean. Nolanahi ere, urtarrileko igoera hori azken hemezortzi urteetako txikiena izan da. Bestalde, urte arteko datuek erakusten dute langabezia gutxitu egin dela hiru lurralde historikoetan eta hiriburu nagusietan.

Kontratazioari dagokionez, enpleguaren kalitateak hobera egiten jarraitzen duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Urtarrilean 59.267 kontratu sinatu ziren, eta horietatik %25,3 mugagabeak izan ziren, gorakada izanik hiru lurraldeetan. Kontratu egonkorren pisua handitu da bai hilean, bai urtean, eta behin-behinekotasunak eta lanaldi partzialak behera egin dute. Sektoreka, kontratazio berrietan manufaktura industria, hezkuntza eta eraikuntza izan dira dinamikoenak. Aldiz, ostalaritzak, administrazio jarduerek eta informazio eta komunikazioek kontratu gutxiago erregistratu dituzte abenduarekin alderatuta. 

 

Gizarte Segurantzako afiliazioak ere urtarrileko beherakada izan du, abenduko errekorraren ondoren, baina urte arteko balantzea positiboa da, ia 10.000 kotizatzaile gehiago baitaude duela urtebete baino. Gainera, langabeziaren iraupena laburtzen ari da: iraupen laburreko zein luzeko langabezia jaitsi egin dira urte arteko konparazioan. Jaurlaritzak horrela laburbildu ditu dautok: "Eredu sendoago, orekatuago eta kalitate handiagoko enplegura bideratuago dagoen lan merkatu bateratz doa EAEkoa".